Izarraizko Bira mendi ibilbidea egiteko seinaleak egokitu eta mapa egin du Iraurgi Berritzenek

Maxixatzen.eus 2020ko uzt. 1a, 14:54
Mikel Arregi, Javier Zubizarreta eta Nagore Alkorta alkateak, Izarraizko Biraren aurkezpenean. (Iraurgi Berritzen)

Ibilbide zirkularra homologatu eta seinaleztatu du garapen agentziak, herritarrek Izarraizko eremu naturalean aisialdiaz eta turismoaz gozatzeko aukera izan dezaten. Azkoitiko Balda plazatik, Azpeitiko Izarraizko Atea parketik nahiz Zestoako Portaletik has daiteke PR GI-214 izeneko ibilbidea, eta gune horietan informazio panelak jarri dituzte.

Izarraizko Bira izeneko ibilbide zirkularraren seinaleak egokitu eta mapak egin ditu Iraurgi Berritzenek, eta gaur aurkeztu dute materiala Javir Zubizarreta Azkoitiko alkateak, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta Mikel Arregi Zestoako alkateak. Herritarrek Izarraitz eremu naturalean aisialdiaz eta turismoaz gozatzeko aukera izan dezaten, Izarraitz mendikate osoari magalaren erdialdeko altueran bira osoa ematen dion ibilbide zirkularra homologatu eta seinaleztatu du garapen agentziak.

PR GI-214 izeneko ibilbidea Azkoitiko Balda plazatik, Azpeitiko Izarraizko Atea parketik nahiz Zestoako Portaletik has daiteke, eta gune horietan informazio panelak jarri dituzte. Horrez gain, denborak eta distantziak jakinarazten dituzten geziak jarri dituzte ibilbide guztian zehar, baita marka horiak eta zuriak ere. Gainera, distantziari eta kartografiari buruzko mapa teknikoak osatu dituzte, eta turismo mapan sartu dute Izarraitzi buruzko informazio osatua.

Ingurunea, aisialdia eta turismoa lotzeko eskualde ikuspegiarekin gauzatu dute Izarraizko Bira proiektua, eta segmentu desberdinetara bideratutako turismo eskaintza garatzeko estrategiaren barruan sartu dute. Izan ere, bi helburu ditu proiektuak: herritarrei aisialdirako beste aukera bat ematea eta turismoa erakartzea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide