Udako aisialdi ekintzak eta robotika ikastaroa, martxan

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 29a, 13:26

'Uda Haur eta Nerabeekin' egitasmoa eta robotika ikastaroa gaur hasi dituzte haur eta gazte azkoitiarrek. 

Gaur, astelehena, hasi dute Uda Haur eta Nerabeekin egitasmoa, Udazblai udalekuen ordez antolatu diren aisialdiko ekintzen programari, alegia. COVID-19a dela eta, urteroko eskaintza alde batera utzi behar izan dute, baina 138 haur eta gaztetxok parte hartuko dute egitasmoan. HH4 eta LH6 bitartekoak dira 110 neska-mutil, eta DBH1 eta DBH4 artekoak, 28. Horiekin batera zortzi hezitzaile edo begirale arituko dira.

Lehen egunean altxor bila ibiltzea tokatu zaie herriko txikienei, eta Azkoitiko txoko ezberdinetan barrena ibili dira arrastoen bila. Protokoloak markatuta bezala, ekintzekin hasi aurretik begiraleek tenperatura hartu diete partaide guztiei; maskara ere jantzi dute neska-mutilek, osasun neurri guztiak bermatzeko. Ludotekaren Uda Haurrekin eta Topalekuaren Uda Nerabeekin programak uztailaren 18a bitartean egongo dira martxan.

Robotika ikastaroa

Aisialdiko ekintzekin batera, gaur hasi da Azkoitiko Udaleko Gazteria sailak antolatutako robotika ikastaroa. Hamar neska-mutilek parte hartu dute lehen saioan. Gaztetxoak "teknologiara hurbiltzea eta zaletasuna sortzea" dira egitasmoaren helburu nagusiak. Ostiralera bitartean 09:30etik 13:30era izango dituzte saioak. Azken egunean, gainera, parte hartzaileek beren gurasoak gonbidatuko dituzte astean zehar egindako lanak haiei erakusteko. 

Argazkiak: Azkoitiko Udala

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide