Herritarrak odola ematera animatu dituzte, udako kanpaina aurkeztearekin bat

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 27a, 09:30
Maite Peña eta Sabin Urzelai. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak odola emateko 55. kanpaina jarri du martxan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Udan odola emateko hainbat saio egingo dituzte eskualdeko herrietan. Azkoitian, uztailaren 13an, abuztuaren 10ean, abuztuaren 31n eta irailaren 21ean egingo dituzte ateraldiak. 

Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak martxan jarri du odola emateko kanpaina. Hala iragarri dute elkarte horretako lehendakari Sabin Urzelaik eta Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako diputatuak. Besarkaden zain, besoen beharrean izenburua jarri diote 55. kanpainari, eta Gipuzkoako herritarrei dei egin diete odola ematera anima daitezen. "Odola ematea, denon eskubidea ez ezik, denon erantzukizuna ere bada", azaldu dute. Odol bankuak 1.244.000 odol emate jaso ditu bere ibilbideko 55 urteetan, eta Urzelairen arabera, urrian 1.250.000 odol ematera iristea da helburua.

Elkarteak 18.000 odol emaile "aktibo" ditu, eta urtean 30.000 poltsa jasotzen dituzte, gutxi gorabehera, Gipuzkoan. Urzelaik adierazi duenez, elkartea lehen urratsak egiten hasi zenean, duela 55 urte, apenas jasotzen zituzten urtean 200 poltsa. Horregatik, urte hauetan guztietan lortutakoa "oso garrantzitsua" da, haren ustez. "Hala ere, gipuzkoarren elkartasuna beharrezkoa da, erreserba mailei eusten jarraitzeko aukera izan dezagun, eta horrela, behar dugunean, transfusio bat jasotzeko denok dugun eskubidea berma dadin".

Peñak, berriz, bere esker ona agertu du elkarteak egiten duen lan "nekaezin eta ezinbestekoagatik", eta azpimarratu du garrantzi handikoa dela haren kontzientziazio eta sentsibilizazio lanari laguntzen jarraitzea. "Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak 55 urte daramatza transfusio bat jasotzea denon eskubidea dela gogorarazten, baina eskubide horrek erantzukizun bat dakar berarekin".

Segurtasuna, bermatuta

COVID-19 gaitzak eragindako osasun larrialdi egoeran, segurtasun neurriak indartu dira odola ematerakoan, Urzelaik azaldu duenez. "Bermatuta dagoe odol ateratzeak segurtasun osoz egiten direla, bai odol emaileentzat, bai horiei laguntzen dieten osasun langileentzat. Elkartea 600 biztanletik gorako herri guztietara joan ohi da aldian-aldian, eta egoera honetan ere hala egiten jarraitzen du. Dena den, orain, segurtasun neurriak indartzeaz batera, beharrezkoa da aurretiaz hitzordua eskatzea".

Kanpaina berriaren aurkezpenak bat egin du aldundiak antolatutako odol emate saioekin. Badira hamazazpi urte elkarteak aldian aldiko saioak antolatzen dituela, eta erakundeko langileek "oso erantzun ona" ematen dute. Hori horrela, Peñak eta Urzelaik langileen elkartasuna eskertu dute, eta Gipuzkoa osora zabaldu dute deia. Azkoitian, uztailaren 13an, abuztuaren 10ean, abuztuaren 31n eta irailaren 21ean egingo dituzte ateraldiak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide