Luka izan zen iaz Azkoitiko jaioberrien artean izenik arruntena

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 26a, 08:00

2019an 91 neska-mutil jaio ziren Azkoitian, 49 neskato eta 42 mutiko. Guraso azkoitiarrek hainbat izen errepikatu zituzten iaz, baina gehien errepikatutakoa Luka izan zen.

Azkoitiko Bake Epaitegiak Maxixatzen.eus-i emandako datuen arabera, Luka da 2019an Azkoitian jaiotako haurren artean izenik arruntena. Guztira, 91 haur jaio ziren iaz Azkoitian —2018an baino 17 gehiago— eta horietatik 49 izan ziren neskak eta 42 mutilak. 

42 mutil (jaioberrien %46,2) horien artean gehien errepikatu den izena Luka izan zen. Azkoitiko gurasoek hiru aldiz errepikatu zuten Luka izena 2019. urtean. Horrez gain, bi aldiz errepikatuta ageri dira Aiur, Mattin eta Iker izenak.

49 neska jaioberrien (%53,8) artean, berriz, Azkoitiko gurasoek Noah, Maddi, Retaj, Xune, Jare, Malen eta Jule izenak jarri zizkieten jaioberriei; horiek birritan errepikatuta ageri dira Bake Epaitegiak emandako datuen arabera.

Hori horrela, 2019an Azkoitiko gurasoek neskei zein mutilei errepikatutako izenak 11 izan ziren orotara. Errepikatu gabeko izenak, berriz, 68 izan ziren.

2018ko datuak

2018. urtean 2017an baino 41 neska-mutil gutxiago jaio ziren Azkoitian. Izan ere, 74 haur jaio ziren 2018an eta 115 izan ziren 2017. urtean jaiotakoak. 2018ko 74 jaioberrietatik 41 mutilak izan ziren eta 33 neskak. Horietatik hiru izen errepikatu zituzten, gainera, guraso azkoitiarrek: Aner izena hiru aldiz errepikatuta agertzen da, eta bi aldiz Noa eta Mikel. Gainerako 67 jaioberrien izenak errepikatu gabekoak izan ziren 2018. urtean. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide