Anarik disko berria grabatu du Thalia Zedekekin

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 25a, 11:21
Anari eta Thalia Zedek.

Thalia Zedek abeslari amerikarraren Ladder abestia moldatu eta euskarara ekarri du Anarik. Diskoa kalean da dagoeneko.

Anari eta Thalia Zedek abeslariek 2019ko urrian ekin zieten Bonbereneako estudioan abesti berriak grabatzeko lanei, Karlos Osinagaren laguntzarekin. Ondoren, hainbat kontzertu jo zituzten elkarrekin, tartean, Azkoitiko Matedeixen. Modu horretan, Coupages #04 diskoa grabatu dute, Bidehutsekin elkarlanean, eta salgai dago dagoeneko sarean eta dendetan. 

Bestalde, artista azkoitiarrak Zedek abeslari eta gitarra jotzaile amerikarraren Ladder (Harriak) kantuaren euskarazko bertsioa egin du Coupages #04 osatzeko. "Niretzat egin dezakedan onena da euskaraz egitea: nire kantuei euskara ematea, eta euskarari nire kantuak. Nire erroak Americana estiloan daude, baina kulturalak edo hizkuntzarenak, euskaran. Gu bien nahasketa gara", azaldu du Anarik. Ladder abestia Bidehutseko Bandcamp gunean dago osorik entzungai

Ondoko bideoan azken lana nola hasi zen azaltzen dute egileek:

Anarik proposatu zion Zedeki kontzertu oso bat edo zerbait elkarrekin egiteko nahia, eta amerikarrak gustura jaso zuen haren gonbita: "Ederra da norbaiten gonbidapena jasotzea eta haren musika munduaren parte bihurtzea. Asko gustatzen zait elkarlana", dio Zedekek. Joan den urteko urrian, esaterako, lau kontzertuko bira eskaini zuten elkarrekin. Anari Bandarekin bi abeslarien kantuak tartekatu zituzten kontzertuetan, hau da, talde bakarra balitz bezala aritu ziren.

 

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide