X. Erniarraitz bertso txapelketari berrekingo diote uztailean

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 25a, 11:55
2018ko txapelketako saioa, Azkoitian.

Azkoitiko saioa uztailaren 3an jokatuko dute, 22:00etan, Kultur Etxeko areto nagusian. Sei bertsolarik parte hartuko dute, tartean Julene Iturbe azkoitiarrak.

Erniarraitz bertsozale elkarteak antolatutako bertsolari gazteen txapelketa bueltan da. Bi urtez behin antolatzen du Erniarraitzek bertsolari gazteen txapelketa, eta aurtengoa X. edizioa du. Martxoaren 1ean hasi zen txapelketa Errezilen jokatutako kanporaketarekin. Orduan Maider Arregi izan zen irabazlea, eta finalera zuzenean sailkatzea lortu zuen.

Konfinamenduaren ondorioz, ordea, beste bi kanporaketak eta finala jokatu gabe gelditu ziren martxoan. Orain, egungo egoerak ahalbidetzen duelako, bertsozale elkarteak txapelketa berrekitea erabaki du; Errezilen jokatutako lehen kanporaketa kontutan hartuko dute. Uztailaren 3an eta 10ean jokatuko dituzte falta diren bi kanporaketak.

Uztailaren 3an, ostirala, Azkoitiko Kultur Etxeko areto nagusian jokatuko dute kanporaketa, 22:00etan. Julene Iturbe bertsolari azkoitiarrak, Ane Zuazubiskarrek, Asier Galarza Muxi-k, Oier Etxeberriak, Markel Eizagirrek eta Imanol Albisuk parte hartuko dute Azkoitiko saioan. Uztailaren 10ean, berriz, Zestoako Kultur Etxean jokatuko dute azken saioa, 22:00etan. Jon Gurrutxagak, Iker Letamendiak, Eli Pagolak, Irati Alcantarillak, Aroa Arrizubietak eta Mikel Iturriotzek jokatuko dute Zestoako kanporaketa. Finala, berriz, uztailaren 17an jokatuko dute Azpeitiko Gaztetxean, 22:00etan.

Hiru saioetarako sarrerak egunean bertan eskuratu ahal izango dira, beti ere, aretoen edukieraren %60a bete arte. Segurtasun neurriak direla-eta, bertsozale elkarteak gogorarazi du entzuleek maskararekin egon beharko dute aretoetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide