Erremontista

Iban Larrañaga: "Nire ibilbideko garairik onenean nago orain"

Iban Larrañaga.

Iban Larrañaga (Azkoitia, 1992) erremontista azkoitiarra une gozoa ari da bizitzen Galarretan. 2019. urtearen amaieran binakako txapela jantzi zuen Javier Urrizarekin batera, eta orain garaipenarekin hasi du Galarretaren 50. Urteurrenaren Txapelketa. Bihar, zapatua, jokatuko du bigarren jardunaldiko partida.

Galarretaren 50. Urteurrenaren Txapelketa ari zara jokatzen. 

50 urte bete dira Galarreta pilotalekua ireki zutenetik eta hura oroitzeko txapelketa da gu jokatzen ari garena. Joan den ostegunean aurkeztu zuten txapelketa eta zapatuan hasi ginen lehen jardunaldiarekin. Gure aurretik beste bi bikotek elkarren aurka jokatu zuten; gero iritsi zen Ansa II.aren eta nire txanda. Oriamendi 2010 enpresak ETBrekin hitzarmena egin du txapelketa zuzenean eskaintzeko eta zapaturo emango dituzte telebistaz bi partidak. 

Irabazita hasi duzue, gainera. Partida gogorra jokatu al zenuten?

Egungo bi erremontista onenak Urriza eta Barrenetxea IV.a dira. Bi horiek dira menperatzeko arerio zailenak. Guri joan den zapatuan Barrenetxea IV.aren aurka jokatzena egokitu zitzaigun, baina nahikoa erraz irabazi genuen; gustura gelditu ginen. Ansa II.arekin ondo moldatzen naiz, bikote orekatua osatzen dugula esango nuke.

Etenaldi luze baten ondoren bueltatu zarete Galarreta pilotalekura. Zer nolako sentsazioekin itzuli zara?

Bi hilabete egon gara pilotarik ukitu gabe, eta hori gertatzen denean giharrak-eta bigundu egiten dira. Halere, sentsazioak onak dira. Txapelketan hasi aurretik hilabete bat egin dugu entrenatzen. Bakarrik hasi ginen lehendabizi eta binaka gero. Erremontean jokatuta besoan sufritzen da gehien, goiko posturatik jokatzen asko kargatzen baita. 

Koronabirusa agertu aurretik maila onean zinen. Zure ibilbideko momenturik onena al da?

Nire ibilbideko garairik onenean nago orain, baina ez dut uste oraindik goia jo dudanik; pixkanaka beti ere hobetzen joatea da nire asmoa. Bi aldiz parte hartu dut binakako txapelketan, bietan Javier Urrizarekin, eta iaz irabazi egin genuen. Zoragarria izan zen.

Horrelako garaipenek aurrera egiteko ere indarra ematen dute, ezta?

Bai, sekulako indarra ematen du. Gogoa handitu egiten txapela jantzitakoan. Gainera, balio izan zidan ikusteko maila pixka bat badudala. Entrenatzen jarraitzeko ere beste poz bat izaten da.

Gero pilotalekuak utzi eta etxean egon beharra etorri zen. Luze joan al da?

Bai, luze joan da. Koronabirusa agertu zenean Sagardoaren Txapelketa jokatzen hasi berriak ginen. Ansa II.arekin jarri ninduten orduan ere, eta lehen jardunaldia jokatua genuen. Halere, gero eta bertan behera gelditu zen txapelketa. Maila onean nengoela esango nuke, eta horri eusteko etxe inguruan mendi buelta batzuk eta lan saio batzuk egin nituen. 

Itzuli zarete orain pilotalekuetara, baina ez betiko moduan. Zer neurri bete behar izaten dituzue?

Pilotalekura maskara jantzita eramatea nahitaezkoa dugu bai pilotariok eta bai ikusleek. Sartzerakoan tenperatura hartzen digute erremontista guztiei eta gel hidroalkoholikoarekin garbitu behar izaten ditugu eskuak. Bakoitzak bere materiala erabiltzen du kantxan, eta horretan ez dugu arazorik izaten. Edariak-eta bakoitzak berea eraman behar izaten du. Protokolo zorrotza dugu.

Beste berrikuntza bat ere baduzue: kasko gaineko kamera. 

Neuk oraindik ez dut probatu zer den kasko gainean kamera eramatea. ETBk egindako proposamena izan da. Urte eta erdian edo ibili dira probak egiten, eta joan den zapatuan jarri zuten lehendabizikoz kamera hori. Barrenetxea IV.a ibili da probak egiten; 30 bat entrenamendu inguru egin ditu kamera probatzeko. Asmoa da atzelariek bakarrik eramatea kaskoa, atzelarien lekutik jokoa hobeto jarraitzen delako. Ikusiko dugu zertan gelditzen den. 

Jokatzen ari zareten txapelketara itzulita, zerbait garrantzitsua lortzeko moduan ikusten al duzu zeure burua?

Bai. Hasiera batean eta izenei erreparatuta geu izango gara bikote xumeena, baina uste dut joan den zapatuan nahikoa erakutsi genuela. Bikote guztiei ezustekoa emateko gai gara. 

Zergatik eta noiz erabaki zenuen erremontean hastea?

18 urtera arte esku pilotan jokatu nuen. Eskuetatik asko sufritzen nuen pilotan, eta aurrera egiteko aukerarik ere ez nuen ikusten. Lagunekin eta ezagunekin Galarretara joaten hasi nintzen, eta gustatu egin zitzaidan. Azpeitiko Pilota Eskolan Pello Aizpuru ibiltzen zen erremontea irakasten, eta harekin hasi nintzen ikasten, 2010ean. Afizionatuetan Galarretan jarraitu nuen entrenatzen. Txapelketa batzuk ere jokatu nituen eta GRAUN txapelketa irabazi nuen. 2013ko maiatzean egin nuen debuta profesional mailan.

Zer da zuretzat erremontea?

Erremontea bizitzeko modu bat da niretzat; asko bizi dugu jokatzen dugunok. Guretzat munduan dagoen kirolik ederrena da, nahiz eta ez duen jende asko mugitzen. Probatzen edo ikusten duenari beti gustatzen zaio erremontea. Gainera, zenbat eta gehiago jokatu, katigatu egiten da. Hitz batean azaltzeko, erremontea abiadura dela esango nuke.

Zein izan da zuretzat erreferentea?

Ni hasi nintzenean San Miguel zen atzelarien artean onena Galarretan; ikusgarria zen hura. Koteto Ezkurra ere ikaragarria izan da, baita Miguel Mari Urrutia. Erreferente asko izan ditut.

Nola ikusten duzu erremontea barrutik?

Erremontista ohi batzuek Galarreta berritu eta Oriamendi 2010 enpresa sortu zuten. Ordurako erremontea jota zegoela esango nuke, baina talde berri horrek berriz ere gora ekarri zuen. Urteetan nahikoa maila baxuan egon da, hori bai. ETBrekin egindako hitzarmenarekin-eta ea pixka bat suspertzen den. Galarreta lehen apostuetatik bizi zen, eta orain jokoa asko jaitsita dago. Halere, ate asko ari dira jotzen eta ea urte askoan segitzeko modua egiten dugun. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide