Munategiko biribilgunea egiteko lanak esleitu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 23a, 12:12
Munategin biribilgunea egingo duten eremua.

Excavaciones Peru enpresak egingo ditu biribilgunea eta ingurua egokitzeko lanak. Lanak lau hilabetean gauzatzea aurreikusten du Aldundiak, baina ez du jakinarazi noiz hasiko dituzten. Lanok eginda, Munategi parean ordu jakinetan sortzen diren auto ilarak saihestuko direla adierazi du erakundeak.

Gipuzkoako Foru Aldundiako Diputatuen Kontseiluak joan zen ekainean onartu zuen Azkoitia eta Azpeitia artean dagoen Basarte poligonoaren bidegurutzean biribilgunea egiteko proiektua, eta dagoeneko esleitu ditu lanak. Excavaciones Peru enpresak egingo ditu lanok, eta obraren aurrekontua 411.268,65 eurokoa (BEZ barne) izango da. Lanak lau hilabetean gauzatzea aurreikusten du Aldundiak, baina ez du jakinarazi noiz hasiko dituzten.

Biribilgunea eginda eta ingurua egokituta, Munategi parean ordu jakinetan sor daitezkeen auto ilarak saihestuko direla adierazi du erakundeak, "puntu beltza" izanik segurtasuna bermatu nahi duelako. Biribilguneaz gain, gunea oinezkoentzat ere egokituko dute; izan ere, gaur egun inguru horretan ez dago zebrabiderik. Gainera, autobusentzat ere egokituko dute eremua, gaur egun errepidetik atera behar izaten dutelako horiek geldialdia egiteko, eta Azpeitirakoan, Txerloiko biribilgunera joan behar izaten dutelako buelta hartzera.

Azkoitiko Udalak azaldu duenez, foru erakundeak "aurki" emango dio erantzuna Azpeitiko nahiz Azkoitiko udalen eta Basarte industrialdeko enpresen eta langileen eskaerari.

Gipuzkoako Foru Aldundiak iazko martxoan jakinarazi zuen Basarteko bidegurutzean biribilgunea egingo duela.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide