Pedro Alkorta: "Azkoitiarrek maite dute San Martingo erlojua"

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 24a, 08:31
Pedro Alkorta, San Martinen.

San Martingo erlojua 1859an jarri zuten Jose Manuel Zugastik eta Faustino bere semeak; Bilboko Areatzako ordularigileak ziren aita-semeak. Ordulariak lehen urteetan alde bakarra zuen, baina duela ehun urte inguru ermitako dorrearen beste hiru aldeetan ere erlojuaren esferak jarri zituzten. Azken hemeretzi urteetan, berriz, Pedro Alkorta (Azkoitia, 1956) arduratzen da San Martin ermitako erlojuan mantenu lanak egiteaz. Hasierako urteetan hainbat zailtasun izan bazituen ere, orain ordulariak ondo funtzionatzen duela dio azkoitiarrak. Bere egitekoak zeintzuk diren azaldu du Alkortak, ermitan bertan.

Noiz hasi zinen erlojugintzan?

Aitarekin hasi ginen anaia eta biok. 50eko hamarkadaren hasieran hasi zen aita erloju dendan lanean. Anaia ere erlojugintzan hasi zen, eta ni ere bai gero. 14 edo 15 urterekin egin nituen nire lehen lantxoak. Oroitzen naiz erlojuaren ardatzak-eta zorrozten ibiltzen nintzela. Handik aurrera bideari eutsi nion, eta oraindik ere erlojugintzan jarraitzen dut.

Eta San Martingo erlojuaren mantenu lanak egiten noiz hasi zinen?

2001. urtean hasi ginen nire anaia eta biok. Orain neu bakarrik etortzen naiz.

Nola sortu zitzaizun lan horretan hasteko aukera?

Udaletik jaso genuen deia. Erlojua gelditu egin zen, eta ez zuten martxan jartzen asmatzen. Hemen inguruan ez zegoen inor erlojuaren mantenu lanak egiteko, eta mesedez eskatu ziguten ardura hartzeko. Hasi ginenean guztiz nahastuta aurkitu genuen: erlojuaren orratzak burdinezkoak ziren eta guztiz erreta zeuden, oreka galduta. Orratzari igotzea egokitzen zitzaionean indarra alde batera egiten zuen, eta beste aldera hasten zenean, beheraka joaten zen. Haizeak ere eragina zuen. Horregatik, ordulariak ez zuen behar bezala funtzionatzen. Ermitaren fatxadan obrak egin zituztenean, orratzak aldatu eta herdoiltzen ez zen altzairuzkoak jarri zituzten. Horiek orekatu eta behar bezala jarri zituzten. Desorekan 300 edo 400 gramoko aldea zegoen, pentsa. Erlojuaren motorra garbitu gabe aurkitu genuen, eta hura txukuntzen ere aritu ginen. Horrela lortu genuen ordularia berriz martxan jartzea.

Zer da gaur egin duzuna?

Ordulariari korda edo soka eman diot gaur, eta gero orduan jarri dut. Astearteetan eta ostiraletan etortzen naiz San Martingo ermitara erlojuari korda ematera. Bi pisu ditu ordulariaren motorrak soka banarekin lotuta. Ez dakit zehazki zenbat pisatuko duten, baina batek 300 kilo inguruko pisua du, eta besteak 100 kiloren bueltakoa. Pisu horiek behera iristen dira, ia lurra jotzeraino, eta horiek berriz igo behar izaten ditut ordulariaren motorrak behar bezala funtzionatzen jarrai dezan. Garai batean lurra gaur egun baino beherago zegoela entzun izan dut, eta orduan korda eman gabe astebete ere egoten omen ziren. Gero lurra altxatu egin zuten, ordea, eta horregatik astearteetan eta ostiraletan etorri behar izaten dut korda ematera; bestela, pisuek lurra joko lukete.

Lan handia al da erlojuaz arduratzea?

Mekanismoa garbitu eta puntu guztiak koipeztatu behar izaten dira. Soka ere pare bat aldiz eten da, eta aldatu beharra izan dugu. Ordularia gelditzen bada, berriz, San Martinera etorri eta berriz orduan jarri behar izaten dugu. Kontuan hartu behar da, baita ere, urtean bi aldiz aldatzen dela ordua. Ordua atzeratzea egokitzen denean, esaterako, ordularia gelditu eta ordubetera berriz etorri behar izaten dut dagokion orduan jartzera; mekanismoak ez du ordua atzeratzeko aukerarik ematen.

Alkorta, ordulariari soka ematen.

Herritik askotan egon beharko duzu San Martingo ordularira begira, ezta?

Bai, noski. Halere, segituan abisatzen didate herritarrek ordularia geldirik edo minutu batzuk atzeratuta baldin badago. Garai batean, askotan gelditzen zen ordularia, orratzak ez zeudelako ondo jarrita. Aspaldi honetan, berriz, ondo dabil.

Azkoitiarrek gaur egun ere ba al dute San Martingo erlojura begiratzeko joerarik?

Bai, askok gainera. Behin, konponketa lan batzuk egiteko, gelditu egin zuten ordularia, eta kalean askok galdetu zidaten erlojuari zer gertatzen zitzaion. Azkoitiarrek maite dute San Martingo ermitako erlojua; izan ere, edozein lekutatik ikusten da. Ordulari hori egongo ez balitz, jende askok sumatuko luke haren falta. Behin, korda emateko engranaje pieza zahar bat izorratu zitzaion ordulariari, eta Xubi enpresara joan ginen berri baten bila. Sistema zaharkitua zegoela eta ez zekitela nondik hasi esan ziguten han, baina zerbait egingo zutela. Pieza prestatu zutenean galdetu ziguten ea zertarako behar genuen. San Martingo ordulariarentzat zela esan genienean, oparitu egin ziguten pieza, ordulariak herriarentzat esanahi berezia duelako.

Arazorik izan al duzu inoiz?

Hasieran bai. Erlojua horren handia denez, herdoildutako puntu ugari zituen. Garbitu, koipeztatu eta orratzak aldatu zizkiotenean, behar bezala funtzionatzen hasi zen ordularia. Piezaren bat puskatzea izan daiteke arazo larriena, baina behar bezala jarri dutenez, ordulari zintzoa dela esango nuke.

Eta zein da egiteko lanik zailena?

Orain ez du batere lanik ematen. Makina zaharra denez, egunen batean zerbaitek huts egingo ote duen beldurra izaten dut askotan. Lanik handiena ermitara etortzeko dauden eskailerak igotzea da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide