Bulego, hegan egiteko prest

Bulego taldeko kideak. (Bulego)

Azkoitiko musika taldeak kontzertua eskainiko du bihar Oteiza pilotalekuetan, 19:30ean. Taldeko kideak hilabeteetako lana erakusteko "gogotsu eta ilusio handiarekin" daude. Azkoitiko Udalarekin elkarlanean antolatu du musika taldeak biharko kontzertua.

"Biharko kontzertua ondo atera dadin buru-belarri ari gara lanean", azaldu du Tomas Lizarazu Bulego musika taldeko abeslariak. Joan den otsailean jaio zen Bulego proiektua, eta denbora gutxian gauza asko pasatu zaizkiela esan du hark: "Lehen kontzertua Donostiako Tabakaleran eman genuen joan den martxoan, eta, gero, konfinamendua etorri zen. Proiektu berri bat eskuartean izanda, kontzertuak eskaintzeko sekulako gogoarekin geunden, baina konfinatuta, ezin izan dugu taldeko emanaldirik eskaini".

Lehen kontzertu hura eman zutenean, Hegan abestia bakarrik zuten jendaurrean aurkeztuta; ikus-entzuleak Bulegoren kanta bakarra entzunda joan ziren lehen kontzertura. Hori dela eta, Lizarazuk dio larunbatekoa "kontzertu berezia" izango dela, publikoa Bulegoren kantak ezagututa joango delako plazara. Horregatik guztiagatik, bigarren kontzertua eskaintzeko irrikaz daudela adierazi du.

Sarrera guztiak salduta

Herritarren erantzuna ezustean hartu du taldeak. Hiru-lau egunetan sarrera guztiak agortu ziren. "Espero genuen jendearen erantzuna ona izatea, hainbeste denboraren ondoren, kontzertu bat zuzenean entzuteko plana erakargarria izango zelako. Baina, hala ere, hain egun gutxitan sarrera denak saltzea sekulako ezustekoa izan da guretzat", jakinarazi du Lizarazuk.

Herria berpizten leloarekin antolatu dute biharko egitasmoa. Izan ere, herriko merkataritza txikiari bultzadatxo bat eman nahi izan diote, kultur arloaz gain, saltoki txikiak ere egoera honetatik "kaltetuta" atera direla uste dutelako. Lehendabizi, 224 sarrera jarri zituzten saltzen herriko hainbat dendatan eta tabernatan, eta azken egunetan beste 80 sarrera jarri dituzte salgai Interneten. Horiek ere salduta, zapatuan, guztira, 304 ikus-entzule bilduko dira Oteiza pilotalekuetan. Hasieratik "zuhurtziaz" jokatu nahi izan dute Bulegoko kideek, ez zekitelako legediak zer garapen izango zuen fase ezberdinetan. "Gure helburua ez zen ahalik eta jende gehienarentzako kontzertua antolatzea; ez genuen arriskatzerik nahi, badaezpada ere. Legea betez kontzertu bat antolatzea zen hasierako asmoa, batez ere, herriko kultura berpizteko gure aletxoa jartzea nahi genuen. Behin aplika daitezkeen neurriak zeintzuk diren ziurtasunez jakin dugunean, 80 sarrera gehiago salgai jartzeko aukera eduki dugu", azaldu du Lizarazuk.

Protokoloan jaso dutenez, ikus-entzule bakoitzari eremu edo espazio bat emango zaio distantziak errespetatu ahal izateko. Hori horrela izanik, herritarrek deseskalatze fasera egokitutako emanaldiaz gozatu beharko dute biharkoan. Kontzertua antolatzeko kudeaketari lotuta ordu asko pasatu badituzte ere, musikari dagokionez "egurra" ematen aritu direla nabarmendu du abeslariak: "Zapatuko kontzertua sekulakoa izatea nahi dugu. Asko prestatu dugu emanaldia. Hainbat moldaketa egin behar izan ditugu egoera berrira egokitzeko eta ahalik eta emanaldi onena eskaintzeko".

Bulego taldearen emanaldiaren aurretik, Xabifest eta Elortxa disko jartzaileek girotuko dute gunea. Gero izango da kontzertua, eta segidan, Munizio DJa arduratuko da musika jartzeaz. "Konfinamenduan erakutsi dute auzoetan sekulako giroa jartzeko gai direla, eta bihar ere ziur hori erakutsiko dutela", esan du Lizarazuk bihar musika jartzen ariko diren disko jartzaile azkoitiarrez.

Emanaldietarako hitzordua 19:30erako jarri badute ere, 18:00etan itxiko dute Aingeru kalea ibilgailuentzat. Baztartxo antzokiaren paretik Aizkibel kalera arte izango da itxita, eta Mekoletako biribilgunetik Oteiza pilotalekuetara arteko bidea ere moztuta izango da.

Ezohiko uda

Uda oparoa izan ohi da musika taldentzat, baina aurtengoa ez da ohikoa izango. Izan ere, Bulego taldeak, adibidez, hainbat kontzertu bertan behera utzi behar izan ditu, eta beste batzuk, atzeratu. "Oso goiz harrapatu gintuen alarma egoerak. Taldeari bultzada ematen hastearekin batera etorri zen. Baina konfinamenduari alde ona ikusi eta ahal den neurrian aprobetxatzen saiatu gara, bakoitzak bere etxetik lanean jarraituz". Aurtengo uda bestelakoa izango dela badaki Lizarazuk: "Herri askotan ez dituzte festak antolatuko, eta horietan izan ohi dira kontzertu gehienak. Halere, kontzertu batzuk eskaintzea espero dugu, asko izango ez badira ere".

Koronabirusaren ondorioz izan den kultur etenaldian herritarrek ez diote musika kontsumitzeari utzi. Horren erakusle da Top Gaztea zerrendako lehen postuan egon berri dela Bulego, entzuleen botoei esker. Jasotako erantzunarekin "oso pozik" dago taldea: "Gauzak seriotasunez hartu ditugu hasieratik. Lan asko egin dugu, eta jaso dugun erantzuna sekulakoa izan da. Hori ikusita, oso pozik eta motibatuta gaude biharkoaren gisako egitasmoak antolatzeko. Asko eskertzen dugu jendearen berotasuna. Nahiz eta kontzerturik ez eman, iristen ari zaigu publikoaren maitasuna".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide