Pedro Alkortak San Martingo ordularia zaintzen jarraituko du

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 18a, 13:39
Pedro Alkorta. (Argazkia: Udala)

Alkortak beste bi urtez jarraituko du San Martin basezilako erlojuaren mantentze lanak egiten.

Pedro Alkortak San Martingo erlojua zaintzen jarraituko du beste bi urtez. Udalak Alkortari esleitu dizkio ordulariaren mantentze lanak, eta datozen bi urteetan ere Alkortaren ardura izango da San Martin baselizako erlojuak herriari ordua zuzen ematea.

Udalak azaldu duenez, Alkorta astean bitan joaten da San Martinera, erlojuari korda edo soka ematera, ordularia orduan jartzera eta koipeztatzera. Ordulariaren mantentze lanen aurrekontua 12.265,77 eurokoa da urteko.

San Martingo erlojua 1859an jarri zuten Jose Manuel Zugastik eta Faustino bere semeak. Bilboko areatzako ordularigileak ziren aita-semeak. Udalak jakinarazi du ordulariak lehen urteetan alde bakarra zuela. "Herritar guztiek ikusi nahi omen zuten ordua eta duela ehun urte dorrearen alde banatan erlojuaren esferak jarri zituzten. Historia duen erlojua da. Zalantzarik gabe, zaindu beharreko ondarea da", azaldu du udalak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide