Xabier Munibeko haur eskolak astelehenean irekiko ditu berriro ateak

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 17a, 14:26
Xabier Munibe Ikastolaren haurreskolako eraikina.

Zazpi haurrekin hasiko dira lanean, koronabirusarengatik martxotik itxita egon ostean. Floreaga Ikastetxean ere datorren astean martxan jartzearen aldekoak dira, baina ez dute ezer zehaztuta; "egoera aztertzen" ari dira, momentuz.

Datorren astelehenetik aurrera zerbitzua eskaintzen hasteko moduan izango dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako haur eskolak. Martxoan koronabirusaren krisiak eztanda egin zuenetik itxita egon diren zentro horietan berriro haurrekin lanean hasteko baimena eman du Eusko Jaurlaritzak alarma egoera bertan behera gelditzearekin batera. Itzulera "normaltasun berria" deritzonera egokituta egin beharko dute, hori bai, hainbat segurtasun eta higiene neurri betez.

Azkoitiko bi haur eskoletatik batek, Xabier Munibe Ikastolakoak, baieztatu du astelehenean bertan irekiko dituela ateak. Ohiko ordutegiarekin itzuliko dira lanera Xabier Munibekoak, 07:30etik 17:15era, uztialren 21a arte. Hezitzaile guztiak itzuliko dira lanera eta "momentuz" zapi umerekin hasiko dira martxan. Hori bai, astelehenean irekiko dituzten haur eskolek zerbitzua "soilik kontzilizazio beharrak dituzten familientzat" emango dutela azaldu dute Azkoitiko ikastolako haur eskolakoek: "Bi gurasoek -edo batek, guraso bakarreko kasuetan- lan egiten duten enpresaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, haur eskolako zerbitzua jaso ahal izateko lanpostuan aurrez aurre lanean dabiltzala ziurtatu behar dute eta".

Haurreskolak partzuergoaren sare publikoan dago Xabier Munibeko haurreskola, eta partzuergoa egunotan ari da lantzen datorren astetik aurrera sare horretako haur eskoletan koronabirusaren hedapena saihesteko ezarri beharko dituzten babes eta prebentzio neurriak. "Pentsatzen dugu aste honetan zehar bidaliko digutela", azaldu dute hezitzaileek.

Floreagan, "egoera aztertzen"

Floreaga Ikastetxean ere datorren astean martxan jartzearen aldekoak dira, baina ez dute ezer zehaztuta; "egoera aztertzen" ari dira, momentuz.

"Ikastetxeko gurasoekin harremanetan jarri gara beraien beharrak eta nahiak zeintzuk diren jakiteko. Gehiengoak nahiago du irailera arte zain egon. Gutxi batzuk, ordea, orain hastearen aldekoak dira; lana eta familia kontziliatzeko behar handiena dutenak, alegia", azaldu du ikastetxeko zuzendaritzak.

Ikastetxea "egoera baloratzen" ari da, beraz, baina "astelehenean ez bada, datorren astean zehar" irekitzearen aldekoak direla aurreratu dute. "Irekitzea erabakiko bagenu, segurtasun berme guztiekin irekiko genuke. Horretarako, Hezkuntza Sailetik jasotako jarraibide orokorrak ikastetxeko testuingurura egokituko genituzke", gaineratu du zuzendaritzak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide