Bulegoren zapatuko kontzerturako 80 sarrera gehiago jarriko dituzte salgai arratsaldean

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 16a, 14:01
Bulego taldea osatzen duen boskotea. (Argazkia: Bulego)

Internet bidez eskuratu beharko dira sarrerak 19:30etik aurrera, 10 euroren truke. Zapatuan, gainera, Oteiza pilotalekuen alboko norabide bakarreko bi errepideak itxi egingo dituzte, 18:00etan.

Azkoitiko Bulego musika taldeak kontzertua eskainiko du zapatuan, ekainak 20, Oteiza pilotalekuetan, 19:30ean. 224 sarrera jarri zituen musika taldeak herriko hainbat saltoki eta tabernetan, baina ordu gutxiren buruan agortu ziren guztiak. Gaur, asteartea, 80 sarrera gehiago jarriko ditu taldeak salgai, 19:30etik aurrera. Sarrerak Internet bidez eskuratu ahalko dira, 10 euroren truke.

Sarrera guztiak agortzen badira, zapatuan 304 ikus-entzule elkartuko dira Oteiza pilotalekuetan, Herria berpizten izeneko emanaldia zuzenean jarraitzeko. Ikusle bakoitzak bere eremua izango du eta eremutik ezingo dute mugitu kontzertuak irauten duen bitartean. Sarreran eta irteeran maskararen erabilera nahitaezkoa izango da; bakoitza bere eremuan kokatzen denean, ordea, gomendatutako segurtasun distantziak errespetatuko dira eremu baten eta bestearen artean. Hainbat boluntariok parte hartuko du gainera emanaldian, ikus-entzuleak beren tokira zuzentzeko zein arreta eskaintzeko. 

Azkoitiko Udalak lagundutako emanaldia eskainiko du Bulego musika taldeak, besteak beste, udala arduratuko baita soinu ekipamenduaz eta azpiegiturez; protokoloa, berriz, musika taldeak diseinatu du udalaren oniritziarekin. Donostiako Jazzaldiaren jarraibideak hartu ditu Bulegok erreferentzia gisa protokoloa zehazteko.

Trafikoa itxita ibilgailuentzat

Musika taldearen emanaldia 19:30ean hasiko bada ere, Aingeru kalea 18:00etan itxiko dute Baztartxo paretik Aizkibel kalera arteko bidegurutzeraino. Mekoletako biribilgunetik Oteiza pilotalekuetara arteko errepidea ere itxi egingo dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide