Robotika ikastaroa eskainiko dute gaztetxoentzat

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 17a, 09:26

Robotikako ikastaroa ekainaren 29tik uztailaren 3ra izango da, Elkargunean, 09:30etik 13:30era. Izena Elkarguneko Gazte Zerbitzu bulegoan eman beharko da, hilaren 25a baino lehen.

Udarako aurreikusitako Udazblai udalekuetako zenbait jarduera bertan behera utzi behar izan dituzte COVID-19a tarteko, baina robotika ikastaroa bere horretan mantendu dute antolatzaileek. 

Haur eta gaztetxoak beste urte batez teknologiara hurbiltzeko aukera eskainiko du, beraz, Gazteria sailak. Robotikako ikastaroa ekainaren 29tik uztailaren 3ra izango da, Elkargunean. Saioak goizez izango dira, 09:30etik 13:30era.

Ikastaroa LH3 eta LH6 bitartekoei eta DBH1 eta DBH4 artekoei eskainiko zaie. Bi talde osatuko dira adinaren arabera, eta gaurtik ekainaren 25era arte eman ahalko da izena, Elkarguneko Gazte Zerbitzu bulegoan. Udalak diruz lagundutako ikastaroa izango da: partaide bakoitzak 105 euro ordainduko ditu, 135 ordaindu beharrean.

Udalak azaldu duenez, "Gazteria zerbitzua eta udala aspalditik ari dira lanean ikasleriari gaitasun berriak lantzeko aukerak ematen eta teknologia alorreko diziplina eta edukiak eskura jartzen". Ikastaroaren helburua da sormena edota talde-lanerako gaitasuna lantzea, gozamenari eta dibertsioari uko egin gabe.

Bestalde, Osasun sailak agindutako arauak beteko direla azaldu dute antolatzaileek. Hori dela eta, partaideek maskara eraman beharko dute, distantziak mantendu eta sarreran eskuak garbitu. Ikastaroan gutxienez zortzi lagunek eta gehienez hamabostek parte hartu ahal izango dute. Saioak Elkarguneko gela handian izango dira, "distantziak bermatzeko". 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide