Klik!

Zazpi Kurutze

Maxixatzen.eus 2020ko uzt. 5a, 13:47
Argazkiak: Ibon Errazu

Anaitasuna mendi bazkunak 1972an antolatu zuen aurreneko aldiz Zazpi Kurutze mendi ibilaldia. Aurten ez da 24. ediziorik izan, osasun krisia dela-eta antolatzaileek bertan behera uztea erabaki dute. Maxixatzenek mendi martxa hori nola bizi izan duten gogoratu nahi izan du, zenbait urtetako argazkien bitartez. Ekaineko Maxixatzen aldizkarirako egindako argazki erreportajea. Argazkiak, aurreko urteetako edizioetakoak dira.

Azkoitiarrentzat berezia

Parte hartzaileak 04:00etan irteten dira, eta 04:40 ingururako, Erloko gurutzean egon ohi dira aurreneko parte hartzaileak. Igandeko 17:00 aldera bukatzen dute gehienek. Ordutegiari dagokionez, oso martxa berezia da.

Martxa gaztetzen

Martxaren ezaugarri ia denak beretsuak dira hasierako urte haietatik. 300 bat parte hartzailek osatzen dute ibilbidea azken urteetan, geroz eta mendizale gazteagoek egiten dute gainera, eta gehienak azkoitiarrak izaten dira. Herrian antolatzen den mendi martxa bakarra da, eta parte hartzeko ohitura handia dago.

Indarrak hartzen

Anoa-postuei dagokienez, Aitolako txabolan ezartzen dute aurrena, eta han kafea, salda eta pastak ematen dituzte; gero, Irukurutzetan, eta ondoren Gorlako elkartean, txorizoa eta haragi egosia prestatzen dituzte.

Boluntarioen lana ezinbestekoa

Zazpi Kurutzek boluntarioei esker du halako arrakasta. Sekulako giroa izaten dute atseden lekuetan parte hartzaileen zain egoten diren boluntario taldeek, bereziki Pagotsetan, Izazpi eta Oleta artean dagoen pinutegian: musika, banderak eta abar jartzen dituzte.Egunean bertan 50 bat boluntario aritzen dira lanean, umore eta jarrera onean. Gurutze Gorriak, esaterako, urtero ibilbide osoan eskaintzen du laguntza. Anaitasuna elkarteko kideak, berriz, urte hasieran hasten dira antolakuntza lanetan; aurten, gainera, talde berria sortu dute, belaunaldi aldaketa egon da. Guztira sei kidek osatzen dute Zazpi Kurutzeren lantaldea.

Zirkuitu aldaketa

Zirkuituaren bukaera aldatu egin zuten 21. edizioan. Lehen, Oletara iritsi eta Martirietako bidetik jaisten ziren; orain, berriz, Igaranetik jaisten dira, pinutegi batetik barrena. Izan ere, parte hartzaileak kexatu egiten ziren, Martirietatik behera eguzki askorekin eta asfalto gainean hankak erretzen zitzaizkiela eta.

Lehen patxadan, orain presaka

Lehen oso ohikoa izaten zen ibilbidea gutxienez hamar ordutan bukatzea; orain, ordea, korrika irteten direnek sei bat ordutan bukatzen dute. Hala ere, gurutze bakoitzetik igarotzeko denbora jakin bat izaten da; gutxieneko bat eta gehieneko bat. Denbora barruan sartzen direnek bakarrik markatzen dute txartela.

Urte batez, bizikletan

Zazpi Kurutze mendi martxa oinez egitekoa den arren, urte batean herriko kuadrilla bat bizikletaz egitera animatu zen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide