Akordatzen?

Egurra menditik herrira

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 25a, 10:06
IƱaki Eizagirre.

Akordatzen al zara edo ba al dakizu Izarraitz mendiko pagadi batetik egurra herrira nola jaisten zuten? Iñaki Eizagirrek Iri Gorriko Haitzean edota Pagobakar bezala ezagutzen den lekuan 1944. urtean pagadi batetik egurra herrira nola garraitu zuten kontatu du.

Iñaki Eizagirrek (Azkoitia, 1932) hamaika bizipen izan ditu bere 88 urteko bizitzan, batzuk besteak baino gogorragoak, baina guztiak irribarrea ahoan duela kontatu ditu. Gerra garaiko kontuak askotan entzun ohi izan dituzte etxeko gazteenek beren aiton-amonen ahotik. Eizagirrek, ordea, duela 76 urte egurra menditik herrira nola garraiatzen zuten kontatu nahi izan du.

Azkoititik Izarraitz mendikate aldera begiratuta, ez ziren gaur egun ikusten diren pinudiak ikusten 1944. urtean. Pagadi eta harizti ederrek estaltzen zituzten hango zelai berdeak eta harkaitzak. 12 urte zituen orduan Iñaki Eizagirrek, eta gogoan du gaur azkoitiar askok Pagobakar izenez ezagutzen duten pagadian nola lan egin zuten hainbat basomutilek. Inguru hori Pagobakar bezala ezaguna bada ere, badu izen ofiziala: Irigorriko Haitza.

Eizagirrek dioenez, Olano abizeneko arotz batek Irigorriko Haitzeko pagadi hura botatzea erabaki zuen. Ez daki zehazki pagadia arotzarena zen edo lursaila horretarako erosi zuen, baina hango egurra ustiatzea erabaki zuen. “Irigorriko Haitzetik Kakuteko gurutzera pagadi handia zegoen garai hartan; ederra gainera, pagoa”, dio Eizagirrek.

Azkoitiarrak, baina, egurra inguru hartatik herrira nola garraiatu zuten azaldu du. Eizagirrek dio Irigorriko Haitzetik Aranburu baserrian zegoen harizti parera lerro bakarreko kable bat jarri zutela. Aranburu Santa Kutz komentutik metro batzuk gorago dago. Guztira, kableak bi kilometro inguruko luzera izan zezakeela kalkulatu du Eizagirrek. Kablea, gainera, lodia zela oroitzen du, eta hura jartzeko lana ganaduarekin egin zutela. Segituan hasi da azalpenak ematen. “Lan dezente hartu zuten kablea jartzen. Kablea idiekin gurdian bilduta eraman zuten gora lehenik. Gero, handik tiratu zuten behera. Egunak pasatu zituzten hura lotzeko lanetan”, hasi da. Pagobakar aldean, Irigorriko Haitzean, alegia, lotu zuten kablea. “Handik tiratu zuten kablea pagoen bueltan lotuta. Epelarre baserriko Juan Jose zenak esaten zuen idi pare bat lan horietan izorratu zuela. Baserrian izan diren idirik onenak haiek izan zirela esaten zuen. Kablea tenkatzen, halere, idi asko ibili ziren eta tira egin ondoren, atseden garaia iristen zenean idiek zuhaitzen aurka jotako istorioak ere baziren, pentsa”, adierazi du Eizagirrek.

Haitz honen inguruan lotu zuten kablea.

Eizagirreren lana

Kablea tenkatu ondoren iritsi zen Eizagirreren lana; berea, eta Jauregi baserriko bi astorena. Bere anaia batek eta Eizagirrek berak hilabete pasatxo egin zuten Jauregi baserrian. Izan ere, Jauregin bizi ziren baserritarrak Bergarara (Gipuzkoa) bizitzera joatekoak ziren, baina hango etxea artean libratu ez zelako, Jauregin jarraitzea erabaki zuten. “40 egunean lasto pila baten gainean egin genuen lo anaiak eta nik. Lekurik ez zegoen baserrian; etxea handia ez eta han bizi zen familia ere ez zen txikia”, azaldu du.

Kablea tenkatu eta laster hasi ziren Eizagirreren hitzetan Irigorriko Haitzaren pareko pagadia botatzen. Kable haren bidez garraiatu zuten herrira pagaditik ateratako egur guztia. “Kablea martxan jarri zuten, eta txirrika edo polea batek lagunduta jaisten zuten egurra menditik behera. Olano arotzak basomutil ugari eraman zituen mendira, ikaragarri”, oroitzen da Eizagirre. Mendian bertan jarri zuten, gainera, zerratokia, Pagobakar inguruan, eta Eizagirrek dio lan guztia bertan egiten zutela. “Egurra han bertan zerratzen zuten. Arpanarekin jarduten zuten eskuz; batek goitik eta besteak behetik mozten zuen egurra. Ohol galantak ateratzen zituzten”, oroitu du. Txirrikari lotuta bi ohol handi jaisten zirela dio, ekinaldi bakoitzean “kilo pila bat”. 12 urteko mutil kozkorra izanagatik, lana ez zuen musu-truk egiten azkoitiarrak. Egindako lana ordaindu egiten zioten, ez, ordea, berari. “Ez nago ziur, baina kabletik jaisten zen karga bakoitzeko gurasoek erreal bat jasotzen zutela uste dut”, esan du.

Kableak langileei arazo txiki bat baino gehiago eman ziela oroitzen da Eizagirre. Komeriak izaten zituztela dio. “Egur arina kablean katigatuta gelditzen zen askotan, Larrañaga baserri parean. Hasieran abiadura hartzen zuen, baina polikipoliki gelditzen joaten zen”, dio Eizagirrek. Katigatutako karga berriz bideratzeko zer egiten zuten azaldu du segidan. “Karga berriz kablean zehar abiatzeko, arbola buru bat edo egur astuna botatzen zioten atzetik. Batzuetan ondo ateratzen zen, karga berriz martxan jartzen zelako, baina gehienetan biak lurrera erortzen ziren”, kontatu du, barre artean. Eroritako egur haiek jasotzera berak joan behar izaten al zuen galdetuta, berriz, honakoa dio azkoitiarrak: “Lursailaren jabeek hartzen zituzten. Inor ez zen kexatzen orduan beren lurretara egurra erorita”. Ez zen izan hori, ordea, kableak langileei emandako arazo bakarra. “Arume baserriaren parean tontorra dago. Han kableak lurra jotzen zuen askotan, eta lurretik banatzeko altxatu egin behar izan zuten kablea. Poliki-poliki iristen zen haraino karga, eta tontorra pasatzen zuenean hartzen zuen abiada”, adierazi du.

Olano arotzak bi asto zituen eta Jauregi baserrian, Eizagirre garai hartan bizi zen etxean, beste bi asto zeuden. Hain zuzen ere, hori zen Eizagirrek han egin behar izan zuen lana: astoak eta haiek zeramaten karga zuzendu behar izaten zuen. Asto bakoitzaren gainean zakua jartzen zuten eta hari karga erantsi gero. Asto bakoitzak egurrarekin kargatutako hemezortzi txirrika eramaten zituela dio Eizagirrek, bederatzi alde batera eta beste bederatzi beste aldean. Egunean, lau astoen artean 72 txirrika eramango zituzten, beraz. “Basomutilek kargatzen zuten astoa, goian hustu ere bai batzuetan. Zakua burutik sartuta ere ibiltzen nintzen euria egiten zuen egunetan”, dio. Estuasun txiki batzuk ere izaten zituen bidean Eizagirrek. “Aldapa guneetan karga erori egiten zen batzuetan. Orduantxe ibiltzen nintzen gaizki”. Astoekin bi joan-etorri egiten zituen azkoitiarrak, bat goizean eta arratsaldean bestea.

Eguraldi goibela egiten zuenean, basomutilak txabolan “euriari begira” egoten zirela esan du azkoitiarrak. Lanik egiten ez zuten egun euritsu horietan bi basomutilen laguntza jasotzen zuen Eizagirre gaztetxoak. “Biak beren borondatez etortzen ziren niri laguntzera, nirekin errukitu egiten ziren haiek, bai baitzekiten astoarekin bidean izango nintzela. Laguntzera etortzen zen bat Xuxula baserriko Faustino zena zen, eta bestea Txatoherrero. Azkoitiko kalekoa zen izatez hura”, ezagutarazi ditu bi laguntzaileak. Horiek laguntza txandaka ematen zioten.

Astelehenetik zapatura bitartean egunero jarduten zuten lanean basomutilek Irigorriko Haitzeko pagadian. “Errekalde eta Zumeta artean orain erorita dagoen txabolan egiten zuten lo langileek”, gogoratu du Eizagirrek. Zapatua iristen zenean amaitzen zuten asteko lana basomutilek pagadian, eta jaieguna ospatzeko, pagoen adar mehekin sorta egin eta su emanda bidaltzen zuten kablean behera. “Segituan erretzen zen hura. Zumeta baserri parera iristerako erreta izaten zen, haizeagatik edo”, dio azkoitiarrak. Eizagirrek azaldu du urtebetean jardun zutela Irigorriko Haitzaren parean lanean basomutilek. Pagadia bota zutenean eta egurra ustiatu, segituan kendu omen zuten bi kilometro inguruko lerro bakarreko kable hura.

Eizagirre, 9 urte inguru zituela.

Beste pasadizoak

14 urte ingururekin garoa ebakitzera joan zireneko pasadizoa ere gogoan du Eizagirrek. Arana familiak Kakuteko gurutzearen atzean zuen txabola batean pasatzen zuen astea bere anaia batekin, haiek giltza utzita. Txabola hura zutik da oraindik ere, alboan bere putzuarekin. “Zakuan piper pila bat eta arrautzak eramaten genituen. Tartean katagorri bat edo beste ere harrapatzen genuen”, dio, irribarre zabal batekin.

Tabakoarekin izan zuten pasadizoa kontatzen hasi da segidan. Arana baserriko Juan Arrieta “erretzaile ikaragarria” zela kontatu du Eizagirrek; hark etxean egiten zuen tabakoa. Arratsalde batean baserriaren inguruan zituen tabako landareak zaintzeko esan zien bi anaia gazteei. “Landareei begiratzea erabaki genuen. Orduantxe ikusi genuen tabakoa lapurtuta norbait ihesi zihoala esku-argi handi batekin argi eginez. Aitarengana joan ginen abiada bizian”. Une hura azaltzen jarraitu du Eizagirrek. “Aitak eskopeta alboan izaten zuen. Arma hartu eta ustezko lapur haren atzetik joan ondoren tiroa bota zion”, kontatu du. Segituan ohartu ziren, ordea, nor zen gizon hura. Juan Arrieta zen, Arana baserriko tabako landareen jabea. Antza, egun hartan iluntzean joatea erabaki zuen tabako landareei ura botatzera. Hurrengo egunean, Aranako baserritarra etxeko atarian goizean goiz aurkeztu zela azaldu du Eizagirrek. “Aita zena barreari eutsi ezinik zegoen, eta tiroa albora egin ziola esan zion. Aranako baserritarrak alkandora kendu eta bizkarra erakutsi zion. ‘Begiratu honi, hauek albora botata ez dituk sartzen’, erantzun zion Aranako gizonak. Lau perdigoi zituen bizkarrean”, kontatu du hitzez hitz Eizagirrek atari hartan entzundakoa eta ikusitakoa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide