EHIGE-ko KOORDINATZAILEA

Lurdes Imaz: "Nahi duzuna izateko aukera ematen dizu hezkuntzak"

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 28a, 10:55
Lurdes Imaz.

Kazetaritza ikasi zuen arren, bizitza guztia darama guraso elkarteen jardunari estuki lotuta. Hezkuntza du ofizio, baina baditu beste hainbat afizio.

Lasaia ez zen txikitan, eta orain ere interes asko ditu Lurdes Imazek (Azkoitia, 1973). Bere jardunari estuki lotuta, hezkuntzaz irakurtzeko eta hausnartzeko aprobetxatu du konfinamendua. Bizitza guztia darama ikasten, eta ezohiko egoera honetan, horixe da bere ardura nagusia: gizarteak honetatik ezer ez ikastea.

Kazetaritza ikasi zenuen. Zergatik?

Ez neukan batere argi zer ikasi, interes asko neuzkan. Hori bai, gauza asko irakatsiko zizkidan zerbait ikasi nahi nuen unibertsitatean. Kazetaritza horretarako lizentziatura egokia izango zela iruditu zitzaidan, eta horregatik aukeratu nuen. Berez ikus-entzunezko komunikazioa edo kanpo harremanak ikasi nahi nuen, baina garai hartan ez zen existitzen hemen halako ikasketarik.

Bilbon bizi zara. Noiztik?

Kazetaritza ikasketak Leioako fakultatean egin nituen, eta 17 urterekin Bilbora joan nintzen bizitzera. Ikasketak amaitu nituen, baina han gelditu nintzen.

1997an BIGE Bizkaiko Guraso Elkarteen federazioan komunikazio lanak egiten hasi zinen, eta egun, EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkarteko koordinatzailea zara. Nolatan murgildu zinen guraso elkarteen munduan?

Ikasketak amaitzean, pare bat komunikabidetan aritu nintzen lanean, eta gero, ezagun batzuen bidez, guraso elkarteetan lan egiteko aukera sortu zitzaidan. Aldizkari bat egiteko norbait behar zutela eta, komunikazio lanak egiten hasi nintzen BIGEn. Gero, EHIGEra eman nuen jauzia. Hamar urte daramatzat EHIGEko koordinatzaile lanetan.

Zein da EHIGEren egitekoa?

Honako modu honetan antolatzen gara eskola publikoetako guraso elkarteak: eskola publiko bakoitzean guraso elkarte bat dago; probintzia bakoitzean, elkarte horien federazio bat; eta Euskal Herrian, guztien federazio bat. Elkarlanean aritzen gara hiru maila horietan. EHIGEko kideok guraso elkarteak aholkatzen saiatzen gara; izan ere, gurasoek parte hartzen dute eskola publikoetan: batetik, jarduerak antolatzen dituzte; eta bestalde, parte hartzen dute eskola publikoetako ordezkapen organo gorenean. Guk organo horretan parte hartzen duten gurasoak aholkatzeaz gain, horien kezkak eta eskariak administrazio desberdinetara eramaten ditugu.

Euskal Herri osoko eskola publikoetako gurasoen kezkak eta proposamenak kudeatzen ematen duzu eguna. Zeintzuk dira gurasoen kezkarik ohikoenak?

Kezkak denetarikoak izaten dira, baina orain egoera berezi batean gaude, eta dena hankaz gora jarri da. Konfinamendua hasi zenean, inkesta bat egin genuen gurasoen artean, eta 8.000 erantzun edo gehiago jaso genituen; jende pila batek erantzun zuen. Askotarikoak ziren kezkak: nola kontziliatu semealabak eskolara joaten ez badira, nola egin irakasle lana –nola lagunduko diot nire seme edo alabari ikasketekin?–, arlo emozionala –nola eragingo dio honek nire semeari edo alabari?–, behar bereziak dituzten haurrei nola lagundu etxean, askok ez dituzte nahikoa ordenagailu etxean, guraso bakarrak direnak nola moldatu egoera honetan... Egoera aldatu egin da, eta kezkak ere guztiz aldatu dira.

Lanari dagokionez, zerk kezkatzen zaitu une honetan?

Irailean gertatuko denaren beldur handia dugu. Asko ari gara jarraitzen beste leku batzuetan pasatzen ari dena, hau da, nola ari diren ikasleak eskoletara itzultzen. Litekeena da irailean ikasle guztiak ez bueltatzea eskoletara. Posible da ikasleak banatzea: egun batzuetan batzuk joatea eskolara, eta beste egun batzuetan beste batzuk. Noski, horrek arazo pila bat sortuko ditu. Nola antolatu etxean geratzea tokatzen den egun horietan? Nola bermatzen duzu ikasle denek aukera berak dituztela? Eskolak berdindu egiten ditu ikasleak, baina etxeak ez. Gure beldurra da gobernuaren aldetik irailean itzulera horretan inbertitzeko intentziorik ez egotea, eta jarrera ahal bezala aurrera egitekoa izatea. Orain, elkarrekin hitz egiten ari gara eragileok, eta gure asmoa da denon artean zerbait adostea eta adosten dugun hori Eusko Jaurlaritzari aurkeztea; hau da, egin behar dugula uste dugun hori proposatzea. Gero, Jaurlaritzak erabaki beharko du zer egin. Lehen ez genuen zalantzan jartzen eskola, eta orain bat-batean... Eta buelta nola izango da? Eskola batzuetan ikusten ditugu umeak banatuta, ezin dute elkarrekin jolastu... Eskolara bueltatu eta kartzelan bezala egon behar baldin badute… Zer zentzu dauka horrek?

Eta pertsonalki, zerk arduratzen du Lurdes?

Gertatzen ari den honetatik ezer ez ikasteak kezkatzen nau. Aurreko batean, zera irakurri nuen egunkarian: "Itzuli ahalko al gara Veneziara asteburuan ardo bat hartzera?". Jendearen kezka da hau dena pasatzen denean ea jarraituko al dugun lehen egiten genituen gauzak egiten? Jendea kalera ateratzen hasten denean, ahaztu egingo du pasatu den guztia? Aldaketarik ez dugu egingo gure bizitzetan? Ez dugu ezer ikasiko? Honek ez du balioko zalantzan jartzeko gure bizimodua? Nire kezka hori da: berriro gauza beretara bueltatzea.

Euskal eskola publikoaren defendatzaile zara. Zergatik?

Guk esaten duguna da eskola publikoa denona eta denontzat dela. Denona esaten dudanean, parte hartzeari egiten diot erreferentzia; hau da, denon artean hartu beharko genituzke erabakiak. Denontzat diodanean, edonorentzat dela esan nahi dut, edozein izanda ere ikasleen egoera sozioekonomikoa, jatorria, erlijioa eta abar. Aukera denak ahalik eta gehien garatu nahi ditugu gizarte honetan.

Nola ikusten duzu euskal eskola publikoaren egungo egoera?

Uste dut zerbitzu publikoen aldeko sentimendu bat sortzen ari dela orain gizartean, eta espero dut gauza bera gertatzea eskola publikoarekin.

Egungo hezkuntza sisteman, zerbaitek huts egiten al du? Zer dago hobetzeko?

Gauza asko daude hobetzeko. Lehena: eskola publikoak izan beharko luke ahal den parte hartzaileena. Badaude eskola kontseilua bezalako erreminta batzuk, eta saiatu beharko genuke horiek gero eta parte hartzaileagoak izan daitezen. Gainera, eskola publikoan oso goitik markatuta egoten dira gauzak, eta kostatu egiten da ikastetxeei erabaki ahalmena ematea. Uste dugu pixka bat sakondu egin behar dela horretan: irakaskuntza bere ikasleen beharretara egokitzeko baliabideak izan behar ditu eskolak. Horretarako malgutasuna behar da, eta ezin da dena goitik markatuta etorri. Uste dut hori dela eskola publikoan daukagun erronka garrantzitsuenetako bat.

Gurasoek ez al dute uzten eskolaren gain seme-alaben heziketa? Ez al lukete izan beharko hezkuntza komunitatearen parte aktiboagoa?

Gu aritzen garen mugimenduan ez dugu horrela ikusten gaia, parte hartzen duten gurasoekin lan egiten baitugu. Egia da guraso elkarteetan, batez ere, emakumeak izaten direla eta kostatu egiten dela jende berria horietara sartzea. Baina ikusten duguna da guraso asko daudela seme-alaben heziketan parte hartzeko konprometituta, argi daukatelako ardura hori partekatua dela. Etxean hasten da heziketa, eta eskolarekin bateratu behar da.

Nola irudikatzen duzu eskola perfektua?

Eskola demokratikoa: erabakiak ikasleen, irakasleen eta gurasoen artean hartzen dituena. Autonomia ere inportantea da: ikastetxe publikoek aukera izatea beren beharretara egokitzeko eta ez etortzea dena goitik markatuta. Baliabideak izatea ere ezinbestekoa da. Eta udalek eskumen gehiago izatea ere komenigarria litzateke. Une honetan, eskola guztiak Hezkuntza Sailaren menpe daude, baina Europako beste herrialde batzuetan, eskumen gehiago dute udalek. Hori Finlandian-eta asko gertatzen da, eta uste dugu aukera ona dela hori.

Asko aldatu al da seme-alabak hezteko modua azken urteotan?

Asko hitz egiten da metodologia berriez, baina uste dut ez direla eskolak hainbeste aldatu. Eta gainera, pandemia egoera honek zer irakatsi behar den eskoletan eta zer ez zalantzan jartzera eraman gaitu. Egoera honek emango du aukera orain arte egin nahi genituen gauzak benetan egiteko; adibidez, edukien aldetik. Zein dira adin jakin bateko ikasleak behar dituen ezagutzak? Hori zehazten hasi behar dugu. Gainera, asko ari ginen digitalizazioaz hitz egiten; ikastetxe batzuk aurreratuta daude alor horretan, baina beste batzuk ez hainbeste. Eta orain, bat-batean, ez zaigu digitalizaziora egokitzea beste aukerarik geratzen. Gauza askoren inguruan asko hitz egin dugu azken urteetan, eta ez ditugu orain arte aplikatu, baina orain derrigortuta gaude. Horiek dira bi adibide nagusiak: digitalizazioa eta ikasle batek adin jakin batean zer jakitea den beharrezkoa benetan eztabaidatzea. Egoera berezi honetan, ikasleek ziur beren etxeetan ezagutza berri pila bat izan dituztela, matematikak eta horrelakoak bezain garrantzitsuak.

Zein da zuretzat heziketa on baterako gakoa?

Ikasle bakoitzak zer behar dauzkan ikustea, eta bakoitzari moldatutako heziketa ematea. Kontuan izan behar dira ikaslearen beharrak, eta arreta pertsonalizatua emateko baliabideak behar dira. Hori izango litzateke ideala: ikasle bakoitzari behar duena ematea.

Eskolak, heziketarako ez ezik, sozializaziorako erreminta garrantzitsuak ere badira. Horri behar besteko garrantzia ematen al zaio?

Uste dut ikasleak, irakasleak eta gurasoak orain konturatu direla eskolak zer garrantzi daukan zentzu horretan. Ikasle askok sumatzen dute faltan lagunekin egotea, batzuentzat ezinbestekoa da irakasleekin harreman zuzena izatea... Uste dut eskolari balioa emango diogula bueltan, eta faltan sumatuko dugula orain arte izan dugun eskola.

Egun, kultur aniztasun handia dago ikasgeletan, batez ere eskola publikoetan. Arazoa al dago segregazioarekin?

Baliabideak badaude, ez dago arazorik. Kontua da hemengo sisteman ikasleak oso sakabanatuta daudela egoera sozioekonomikoaren arabera. Ikastetxe batzuetan pilatzen dira egoera sozioekonomiko baxua dutenak, eta beste batzuetan altua dutenak. Gure sistemaren erronka da hori pixka bat orekatzea.

Koronabirusaren eraginez, itxi egin behar izan dituzte ikastetxeak. Bi hilabete hauen zer irakurketa egiten duzu?

Guk egiten dugun irakurketa da bakoitzak ahal duena egin duela, eta gainera, jendea lan pila bat egiten ari dela: irakasleak ordu pila bat sartzen ari dira, ikasleak ere bai, gurasoak laguntzen ari dira... Baina irailean ezin da horrela jarraitu. Horretarako, administrazioak apustu argia egin behar du, hezkuntza gizartearen zentroan jartzeko eta behar diren inbertsioak egiteko. Ezin dugu orain egin duguna egin irailean.

Nolabait aldatuko al da etorkizuneko hezkuntza sistema?

Badirudi eredu hibrido batera joango garela, hasieran behintzat. Adibidez, Alemanian-eta ikasle batzuk aste batean joaten dira eskolara, eta besteak etxean geratzen dira; hurrengo astean alderantziz egiten dute. Horrelako ereduak ikusten dira. Horrek aldaketa asko dakartza, eta ikusi behar duguna da gizarte moduan nola egingo diogun aurre horrelako egoera bati. Zentzugabea da pentsatzea aste batean ikasleak ez direla eskolara joango eta etxean geratu beharko direla. Norekin geratuko dira, eta horrek zer-nolako eragina izango du familian? Orain, ikasleentzat aldaketa hori ahalik eta onena izan dadin, eragileetako kideok lan asko daukagu orain egiteko.

Zergatik arduratzen zaitu hainbeste hezkuntzak?

Uste dut gauza pertsonal bat dela. Nik ez diot utzi inoiz ikasteari; orain ere gradu bat ikasten ari naiz. Beti aritu izan naiz ikasten. Uste dut hezkuntzak nahi duzuna izateko aukera ematen dizula. Hainbat tresna eman beharko lituzke eskolak, gero zuk zure bizitzan zer egin nahi duzun erabakitzeko. Nik bezala, herritar guztiek izan behar lukete hezkuntza egoki bat jasotzeko eta bizitzan berak nahi duena izateko aukera. Hezkuntza publikoa hori da: guztiei bizitzan nahi dutena izateko aukerak eskaintzea.

Kazetaritza ikasi izan ez bazenu, zer?

Orain, ingeles filologia ikasten ari naiz, hizkuntzak asko gustatzen zaizkidalako eta etorkizunean agian irakasle izango naizelako. Baina interes asko dauzkat, eta mila gauza ikasiko nituzke. Bizitzan zehar ikasiko nituzkeen gauza pila bat okurritzen zaizkit.

Zein dira Lurdesen interesak?

Hizkuntzak asko gustatzen zaizkit; bizitza osoa daramat horiek ikasten. Hezkuntza ere interesatzen zait, eta egun hauetan asko ari naiz irakurtzen hezkuntzari buruz.

Azkoitia edo Bilbo, zein nahiago?

Batzuetan bat, eta besteetan, bestea. Orain Azkoitian nago, eta konfinamendu garairako uste dut leku hobea dela. Izan ere, Bilbon orain metroan sartzea eta bi metroko distantzia mantentzea... Gainera, Azkoitian etxetik bi minutura zaude mendian, eta hori gehiago kostatzen da Bilbon. Konfinamendu egoerarako nahiago dut Azkoitia, baina Bilbo hiri txikia da, eta Azkoitia baino aukera gehiago ditu kultur arloari dagokionez. Bilbo ere asko gustatzen zait.

Zer egiteko aprobetxatu duzu konfinamendua?

Hezkuntzaz asko irakurri dut; eztabaida pila bat dago gai horren inguruan, eta saiatzen ari naiz adituek esaten dutena jarraitzen. Jende pila bat ari da horretaz hausnartzen, eta asko ari naiz irakurtzen. Gainera, ikasteko aprobetxatu dut itxialdia; izan ere, laster azterketak izango ditut. Online egin beharko ditut.

Eta zer sumatu duzu faltan, batez ere?

Mendia eta kanpoan kirola egitea.

Zerk pozten dizu eguna?

Gauza askok. Familiarekin egun on bat pasatzeak, film on bat ikusteak, lagunekin afari bat egiteak, liburu bat irakurtzeak, mendira edo hondartzara joateak... Gauza handirik ez dut behar.

Nolakoa zinen txikitan?

Ez daukat oroitzapen handirik, baina amak esaten dit ez nintzela geldirik egoten eta txikitatik gauza desberdinen inguruko interes asko neuzkala. Geldirik ez egoteaz gain, ikastea eta gauzak egitea nahi nuela ere esan izan dit. Lasaia ez nintzen, behintzat.

Asko etortzen zara Azkoitira?

Bai, familia bisitatzera dezente etortzen naiz, ahal dudanean.

Oporretara joateko aukera izango bazenu, nora joango zinateke?

Urte askoan asko bidaiatu dut, zorteduna naiz alde horretatik, eta orain, lagunak bisitatzera joango nintzateke. Hainbat lekutan sakabanatuta ditudan lagunak bisitatuko nituzke, atzerrian edo hemen inguruan ditudanak. Aurtengo udan ez da urrutira joateko aukerarik izango, eta lasaiago hartuko dut oporraldia.

Bilbon galtzeko txoko bat?

Asko gustatzen zait Zorrotzaurre. Auzo giro handia dute bertan; gauza asko egiten dituzte han bizi direnek: kultur arloan aritzen dira, tailerrak egiten dituzte, umeentzako espazioak sortzen dituzte... Horrek asko erakartzen nau. Dena den, hori guztia bota eta Manhattan txiki bat egiteko asmoa dago; aberatsentzako auzo bat izan dadin nahi dute. Horregatik, orain aprobetxatu behar da hara joateko. Lagunak Bilbora etortzen direnean, hara eramaten ditut.

Astebururako plan perfektua?

Familiarekin egon, mendia, hondartza eta lagunak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide