Ireki dituzte Ugarteigarango igerilekuak, ezohiko baldintzetan

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 15a, 12:13

Edukieraren %60arekin zabaldu ditu ateak Ugarteigarango igerilekuak gaur goizean. 10:30etik 14:45era eta 15:45etik 20:00etara egongo da zabalik, eta erabiltzaileek igerilekura sartu aurretik txanda hartu beharko dute.

Gaurtik aurrera Ugarteigarango igerilekuak erabilgarri izango dituzte herritarrek. Goizean zehar ez bada ere jende asko bertaratu, aurten edukieraren %60a baimendu du udalak. Guztira 840 pertsonak izango dute beraz instalazioak erabiltzeko aukera. Helduen igerileku barruan, berriz, 188 pertsona egon ahalko dira eta 25, umeenean.

Igerileku irekiak erabiltzeko aurrez txanda hartu beharko dute herritarrek, eta 10:30etik 14:45era eta 15:45etik 20:00etara egongo da zabalik. Egunean bitan itxi egingo dituzte igerilekuak desinfektatzeko: eguerdian ordubetez, eta iluntzean, instalazioak itxi ostean.

Erabiltzaileek osasun eta segurtasun neurriak bete beharko dituzte, eta ezingo dira zelaiko mahaiak eta txirristak nahiz aldagelak eta dutxak erabili. Horrez gain, zelaian arduradun bat egongo da arauak betetzen direla bermatzeko. Halaber, beharrezkoa izango da bi metroko distantzia mantendu ezin den kasuetan maskara erabiltzea zelaian. Gainera, sarrerak eta irteerak egiteko seinaleak jarri dituzte lurrean eta hormetan. Igerilekua ixten denean, berriz, bi irteera gune egongo dira aurten. 

Erreserba egiteko moduak

Igerilekura sartu aurretik txanda hartu beharko dute erabiltzaileek, telematikoki nahiz aurrez aurre. Alde batetik, www.elkarguneazkoitia.eus atarian klikatuta, erreserben plataforma digitalera sartuko da erabiltzailea, eta bertan zerbitzu guztiak agertuko zaizkio ordutegiarekin. Online erreserba egiteko ezinbestekoa da bazkide izatea. Bestetik, Elkarguneko nahiz Ugarteigarango harreran igerileku irekietarako erreserba egiteko aukera eskainiko zaie bazkideei nahiz bazkide ez direnei. 

Bazkide bakoitzak bost pertsonentzat egin ahalko du erreserba, betiere bostak familia berekoak badira. Herritar bakoitzak astean lau erreserba egin ahal izango ditu, eta erreserbak ezingo dira hiru egun baino lehenago egin.

Bestalde, 14 urtez azpiko erabiltzaileei beren gurasoek edo arduradunek egin beharko die erreserba plataforma digitalaren bitartez, eta bazkide ez badira, guraso edo arduradun batekin joan beharko dute gaztetxoek igerilekura sarrera erostera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide