Elkarguneko futbol zelai berriko belar artifiziala jarri dute

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 13a, 16:00

Elkargunean igerileku eta aldagela berriak eraikitzen hasi aurretik egin beharreko lanak gauzatzen ari dira pixkanaka. Futbol zelai zaharra dagoen lekuan eraikiko dute igerileku berria, eta horretarako, futbol zelaia lekuz aldatu behar dela jasotzen du proiektuak, orain gutxira arte saskibaloiko kantxa zegoen lekura, hain zuzen. Dagoeneko jarri dute futbol zelai berriko belar artifiziala.

Aurrera doaz Elkargunean igerileku eta aldagela berriak eraiki aurretik egin beharreko lanak. Estalitako igerileku berria orain futbol zelaia dagoen lekuan eraikiko dute, eta horretarako, futbol zelaia lekuz aldatzea erabaki zuen udalak. Hain zuzen ere, saskibaloiko kantxa kentzea eta haren lekuan futbol zelai berria egitea aurreikusten du proiektuak, eta horretan ari dira: dagoeneko jarri dute futbol zelai berriko belar artifiziala. Irazgaizte eta belar artifiziala jartzeko hornidura eta instalazio lanen aurrekontua 119.201 eurokoa izango da. Igerilekua handitzeko proiektua gauzatu bitartean, bi futbol zelai izango dira kanpoko gunean.

Sestra enpresak idatzi du Elkarguneko igerileku eta aldagela berrien exekuzio proiektua, eta enpresa horrek izango du obrak zuzentzeko eta exekutatzeko ardura ere, 150.040 euroren truke. Aurretik berak egin zuen azpiegiturak handitzeko alternatiben azterlana, aukerarik hoberena zein zen zehaztu ahal izateko. Hobetsitako proposamena gauzatzeko 1.538.073 euro beharko zirela esan zuen orduan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide