Astelehenetik aurrera, Lurraldebusen ohiko zerbitzuak berreskuratuko dira

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 12a, 17:51
Xabier Munibe kaleko Lurraldebusen geltokia.

Autobusean bidaiatzeko hainbat baldintza bete beharko dira aurrerantzean ere. Gaueko zerbitzuari dagokionez, berriz, bertan behera mantenduko da oraingoz.

Ekainaren 15etik aurrera, Lurraldebusen linea guztiek lehengo ordutegiak berreskuratuko dituzte. Izan ere, koronabirusaren krisiaren ondorioz, murriztuta egon da Lurraldebuseko autobusen maiztasuna Urola Erdian. Hala ere, aurrerantzean hainbat erabilera baldintza bete beharko dituzte bidaiariek autobusez joan-etorriak egiterakoan. Hala nola, maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, eta bidaiarien ardura da beste bidaiariekiko ahalik eta distantzia handiena mantentzea.

Autobusera sartzerakoan, berriz, bidaiariak kontuan izan beharko du gidaria babesteko egokitutako autobusa den ala ez. Izan ere, gidaria babestutako autobusetan, aurreko atetik igotzeko aukera eskainiko da; aldiz, horrela ez den kasuetan, atzeko ateetatik sartu beharko da.

Bidaia ordaintzeko neurriei dagokienez, ezingo da eskudirutan ordaindu. Mugi txartela izango da onartutako ordainbide bakarra. Txartel anonimoen kasuan, autobusera atzeko ateetatik sartzea egokitzen bada, txartel bakoitzeko bidaiari bakar batek bidaiatu ahalko du. Txartela, sartzerakoan eta irteterakoan balioztatuko da gertuen dagoen makinan. Ibilbide luzeko lineetan, bidaia txartela aurrez erosiko da autosalmentarako makinetan, mugikorrerako Lurticket aplikazioan, web bidez edota txarteldegietan. 6 urtetik beherakoen kasuan, ohi bezala, haurrarekin bidaiatzen duen pertsona arduradunak gidariari jakinaraziko dio, Zero txartela atera dezan. Autobuserako sarrera atzeko ateetatik egiten denean, gidariak gordeko du adin txikikoaren Zero txartela.

Mugi txartela ez duten pertsonek eta hura eskuratu nahi dutenek ohiko salmenta guneetan eta kioskoetan eros dezakete mugi anonimoa (informazio gehiago www.mugi.eus webgunean eta 943 000 117 telefono zenbakian). Bestalde, autobuserako sarrera atzeko ateetatik den zerbitzuetan bertan behera geratuko da multibalioztatzea. Horretarako, bakoitzak bere txartela eraman beharko du bidaiatzerakoan. Eta, azkenik, Internet bidezko birkarga aktibatzeko, Lurraldebuseko autobus guztietan egin ahal izango da, sarrera atzeko ateetatik egiten denean izan ezik. Kasu horretan, Kutxabankeko kutxazainetan aktibatu beharko da.

 

Ohiko ordutegiak indarrean

Urola Erdiko sei lineatan (UK01 Azkoitia-Donostia, UK-02 Azkoitia-Tolosa, UK-03 Azkoitia-Zarautz, UK-04 Beizama-Azpeitia, UK-05 Zestoa-Ermua eta UK06 Zumaia-Zumarraga) ohiko ordutegietan egingo dira joan-etorriak, astelehenetik aurrera. Hemen ikus daitezke astelehenetik aurrera indarrean jarriko dituzten ordutegiak.

 

Gaueko zerbitzurik ez

Lurraldebusek bere ohiko zerbitzuak berreskuratuko ditu eguneko lineetan, baina gaueko lineak bertan behera mantenduko dira oraingoz. Beraz, autobus zerbitzuak beste abisu bat eman arte ez da gaueko autobus zerbitzurik izango.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide