Astelehenean zabalduko dituzte Elkargunea eta Ugarteigarango igerileku irekiak

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 11a, 10:30
Elkarguneko igerilekua desinfektatzen. (Azkoitiko Udala)

Segurtasun eta osasun neurriak hartuta irekiko dituzte astelehenean Elkargunea eta Ugarteigarango igerileku irekiak. Aurrez erreserbatu beharko dituzte erabiltzaileek gune horiek.

COVID-19 gaitza dela-eta itxita egon dira Elkargunea eta Ugarteigarango igerilekuak, baina astelehenetik aurrera, hilak 15, berriro zabalduko dituzte. Udalak adierazi duenez, "ezohiko baldintzetan" irekiko dituzte bi guneak, eta protokolo zehatzak landu eta adostu dituzte Elkarguneko batzordean. Hain zuzen ere, udalak adierazi du "egunak" daramatzatela gune horiek egoera berrira egokitzeko lanetan.

Elkargunean, gimnasioa eta igerilekuak erabili ahal izango dituzte herritarrek, baina horretarako aurrez hitzordua hartu beharko dute online —erreserbak egiteko plataforma digitala erabilgarri egongo da astelehenetik aurrera— nahiz Elkarguneko harreran. Hauek dira Elkarguneko gimnasioaren eta igerilekuaren ordutegiak:

Zubiaurre Elkarguneko igerilekua

  • Astelehenetik ostiralera: 07:00etatik 13:30era eta 14:30etik 20:45era.
  • Larunbatetan: 09:00etatik 13:30era eta 14:30etik 19:45era.
  • Igandeetan eta jaiegunetan: 09:00etatik 13:45era.

Edukierari dagokionez, kale bakoitzean bi lagun ibili ahalko dira; beraz, hamabi pertsona igerileku osoan. Igerileku txikian, aldiz, zortzi pertsona egon ahalko dira aldiro. Bestalde, aldagela zaharra nahiz berria txandaka ibili beharko dira, eta dutxak ez dira martxan egongo.

Zubiaurre Elkarguneko gimnasioko txandak

Gimnasioa erabiltzeko txanda hartu beharko dute erabiltzaileek, eta honako ordu tarteak izango dira erabilgarri:

  • Astelehenetik ostiralera: 07:00-08:30 / 08:30-10:00 / 10:00-11:30 / 11:30-13:30 / 14:30-16:00 / 16:00-17:30 / 17:30-19:00 / 19:00-20:45
  • Larunbatetan: 09:00-10:30 / 10:30-12:00 / 12:00-13:30 / 14:30-16:00 / 16:00-17:30 / 17:30-19:00 / 19:00-19:45
  • Igandeetan eta jaiegunetan: 09:00-10:30 / 10:30-12:00 / 12:00-13:45

Gimnasioko makinak bi geletan banatuko dituzte, erabiltzaileen arteko tartea bermatzeko helburuarekin. Gehienez, 45 pertsonak erabili ahalko dute gimnasioa aldiro; makinako pertsona bat egon ahalko da, eta begirale bat jarriko dute osasun eta segurtasun neurriak betetzen direla ziurtatzeko.

Erabiltzaileek bi toalla eraman beharko dituzte gimnasiora, eta dutxak zein aldagelak erabiltzerik ez da izango. Bestalde, gimnasioko gailuak garbitzeko beharrezko produktuak ezarriko dituzte geletan.

Ugarteigarango igerileku irekiak

Ugarteigarango igerilekuak ere erabilgarri izango dituzte herritarrek astelehenetik aurrera, eta edukieraren %60 baimenduko du udalak. Guztira, 840 pertsonak izango dute instalazioak erabiltzeko aukera; 188 egon ahalko dira helduen igerileku barruan eta 25 umeenean —berez 1.400eko edukiera du Ugarteigaranek, 314 pertsona sartzen dira helduen igerilekuan eta 42 umeenean—.

Igerileku irekiak erabiltzeko ere aurrez txanda hartu beharko dute herritarrek, eta 10:30etik 14:45era eta 15:45etik 20:00etara egongo da zabalik. Egunean bitan itxi egingo dituzte igerilekuak desinfektatzeko: eguerdian ordubetez, eta iluntzean, instalazioak itxi ostean.

Erabiltzaileek osasun eta segurtasun neurriak bete beharko dituzte gainontzeko instalazioetan bezala, eta ezingo dira zelaiko mahaiak eta txirristak nahiz aldagelak eta dutxak erabili. Horrez gain, zelaian arduradun bat jarriko dute arauak betetzen direla bermatzeko.

Maskarak, derrigorrezkoak

Elkargunera nahiz igerilekura sartzeko beharrezkoa izango da maskara eramatea. Gimnasioan kirola egitean soilik kendu ahalko dute erabiltzaileek maskara, eta Ugarteigarango igerilekuetan bi metroko distantzia mantendu ezin den kasuetan ere, zelaian maskara erabili beharko da.

Erreserba egiteko moduak

Instalazioen erreserbak egiteko hainbat modu izango dituzte herritarrek, telematikoki nahiz aurrez aurre:

  • www.elkarguneazkoitia.eus atarian esteka bat jarriko da erreserbak egiteko. Esteka klikatuta, erreserben plataforma digitalera sartuko da erabiltzailea eta bertan zerbitzu guztiak agertuko zaizkio ordutegiarekin. (Online erreserba egiteko ezinbestekoa da bazkide izatea)
  • Elkarguneko harreran Ugarteigarango igerileku irekietarako, Elkarguneko igerilekurako edo gimnasiorako. (Bazkide eta ez bazkideek)
  • Ugarteigarango harreran igerileku irekietarako. (Bazkide eta ez bazkideek)

Online erreserba egin nahi dutenek, plataforma digitalaren bidez nahiz aurrez aurre hartu ahal izango dute hitzordua. Bazkide ez direnek, aldiz, Elkarguneko harreran erosi beharko dute sarrera gimnasiorako nahiz igerilekurako. Ugarteigarango igerileku irekirako ere Elkargunean zein Ugarteigaranen hartu ahal izango dute hitzordua horiek.

Bazkide bakoitzak bost pertsonentzat egin ahalko du erreserba, betiere bostak familia berekoak badira. Herritar bakoitzak astean lau erreserba egin ahal izango ditu, eta erreserbak ezingo dira hiru egun baino lehenago egin.

Bestalde, 14 urtez azpiko erabiltzaileei beren gurasoek edo arduradunek egin beharko die erreserba plataforma digitalaren bitartez, eta bazkide ez badira, guraso edo arduradun batekin joan beharko dute gaztetxoek Elkargunera edo Ugarteigaranera sarrera erostera.

Bazkide kuota

Udalak adierazi duenez, bazkide kuota ekainaren 15ean berrezarriko da, baina uztailera arte ez dute kobratuko. Handik aurrera, berriz, hilero kobratuko dute. Hala ere, apirileko, maiatzeko nahiz ekaineko kuotarik ez dutela kobratuko adierazi dute. Izan ere, kuota hil hasieran kobratzen denez, martxoan hilabete osoa ordaindu zuten bazkideek eta azken bi asteetan ez zen zerbitzurik eman; hori berdintzeko, ekaineko kuota ere ez da ordaindu beharrik izango. Bestalde, Elkargunea abuztuan ere irekita egongo da, aurreko urtean ez bezala.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide