San Joan surik ez dute piztuko aurten Balda plazan

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 10a, 14:00
Iazko ekitaldiko irudi bat.

Udaleko Aisialdi batzordean onartu dute aurtengo San Joan sua bertan behera uztea. 

Aurten ez dute surik piztuko Azkoitian San Joan bezperan. Azkoitiko Udalak azaldu duenez, COVID-19ak ekarritako ondorioen artean dago bertan behera uztearen erabakia. "Jendetza bildu ohi da suaren inguruan urtero, eta aurten bizi dugun ezohiko egoera honetan ez da arrazoizkoa ikusi San Joan sua egitea eta festa ospatzea", azaldu du udalak.

Udalak jakinarazi du Aisialdi batzordean aho batez hartu dutela erabakia udal ordezkariek. Suaren inguruan biltzeko usadio zaharrari eusterik ez da izango aurten, ezta haren bueltan egin ohi diren dantzak ikusteko eta musika entzuteko aukerarik ere. Iaz, Anaitasuna Kakute Xake Taldeko eta Iraurgi Abesbatzako kideek izan zuten Balda plazako sua pizteko aukera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide