Langabezia tasak gora egin du maiatzean ere

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 9a, 10:23
Azkoitiko langabezia tasa %9,9koa izan da maiatzean.

Urte hasieratik maiatzera ia bi puntu igo da Azkoitiko langabezia tasa: %8tik %9,9ra. Apiriletik maiatzera bitarteko datuen arabera, berriz, ia beste puntu erdi bat egin du gora langabeen ehunekoak. Maiatzaren bukaeran, 579 lagun zeuden lanik gabe Azkoitian, Lanbidek emandako datuen arabera.

Osasun krisialdia ez ezik, ekonomian ere ekarri ditu ondorioak koronabirusak. Azken hilabeteetan gora egin du langabezia tasak Euskal Herriko txoko gehienetan, eta Azkoitian ere bai. Lanbidek emandako datuen arabera, urte hasieratik apirilera bitartean puntu eta erdi igo zen langabezia herrian; hau da, %8tik %9,5ra igaro zen lanik gabe zeuden azkoitiarren ehunekoa hil horretan. Maiatzean ere joera berretsi egin da, eta ia puntu erdia igo da tasa: hain zuzen ere, maiatzeko datuen arabera, %9,9 da Azkoitiko langabezia tasa.

Pertsona kopuruari erreparatuz gero, maiatzaren bukaeran 579 lagun ziren lanik gabe, apirilean baino 23 gehiago. Urtarrileko datuekin konparatuta, berriz, maiatzean 109 lagun gehiago ziren lanik gabe Azkoitian. Eta 579 langabetatik 271 ziren gizonak, eta 308 emakumeak; hau da, emakumeak dira langabeen %53,2. Adin tarteka aldeak nabarmenak dira; izan ere, 25 urtez azpiko 25 gizon eta 18 emakume zeuden lanik gabe pasatu berri den hilabetean; 25 eta 44 urte bitarteko 113 gizon eta 148 emakume; eta 45 urtetik gorako 133 gizon eta 142 emakume. Apirilean gisan, gazteen adin tartean gizonak baino gutxiago dira emakume langabeak, baina gainerako bi adin tarteetan, emakume langabeen kopurua gizonena baino handiagoa da. Dena den, maiatzean lanik gabe gelditu ziren herritar gehienak 25 eta 44 urte bitartekoak dira.

Bestalde, maiatzean langabezian ziren herritarrek zer eremutan egiten zuten lan ere zehaztu du Lanbidek: 28 nekazaritzan, 101 industrian, 30 eraikuntzan, 332 zerbitzuetan; 88 lagun zeuden lehendik lanik gabe. Apirileko sektorekako datuekin alderatuta, zerbitzuetan aritzen ziren lanik gabe gelditu diren herritar gehienak.

Inguruko herrietan zer?

Azpeitiko langabezia tasa Gipuzkoakoaren (%10,9) eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batez bestekoaren (%13,2) azpitik dago. Urola Kostako batez bestekoa, berriz, %9,4 da —apirilean %9,1 zen—; eta zenbateko hori baino pixka bat altuagoa da Azkoitikoa. Dena den, eskualdeko ia herri guztietan egin du gora langabeen kopuruak apirilarekin alderatuta: maiatzean, guztira, 3.555 lagun ziren lanik gabe, apirilean baino 108 pertsona gehiago. Horietatik 2.011 emakumeak dira (%56,56) eta 1.544 gizonak.

Honako hauek dira Urola Kostako herrietako langabezia tasak: Aia %7,1 (apirilean, %6,5); Aizarnazabal %13,2 (apirilean, %13,4); Azpeitia %9,9 (apirilean, %9,4); Beizama %8,5 (apirilean, %6,8); Getaria %8,1 (apirilean, %7,7); Orio %9,9 (apirilean %9,8) Zarautz %9,3 (apirilean, %9,1); Zestoa %9,5 (apirilean, %9); Zumaia %9,1 (apirilean, %8,9). Datu horien arabera, Aizarnazabalek du langabezia tasa altuena, eta haren ostean dira Azkoitia eta Azpeitia tasa berarekin. Herri horiek eta Zestoak gainditzen dute eskualdeko tasaren batez bestekoa; gainerako herriek tasa baxuagoa dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide