Plaza Ondo elkarteak eta Udalak lankidetza akordioa berritu dute

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 8a, 14:19
Udalean akordioa sinatu duten unea. (Argazkia: udala)

Jubilatuen elkarteak 23.800 euroko laguntza jasoko du urteko jarduerak antolatzeko. Plaza Ondok aurten ez du antolatuko 90 urtekoen omenezko bazkaria, COVID-19agatik.

Azkoitiko Udalak urteroko lankidetza hitzarmena sinatu du Plaza Ondo jubilatuen elkartearekin. Elkarteak antolatu ohi dituen urteko ekintzak egiten laguntzeko udalak 23.800 euroko dirulaguntza eman dio jubilatuen elkarteari, jarduerek duten interes publiko eta soziala tarteko. 

Plaza Ondo Elkarteak egitarau zabala antolatu ohi du. Besteak beste, elkarteko kideak arduratzen dira 90 urte betetzen dituzten azkoitiarrei egiten zaien omenaldiaz, bidaiak antolatzeaz, eskulan tailerrak egiteaz, Jubilatuen Astea antolatzeaz edota bingoaz zein karta jokoez. 

Aurten hainbat ekintza bertan behera utzi behar izan ditu elkarteak koronabirusagatik, besteak beste, 90 urte betetzen dituzten herritarren omenez andramaixetan egiten den bazkaria. Udalak azaldu du aurten ez dela bazkaririk egingo. Halere, 2020. urtean 90 urte betetzen dituzten azkoitiarrek oroigarri bana jasoko dute omenaldi gisa. 

Javier Zubizarreta alkateak eta Estefania Ayerdi elkartearen ordezkariak sinatu dute hitzarmena. Ayerdik bidelagun izan ditu Lurdes Sudupe eta Antton Elorza elkartekideak. Aurretik bilera egin dute Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Janire Igoa eta saileko arduradunarekin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide