Ludotekak eta Topalekuak udako aisialdi jarduerak eskainiko dituzte

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 8a, 11:41

Ekainaren 29tik uztailaren 18ra bitartean egingo dituzte aisialdi jarduerak. Begirale bakoitzak bederatzi haur edo nerabek osatutako taldea izango du. Izen-ematea ekainaren 15ean zabalduko da Ludotekako bazkideentzat, eta hiru egun beranduago bazkide ez direnentzat.

Udarako aurreikusitako Udazblai udalekuak bertan behera utzi behar izan dituzte COVID-19a tarteko. Azkoitiko Udaleko Gazteria Zerbitzuak, Ludotekarekin eta Topalekuarekin elkarlanean, 'Uda haur eta nerabeekin' programa antolatu du orain.

Ludotekak 'Uda haurrekin' ekimena jarriko du martxan, eta Topalekuak 'Uda nerabeekin'. Aisialdi jarduerak goizez egingo dituzte ekainaren 29tik uztailaren 18ra bitartean. Asteko egun batean, ordea, goizez eta arratsaldez egingo dituzte ekintzak. 

Ludotekan, 'Uda haurrekin'

Ekainaren 29tik uztailaren 18ra, astelehenetik ostiralera bitartean egingo dituzte aisialdi jarduerak Ludotekan. Aste bakoitza adin tarte bati eskainiko diote. Hori horrela, ekainaren 29tik uztailaren 3rako astea HH4 eta HH5 mailetako neska-mutilentzat izango da. Uztailaren 6tik 10era bitarteko astea, LH1 eta LH3 arteko ikasleei zuzenduko diete, eta LH4 eta LH6 bitarteko ikasleen txanda izango da uztailaren 13tik 18ra. Hezitzaile edo begirale bakoitzak bederatzi neska-mutilez osatutako taldea izango du.

Topalekuan, 'Uda nerabeekin'

Ludotekan bezala, Topalekuan ere astelehenetik ostiralera bitartean egingo dituzte ekintzak ekainaren 29tik uztailaren 18ra. 'Uda nerabeekin' programa 13 eta 17 urte bitarteko nerabeei zuzenduta egongo da. Hezitzaile edo begirale bakoitzak bederatzi parte hartzaileko taldea izango du. 

Izen-ematea

Udalekuetan parte hartzeko izen-emate epea ekainaren 15etik 24ra bitartean egongo da zabalik. Edonola ere, Ludotekako bazkideek lehetasuna izango dute eta horiek izena eman ahalko dute ekainaren 15etik 18ra bitartean. Bazkide ez direnek, berriz, ekainaren 18tik 24ra bitartean egin beharko dute izen-ematea.

Izena emateko, gainera, hainbat bide zabaldu dituzte. Astelehenetik ostiralera bitartean, 10:30etik 13:00etara eta 16:00etatik 18:30era, 943-02 60 27 telefono zenbakira deituta edota Elkarguneko Gazte Zerbitzu bulegoan bertan egin ahalko da izen-ematea, baina baita gazteinfo@gazteriazkoitia.eus helbide elektronikora idatzita ere. Jakinarazi dutenez, plaza kopurua mugatua da. Halere, itxaron zerrenda sortuko dute. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide