Baztartxoko arduraduna

Tomas Guembe: "Egoera arraroa da, eta ez dakigu ikus-entzuleek nola erantzungo duten"

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 5a, 12:06
Tomas Guembe.

Tomas Guembe (Azkoitia, 1971) Baztartxo antzokiko arduraduna da, eta gaur, ostirala, berak zabalduko ditu hiru hilabeteren ondoren antzokiko ateak. 'Invisibles' filmarekin hasiko dira berriz ere film emanaldiak Azkoitiko antzokian. Irekierari buruzko hainbat azalpen eman du Guembek.

Ia hiru hilabeteren ondoren, gaur irekiko ditu ateak Baztartxo antzokiak.

COVID-19a agertu zenean Baztartxo ixteko agindua jaso genuen. Tarte horretan pintaketa lanak eta mantenimenduko bestelako lanak egin ditugu.

COVID-19aren ondoren ateak irekiko dituen Gipuzkoako lehen antzokia izango da Baztartxo. Zein neurri hartuko dituzue?

Bizkain bizpahiru areto zabalduko dituzte, baina Gipuzkoan zabalduko duten lehena Baztartxo izango da. Aretoaren edukieraren %30arekin zabalduko ditugu ateak asteburu honetan. Hirugarren fasean sartuz gero, ordea, edukieraren erdian irekitzeko aukera izango dugu. Bi metroko distantzia mantendu beharko dute ikus-entzuleek, eta horregatik besaulkien lerroak tartekatuta itxi ditugu; lerro batean jartzeko aukera egongo da, baina haren aurrekoan zein atzekoan ez. Besaulkietan etxe bereko pertsonek elkarrekin jartzeko aukera izango dute, baina gainerakoek bi besaulkiren arteko tartea gorde beharko dute. 

Sarrerak ez dira zenbakitutakoak Baztartxon, eta horregatik antzokiko arduradun batek lagunduko die ikus-entzuleei dagokien lekura. Edukieraren %30arekin 180 lagunek izango dute Baztartxon sartzeko aukera. Ddistantziak gorde behar izanez gero, halere, lagun gutxiago sartzen dira. Betetzen denean edota distantziak gordetzeko aukerarik ez dagoela ikusten dugunean, itxi egingo ditugu aretorako ateak. Komunetan, berriz, nahikoa tarte dago komun batetik bestera. Txizatokietan, ordea, erdiko biak itxi ditugu, distantziak mantentzeko. Gel hidroalkoholikoak jarriko ditugu bai komunaren atarian eta bai antzokirako sarreran. Denda, berriz, itxita mantenduko dugu momentuz. Ikusiko dugu datorren astetik aurrera zer egin.

Nolako harrera espero duzue lehen asteburuan?

Geuk ere ez dakigu. Ostiralak eta zapatuak lasai samarrak izan ohi dira. Igandeetan eta astelehenetan, bestalde, jende asko etorri ohi da. Egoera arraroa da, eta ez dakigu ikus-entzuleek nola erantzungo duten; esperoan gaude. Filmak ikustera etortzen diren herritarrek, halere, egin dizkigute hainbat galdera.

Ekaineko filmak lortzeko prozesua erraza izan al da guztia etenda egon den honetan?

Ez da erraza izan, ez. Filmen banaketa-enpresa asko ez dira hasi lanean oraindik. Nahikoa zaila da egoera. Lau film eskainiko ditugu ekainean. Batetik, orain hasiera emateko moduko hiru film hautatu ditugu: Invisibles, Harriet en busca de la libertad eta Lo mejor está por llegar. Emango dugun laugarren filma, berriz, Especiales izango da. Itxi baino lehenagorako programatuta genuenetako bat da azken hori. 

Udan Baztartxok ateak itxi ohi ditu. Aurten zer egingo duzue?

Asmoa da orain antzokia irekitzea eta ekainean zehar jendearen erantzuna nolakoa izan den ikustea. Jendeak ondo erantzuten badu, uztailaren hasieratik abuztuko lehen egunetara bitartean filmak emango ditugu Baztartxon. Ikus-entzuleen arabera hartuko dugu erabakia. Jende gutxi etortzen bada, ordea, ez du merezi antzokia irekitzea. Egoera desberdina da aurten eta ez dakigu nolako erantzuna izango duten filmek. Orain ateak zabaltzeko erabakia hartu dugu, eta gero ikusiko dugu. 

Koronabirusa agertu aurretik, ikus-entzuleek nola erantzuten zuten Baztartxon?

Hasierako urteetatik jaitsita dago kopurua, baina bonuek jendea berriz ere antzokira erakartzen lagundu dute; jendea animatu egiten dute. 30 euroren truke hamar film ikusteko aukera ematen dute bonuek; urtarrilean hasi eta abenduan amaitzen da bonua erabiltzeko epea. Irailetik aurrera, berriz, bost film ikusteko bonuak ateratzen ditugu 15 euroren truke. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide