Izarraitz, zerutik

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 3a, 11:25

Izarraitzeko mendilerroa grabatu du Ainara Garcia argazkilariak; ez, ordea, ohiko ikuspegitik. Drone baten bidez, altueratik hartutako irudiak ikus daitezke bertan. 

Izarraitzeko hainbat pasaiekin osatutako bideoa Interneten ikusgai jarri du Ainara Garciak. Izan ere, konfinatuta egon den bitartean, paraje horrekin amestu du gehien, eta aitzakia hori baliatu du bertara joan eta drone batekin irudiak bideoan hartzeko. 

Irudi horiekin, gainera, bere lehen proiektura egin du jauzi. Izan ere, Euskal Herriko paisaia politenen argazkiak egin zituen duela hamar urte. Honako hau dio argazkilariak bere azken lanari buruz: "Euskal Herrian paisaia politak ditugu emateko eta hartzeko, eta bereziki, Izarraitz mendikatea. Egunero ikusten dudan mendia da, esnatzean, leihotik begiratzen dudanean. Eta horren falta izan da gehien sumatu dudana konfinamenduaren azken aste hauetan. Beraz, ez zitzaidan Youtubeko itzulerarako bideo hau baino hoberik bururatzen. Honekin, argazkilari bezala, nire hastapenetako proiektu batera itzuli naiz: duela hamar urte inguru, Euskal Herriko paisaia politenen argazkiak egin nituen, gero erakusketa batean erakusteko. Eta uda honetan, egoera ikusita, askok etxetik gertu turismoa egitea aukeratuko dugunez, proiektu hura berreskuratu dut, baina oraingoan, formatu berri honetan". 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide