Gizarteratzea zikloa eskainiko du datorren ikasturtean Izarraitz Lanbide Heziketak

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 2a, 12:10
Azkoitiko Izarraitz Lanbide Heziketa LHII zentroa.

Aurrematrikula hilaren 19a baino lehen bideratzea nahitaezkoa izango da. Ikastetxeak bailarari zerbitzu bat eman nahi dio ziklo berriarekin, funtzio sozial bat betez eta sarean elkarlana sustatuz gainerako erakundeekin, enpresekin eta eragileekin.

Izarraitz Lanbide Heziketa LHIIk goi mailako ziklo berri bat eskainiko du 2020-2021 ikasturtean: Gizarteratzea zikloa. Datorren ikasturtean eskainiko dute eskari handiko titulazioa da arduradunen esanetan, eta horren erakusgarri da egungo edo etorkizuneko ikasleen artean izandako harrera. "Aurrematrikula egiteko epea atzo zabaldu zen, eta lehen hiru orduetan zortzi lagunek egin zuten ziklo berri honetarako aurrematrikula", azaldu du Eduardo Sudupe zuzendariak.

Zentroko mintegi-burua da Roberto Peña, eta haren esanetan, ziklo berriak jarraipena ematen dio erdi mailako Mendekotasun Egoeran Dauden Pertsonen Arreta zikloari. "Bailarari erantzuna ematea ahalbidetzen du, orain arte gure ikasleak kanpora atera beharra baitzuten zikloa egiteko. Oso garrantzitsua da aukera hau ematea".

Izarraitz Lanbide Heziketak 180 ikaslerekin ekin zion 2019-20 ikasturteari, eta ziklo berriari esker, ikasle kopurua handitu egingo da datorren ikasturtean.

Aurrematrikula, nahitaezkoa 

Izarraitz Lanbide Heziketako arduradunek gogorarazten dute aurrematrikula egitea derrigorrezkoa dela. Goi mailako zikloa egiteko batxilergoa edo erdi mailako zikloa eginda izan beharko dute ikasleek, eta aurrematrikula egiteko epea hilaren 19an amaituko da. Matrikula epea, berriz, uztailaren 13tik 17ra izango da.

"Aurrematrikula egiteak ez du ezertara lotzen ikaslea, baina aukera bat ematen du. Batxilergoko ikasle askok unibertsitatean egiten dute aurrematrikula, baina gure zentroan ere egiten badure, unibertsitatean onartuak izan ez diren horiek beste aukera bat izango dute. Notarik ere ez da eskatzen aurrematrikula egiteko", azaldu dute zentroko kideek.

Funtzio soziala eta elkarlana

Ziklo berriaren bueltan, bailarari zerbitzua eman nahi dio Izarraitz Lanbide Heziketak, funtzio sozial bat betez eta elkarlana sustatuz gainerako erakundeekin, enpresekin eta eragileekin. "Bailara ematen ari zaigun guztia bailarari bueltatu behar diogu. Ziklo honek elkarlanerako eta harremanetarako aukera emango digu. Praktikak gure zentroan bertan egin beharrean, ikasleek gizarteak behar duen zerbitzu bat eman dezakete", azaldu du Iñigo Azkue irakasleak. "Marea Urdinak galdetu zuen 'Zer egin dezaket nik inklusioaren alde?'. Eta guk, ikastetxe bezala, galdera hori egin dugu, eta aterabidea eman nahi diogu", azaldu du zentroko zuzendariak.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak du zentroek egindako formazio eskaerak ontzat emateko edo atzera botatzeko eskumena. Izarraitz Lanbide Heziketak bigarren ziklo bat ezartzeko eskaera ere egina zuen, baina ez dute onartu: Plataforma Anitzeko Sareen Garapen zikloa, zehazki. "Datorren urtean berriro egingo dugu eskaera, enpresek informatikariak kontratatzeko benetako beharra dutelako. Martxan dugun Mekatronikako zikloa eskatzen zuten enpresak dira orain beste profil hori eskatzen ari zaizkigunak", azaldu du Sudupek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide