Ibilgailuak ez ezik, autoen salmenta ere geldituta

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 31a, 14:03
Azkoitiko Ibargoi kontzesionarioa.

Autoen salmentak nabarmen egin du behera itxialdia hasi zenetik. Apirilean 90 auto matrikulatu ziren Hego Euskal Herrian, iaz hilabete berean baino 4.147 gutxiago. Ibargoi kontzesionarioan ere antzeman dute jaitsiera, baina itxaropentsu daude, ondo saltzen hasi direlako eta Eusko Jaurlaritzak auto berriak erosteko laguntzak agindu dituelako.

Herritarrak bezalaxe, haien ibilgailuak ere garajeetan eta aparkalekuetan konfinatuta egon dira azken hilabeteetan. Errepideko trafikoa murriztu izanak hirietako eta herrietako airearen kalitatea hobetzea ekarri du, baina autoen salmentak izoztu egin ditu. Martxoan iaz garai berean baino %76 auto berri gutxiago saldu ziren Hego Euskal Herrian, eta apirilean %95 jaitsi ziren salmentak; hilabete horretan 90 auto besterik ez zituzten matrikulatu, iazko apirilean baino 4.147 gutxiago. Azkoitiko Ibargoi kontzesionarioko Amaia Ibarmiak baieztatu egin du jaitsiera hori, eta normaltzat jo du: "Martxoaren 11tik maiatzaren 11ra saltokia itxita izan dugu; beraz, ezin izan dugu autorik saldu". 

Saltokia aldi baterako itxi behar izateak, egoerara moldatzera behartu dituela esan du Ibarmiak, eta lana aldi baterako erregulatzeko neurriak hartu behar izan dituztela, bestelako laguntzarik ez dutelako jaso. "Inorentzat ez dira garai errazak, baina nik uste enpresa txikia izateak lagundu egin digula oraingoan, egoerara errazago egokitu ahal izan garelako". Haren ustetan, kontzesionario handiek arazo handiagoak izango zituzten horretarako.

Dagoeneko, ordea, hasiak dira normaltasuna berreskuratzen. Maiatzaren 11an hasi ziren lanean beharrezko osasun eta segurtasun neurri guztiak hartuta, eta "pozik" dago martxa onean hasi direlako. "Zaila izango da denda itxita izan dugun bi hilabeteotan saldu ez duguna berreskuratzea, baina oso ondo hasi gara lanean". Urte hasierako martxara itzuli nahiko lukeela esan du. "Urte asko laguntzarik gabe egon eta gero, iaz auto berriak erosteko Renove plana jarri zuten indarrean, eta horri esker, urte oso ona izan genuen". Horregatik, Ibarmiak gustura hartu du Eusko Jaurlaritzaren iragarpena, esan baitu herritarrei auto berriak erosteko laguntzak ematen jarraituko duela. "Ezohiko egoera honen aurretik ere beharrezkoak ziren eta orain are gehiago. Herriko automobil parkea zaharkitua dago, eta oso ondo etorriko zaizkigu laguntza horiek".  

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide