Azkoitiko elkarte gastronomiko gehienek itxita jarraituko dute oraingoz

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 29a, 16:30
Martitte auzo elkartea egunotan irekitzeko asmoa dute.

Elkarte gastronomikoek ateak zabaltzeko baimena dute dagoeneko, baina Azkoitian, itxita jarraituko dute gehienek, bete beharreako segurtasun neurriak ezin dituztelako bermatu. Dena dela, bada salbuespenik ere. Hainbat elkarterekin hitz egin du Maxixatzenek. 

Bi hilabete eta erdiko itxialdiaren ostean, astelehenetik, konfinamendua arintzeko bigarren faseko neurriak indarrean direnetik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elkarte gastronomikoek badute berriz ateak zabaltzeko baimena. Ez, ordea, edozein modutan; koronabirusa zabaltzea saihesteko neurriak hartu beharko dituzte haiek ere, horien artean, higienea indartu beharko dute eta edukiera erdira murriztu. Azkoitian, elkarterik gehienek itxita jarraituko dute datozen egunetan; dena dela, bada salbuespenik. 

Beti-poz elkarteko kide Imanol Sudupek adierazi du momentuz elkartea ez irekitzea erabaki dutela, ezin dutelako bermatu beharrezko neurri guztiak hartzea. "Jendea erdira murriztu behar da, baina gastuak berdina edo handiago izaten jarraitzen du. Komunetako garbitasuna ere bermatu behar da, eta bakoitzak bere erara garbituta ez da fidagarria ateak irekitzea". Horregatik, fase honek irauten duen bitartean behintzat itxita mantenduko dute.

Ixkitturri elkarteko ateak ere oraingoz itxita mantenduko dituztela esan du Pablo Juaristi elkarteko ordezkariak: "Datorren ostiralean batzarkideen aldaketa dago, beraz egoera nola dagoen ikusita, guk proposamen bat egingo diogu talde berriari ekainaren 8an ireki ahal izateko: 60 eserleku 30era pasatu, gel hidroalkoholikoak eta desinfektanteak jarri, sukaldean maskara erabili eta abar. Komunak sortzen dizkigu zalantza gehien. Halere, datozen egunetan neurriak gehiago zehazten segiko dugu, eta ondoren talde berriak erabakiko du ireki edo ez".

Aldiz, Martitte auzo elkartea aurki zabaltzeko asmoa adierazi du hango kide Josune Epeldek: "Aste honetan hasteko moduan izango garela uste dut". Oraindik hartu beharreko neurriak zehazten ari badira ere, batzuk erabakita dituzte: mahaien artean bi metroko distantziak utziko dituzte eta mahai bakoitzean, gehienez, hamabost lagunek egon ahalko dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide