Posta bidezko botoa emateko laguntza zerbitzua eskainiko dute alderdiek

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 25a, 19:39

Herritarrek uztailaren 2a bitartean izango dute horretarako aukera Correosen bulegoetan, baina aukera dago alderdi politikoen bulegoetan ere. Modu iraunkorrean atzerrian bizi diren herritarrek, berriz, ekainaren 13ra arte eskatu ahal izango dute posta bidezko boza. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak uztailaren 12an izango dira, eta mahaiak osatzeko zozketak ekainaren 13tik 18ra egin beharko dituzte udalek.

Uztailaren 12an izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta dagoeneko zabaldu dute posta bidezko botoa emateko epea. Herritarrek uztailaren 2a bitartean izango dute horretarako aukera Correosen bulegoetan. Norberak egin beharko du eskaera, NAN originala aurkeztuta, baina gaixotasunak-eta dituztenek baimendutako pertsona baten bidez egin ahal izango dute; horiek mediku agiria aurkeztu beharko dute.

Alderdien bulegoak, zabalik

EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk uztailaren 12an izango diren hauteskundeetararako posta bidezko botoa eman nahi dutenentzako laguntzeko zerbitzua eskainiko dute. EAJk Batzokian, EH Bilduk Bilgunean eta PSE-EEk Herriko Etxean eskainiko dute laguntza zerbitzua.

EAJk astelehenetik ostegunera bitartean eskainiko du zerbitzua. Goizez 10:30etik 12:00etara eta arratsaldez 16:00etatik 17:30era. Kontsulta egiteko 663 55 51 27 telefono zerbitzua eman du alderdi jeltzaleak.

EH Bilduk ere astelehenetik ostegunera eskainiko du laguntza zerbitzua. Astelehenetan eta astearteetan 10:00etatik 12:00etara zabalduko dute Bilgunea, eta asteazkenetan eta ostegunetan 17:00etatik 19:00etara. Kontsulta egiteko azkoitia@ehbildu.eus helbidera zuzentzeko azaldu du koalizioak.

PSE-EEk, bestalde, asteartetik ostiralera bitartean zabalduko du Herriko Etxea, 12:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:30era bitartean. Informazio gehiagorako 943-85 20 51 telefono zenbakira deitu dezakete herritarrek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide