Terrazek eta tabernek aurrerantzean izango dituzten ordutegiak zehaztu ditu udalak

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 25a, 17:02

Gaurtik aurrera, konfinamendua arintzeko bigarren fasearekin, taberna eta jatetxe barruan ere har ditzakete bezeroak ostalariek, eta lokalen barruan lizentziaren arabera lehendik dituzten ordutegien barruan lan egin ahal izango dute horiek. Terrazek, berriz, itxiera ordutegi ezberdinak izango dituzte aste honetan eta asteburutik aurrera. 

Hego Euskal Herria COVID-19 gaitzari aurre egiteko konfinamendua arintzeko bigarren fasean sartu da gaur. Horrenbestez, besteak beste, lehen fasean indarrean izan diren ordutegi mugak bertan behera gelditu dira; eta terrazak ez ezik, taberna eta jatetxe barruak ere ireki ditzakete ostalariek bezeroentzat, hainbat segurtasun neurri ezarrita, beti ere.

Lehen fasean kafetegietako, tabernetako nahiz jatetxeetako terrazetan soilik egon zitezkeen herritarrak, eta 23:00ak arteko denbora mugarekin. Orain, berriz, ostalaritza guneen barruan ere egon ahal izango dira, edukieraren %50a bete arte, eta beharrezkoa izango da bi metroko distantziak mantentzea mahaitik mahaira. Izan ere, terrazetan nahiz barruan, une oro eserita egon beharko dute bezeroek.

Ostalaritza zerbitzuen ordutegiei dagokienez, udalen esku utzi dute horiek arautzea gaur hasi den deseskalatzearen bigarren fasean, eta Azkoitiko Udalak gaur bertan jakinarazi du horrekin lotuta prestatu duen ordenantza. Horrela, bakoitzaren lizentziaren arabera, lehendik dituzten ordutegiak berreskuratuko dituzte ostalariek taberna eta jatetxe barruetan. Terrazetan, aldiz, ordutegia ezberdina izango da aste honetan eta asteburutik aurrera. Gaurtik ostegunera, 23:00ak arte egon ahal izango dira martxan terrazak; aurreko bi asteetan bezala, beraz. Ostiralean, gauerdira arte luzatu ahalko dute terrazen irekiera. Datorren astelehenean sartuko gara ekainean, eta horrekin batera, hiru hilabetez —abuztua bukatu arte— iraungo duen udako ordutegiarekin lanean hasi ahalko dute terrazek. Udako ordutegiarekin, igandetik ostegunera gauerdira arte ireki ahalko dituzte terrazak ostalariek; eta 01:00ak arte, berriz, ostiraletan, larunbatetan eta jaiegun bezperetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide