Azkarateko hondakin gunea

Egon al daiteke norbait birziklapenaren kontra?

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 23a, 12:37
Azkaraten Larke 360 enpresak hondanentzat planta eraiki nahi duen eremuko irudia.

Azkoitiko Gremioen Elkarteko kideek honako gutun hau bidali dute Maxixatzenera, asteotan udalarekin izan dituzten eta izango dituzten bilkuren harira. Horrez gain, Larke 360 enpresak Azkaraten egin nahi duen hondakinentzako plantaz gain, beste eskaera bat ere badela azaldu dute: Excavaciones Lagunakek Ipintzan gauzatu nahi du. Bi plantak egiteko eskatu diote gremioetako kideek udalari, "betiere, kontrol publiko zorrotzarekin".

"Azkoitiko zenbait gremiotako ordezkariak elkartu ginela zioen berria plazaratu genuen lehengo astean. Idatzi hartan gaur egun dugun arazoaren berri ematen saiatu ginen, betiere kutsu politikorik gabe. Hala ere, arazoari irtenbidea eman nahian, udaletxera joan beharrean izan gara, hau da, politikaren mundura.

Badirudi gremioen aldarrikapen publikoak arazoa finkatzeko balio izan duela behintzat, prentsan orain ageri diren berriak zabortegietatik eta material kutsakorretatik aldendu direlako. Gainera, gure ustez birziklapenarekin hasieratik zuen lotura agerian utzi da jada.

Egongo al da norbait birziklapenaren kontra? Hain justu zabortegiak ekiditeko edo murrizteko ekintzaren kontra?

Gremioetako ordezkariok garbi eta ozen adierazi nahi dugu birziklatzeko planten beharra dugula, publikoa edo pribatua, bai obra txikientzako, bai obra ertain edo handientzako. Alegia, konponbidea behar dugu! Ez da ekonomia kontua soilik, ingurumenari zuzenean loturiko kontua da, eta lan duintasun kontua ere bai; gure lana ez da obrako hondakinen gidari izatea.

Asteartean udaletxean bilera izan genuen gremioetako ordezkariok. Bertan udalean diren talde guztiak izan ziren ordeztuta. Ahalik eta garbien saiatu ginen gure egiten dugun arazoaren berri ematen: era guztietako jarrerak ikusi genituen, batzuena besteena baino ulerkorragoa.

Bertan Lapatxek eskaintzen duen zerbitzua aztertu zen, baita Azkoitiko Udalak mahai gainean dituen bi aukerak ere: Larke 360 enpresarena (Azkarate) eta Excavaciones Lagunakena (Ipintza).

Lapatxek gaur egun eskaintzen duen zerbitzua baino handiagoa ezingo duela eman aitortu ziguten udaleko ordezkariek: estatutuen aldaketa ezinezkoa delako batetik; eta legediak arlo pribatuko birziklapen plantak ahalbidetzen dituelako soilik. Lapatxek obra txikietako hondakinak bakarrik har ditzazke: proiekturik behar ez dutena lanetakoak, teknikari baten beharrik ez duten obretakoak edo ekomikoki oso zenbateko txikia dutenak.

Gaur egun, obren ehuneko handi batean izaten da teknikari edo proiektu baten beharra, hala nola igogailua jartzeko, eskailera bat aldatzeko, irisgarritasunerako arrapala egiteko, jarduera jartzeko (taberna, ileapaindegi...), teilatuko egurrak aldatzeko, etxaurreko aldaketak egiteko, hondeaketa eta hormak egiteko eta abar luze bat. Beraz, Lapatxek hondakin horiek ezin ditu hartu.

Beraz, agerikoa da Lapatxek ez diola egungo beharren zati handi bati irtenbiderik ematen, eta garbi dugu birziklapen planta edo planten beharra dagoela. Berdin zaigu publiko edota pribatua izatea, bat edo gehiago izatea. Birziklatzeari ezin diogu mugarik jarri. Gure ustez ondo egitea da kontua, eta hori ez dago pribatu edo publiko izatearen esku. Kontrola da gakoa, eta bide hori jorratu beharko luke administrazioak.

Horregatik, begi onez ikusten dugu mahai gainean bi proposamen direla jakitea, Ipintzakoa eta Azkaratekoa hain zuzen; izan ere, horrek sortuko lukeen konpetentziak gure bezeroei onurak ekarriko lizkieke. Azken finean, gremioetako kideak birziklapenaren alde gaude, eta zenbat eta gehiago, hobe! Guztion ardura da materiala ahalik eta egokien biltzea, eta nola ez horien birziklapena bultzatzea.

Hurrengo asterako birziklatze plantaren inguruko mahai-ingurua antolatu du udalak, hainbat plataformatako ordezkariekin batera. Bertan izango gara gure ikuspegia defendatzen, gure egiten baitugu guztiona den arazoa. Azkoitiko Udalari eskatuko diogu, proposatu duen guztion arteko adostasuna ezinezkoa dela (hauteskundeak igaro arte zaila ikusten dugu), gehiengoaren iritzia jarraituta proposatutako bi birziklatze plantetako bat bideratu dezala gutxienez, eta posible balitz biak; betiere, kontrol publiko zorrotzarekin.

Irtenbidea orain!"

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide