Internet bidez eskura daitezke erosketa bonuak

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 22a, 12:33
Herritarrak, atzo, erosketa bonuak eskuratzeko ilaran.

Saltzen jarritako 1.000 bonutatik 724 saldu zirela jakinarazi du Azkoitiko Udalak. Horietatik 405 Internet bidez erosi zituzten herritarrek eta 319 Kontzejupean.

Atzo jarri zituen Azkoitiko Udalak, Herrixen merkatari elkartearekin batera, "merkataritza txikiari laguntzeko" erosketa bonuak salgai. 1.000 bonutatik 724 saldu ziren, 405 Internet bidez eta 319 Kontzejupean egindako aurrez aurreko salmentan. Oraindik, beraz, badago erosketa bonuak eskuratzeko aukera. Udalak herritarrak animatu nahi izan ditu falta diren erosketa bonuak eskuratzera "merkataritza berpizten laguntzeko, COVID-19ak eragindako krisia eta gero".

Ana Azkoitia Ogasun zinegotziaren hitzetan, aurten erabaki da "bonuek sektore ezberdinetan izan behar dutela erabilgarria, kanpainaren helburua delako kontsumoa establezimendu mota guztietara zabaltzea ahalik eta bidezkoena izan dadin. Hori, askok eragozpen modura ikusten dute, ez dutelako sektore guztietan berdin kontsumitzen, baina ohartu behar dugu bonu kanpaina hau establezimenduei laguntzeko dela eta helburu hori betetzeko, erosle bakoitzak 20 euroko gehigarria jasoko du", azaldu du Azkoitiak.

Udalak jakinarazi du, bonuak sektoreka banatzeko erabakia Herrixen merkatari elkartearekin adostu zuela. "Aurreko kanpainan bonuen gehiengoa elikagaien saltokietan erabili ziren. Oraingoan sektore bakar batean kontzentratu beharrean kontsumoa, zabaldu egin nahi izan da", nabarmendu du.

Bonuak Interneten

Falta diren 276 bonuak Internet bidez salduko dituzte. Azkoitiko Udalaren webgunean edota Dendagoren webgunean eskura daitezke erosketa bonuak. Bakoitzak gehienez bi eskuratu ahalko ditu.

Bonuak erabiltzeko epea ekainaren 30 artekoa da. "Ez dugu data gehiegi luzatu nahi izan, komertzioak orain behar duelako laguntza. Noski, gero ere beharko du, baina orain bultzada bat ematea garrantzitsua da", azaldu du Ana Azkoitiak. Aurreratu duenez, gainera, udazkenean antzeko beste kanpaina abiatzeko asmoa du udalak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide