Jone Larrañaga futbol jokalari azkoitiarra mailaz igo da Realarekin

Larrañaga (Argazkia: JaviUrola)

Realaren emakumezkoen bigarren taldean jokatzen du futbol jokalari azkoitiarrak, eta Lehen Nazional ligara igotzea lortu du.

Jone Larrañaga futbol jokalari azkoitiarra Lehen Nazional ligara igo da Realaren emakumezkoen bigarren taldearekin. Espainiako Futbol Federazioak lehiaketetarako ezarritako irizpideei jarraituz, Euskadiko Futbol Federakundearen Zuzendaritzak erabaki zuen txapelketa autonomiko guztiak amaitzea, jokatutako azken jardunaldiak utzitako sailkapena errespetatuz.

Hori horrela, Larrañagak jokatzen duen taldea Euskal Ligako lehena zen 64 punturekin, Eibar B bigarren sailkatuak baino zortzi puntu gehiagorekin. Jokatutako 23 partidetatik 21 zituzten irabazita eta bana berdinduta eta galduta. Datuak oso adierazgarriak dira, gainera. 105 gol sartu dituzte jokatutako 23 jardunalditan eta 8 gol besterik ez dituzte jaso.

Jarraian lortzen duen bigarren maila igoera du, halaber, Larrañagak aurten. Talde txuri-urdinarekin iaz lortu zuen Euskal Ligara igotzea futbol jokalari azkoitiarrak; orain, berriz, Lehen Nazional ligara igotzea lortu du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide