Alberto Martinez: "Gertatzen ari zena ikusita, berandu hartu zituzten neurriak Ingalaterran"

Alberto Martinez (Azkoitia, 1990) Ingalaterrako Bristol hirian bizi da egun. Irailean joan zen hara Bartzelonatik, bikotekidea ezagutu eta gero. Martinez musika zalea denik ezin ukatu, izan ere musika sortzeko estudioa muntatu du bere etxean; han aritzen da ia egun guztian. Koronabirusak Ingalaterran nola eragin duen ere azaldu du azkoitiarrak.

Ingalaterran harrapatu zaitu koronabirusaren pandemiak.

Irailaren amaieran etorri nintzen Bristolera [Ingalaterra]. Aurrez Bartzelonan [Katalunia] negoen, eta han ezagutu nuen Bristoleko neska bat. Bartzelonan ez bera eta ez ni ez ginen sentitzen inoren etxean, eta Euskal Herrira edo Ingalaterrara joan behar genuela pentsatu genuen. Azkenean Bristolera etortzea erabaki genuen.

Denbora asko da herritik kanpo zabiltzala. 

Ingalaterrara etorri aurretik lau urte egin nituen Bartzelonan. Musika produkzioaren eta soinuaren ikasketak egin nituen han. Bi urte pasa nituen ikasten eta beste bi lanean. Hemen, Ingalaterran, zuzenekoak albo batera utzi eta estudio munduan murgildu naiz. Bartzelonan egindako ikasketak ere estudioetara bideratuta zeuden, eta hori landu nahian nabil orain.

Nola bizi izan zenuen Ingalaterran koronabirusaren pandemiaren hasiera? 

Hasieran urruti zegoela zirudien. Seriotasunez hartu edo ez ibili ginen hasieran denok ere. Gero, ordea, gerturatzen hasi zenean eta Italiako egoera zein zen ikusita, guztiok birusa hartuko genuela pentsatzen hasi ginen. Gertatzen ari zena ikusita, berandu hartu zituzten neurriak Ingalaterran. Hango eta hemengo albisteak irakurtzen aritu nintzen egunetan, birusa zer zen ezagutzeko eta zer gertatzen ari zen jakiteko. 

Eta egun, nola daramazu?

COVID-19 gaitza Ingalaterran sartu zenean taberna batean ari nintzen lanean. Kontzertu areto batean zerbitzari lanetan hastea erabaki nuen, ingelesa pixka bat praktikatzeko. Orain, tabernako laguntza kobratzen dut. Egun guztia etxean pasatzen dut eta alde horretatik zortekoa naiz, lorategi eta atari handiko etxeak baitaude hemen; egoera hau eramatea askoz errazagoa da horrela. Ez da Bartzelonako pisu batean bizitzea bezala.

Birusa berandu agertu zen baina indartsu zabaldu da, ezta?

Gobernuari erreakzionatzea kostatu egin zitzaion hasieran. Aireko trafiko handia du Ingalaterrak, eta gainera, jendea hara eta hona gelditu ere egin gabe ibiltzen den herrialdea da. Alboko herrialdeetan gaitza agertu bazen ere, hasieran bazirudien hemen ez zela ezer gertatuko. Europako daturik txarrenak ditugu orain hemen. Indartsu zabaldu da birusa.

Ingalaterrako Boris Johnson Lehen Ministroak jarrera aldaketa izan du hasieratik. 

Hasieran, beste askok bezala, txantxetan hartu zuen gaia Ingalaterrako Lehen Ministroak. Gainera, handia bota zuen: maite genituenak galduko genituela eta prestatzeko esan zien herritarrei, adin batetik aurrera jendea hil egingo zela eta. Errealitatea ere bazen hein handi batean, baina neurriak hartu beharrean Lehen Ministroaren mezua hori izan zen. Gogorra egin zitzaidan ekonomiaren mesedetan neurrik ez zutela hartuko esatea eta gero hitz horiek azaltzea. Gero, Lehen Ministroa ospitaleratu egin zuten. Jarrera aldaketa izan du orduz geroztik, seriotasun gehiagorekin hartu du egoera. 

Oro har, krisia ondo kudeatzen ari al dira hor? 

Hemen ez dago isunik, ez dago kalera irteteko mugarik. Kalean jende gutxiago dabil, baina nahikoa normal irteten da kalera. Nahi badut autoa hartu eta edonora joan naiteke, kalean ez baitago poliziarik. Erosketak egitera ere irteten gara, etxetik ateratzen den bakarra neu naiz. Gobernu eskuindar askok egin duten bezala, neurri gehiago hartu dituzte ekonomia babesteko jendea babesteko baino. Hemen ere, antzeko neurriak hartu dira. Ondo iruditzen zait, aldiz, isunak-eta horrenbeste ez egitea. Hemen malgutasun gehiago izan dugu. Espainian eta Euskal Herrian, aldiz, poliziek sekulako kontrolak egin dituzte, eta jendea kalean presiopean ibili da. Datuak hemen txarragoak dira, baina zenbat txarrago? Azkenean ez dakizu zen den pertsona bakoitzaren errealitatea. Badakit batzuk hor etxeko balkoitik kalekoei irainka jardun dutela, kalera atera behar izan duenaren errealitatea zein den jakin gabe.

Hildako gehien dituen munduko bigarren herrialdea da Ingalaterra. 

Londres gaitzaren fokua izan zenean, jendeak artean autoarekin hara eta hona bidaiatzen jarraitzen zuen. Horrek kasuak gehitzea besterik ez du ekarri. Zaila da datuak alderatzea, baina orain Erresuma Batuan 35.000 hildako baino gehiago daude. Neurri ezkertiarragoak hartu diren gobernuetan, ekonomiaren gurpila martxan mantendu beharrean herritarrei zuzenean lagundu zaie. Herrialde horietan heriotza kopuruaren datuak ere hobeak izan dira gero. 

Gaur, zein da egoera Ingalaterran? Zer egin dezakezue kalean?

Hemen ez da kontua asko aldatu. Deseskalatze faseak aurkeztu dituzte orain. Taberna eta denda guztiak itxita daude. Beste etxe bateko pertsona bakar batekin elkartu zaitezke paseoa emateko; hori da neurri berrienetako bat. Erosketak egitera normal atera gaitezke eta parkera ere joan gintezke. Nahikoa askatasun egon da kalean ibiltzeko. 

Ostalaritzako guneak uztailera arte egongo dira itxita. 

Kontzertu areto batean egiten dut lan, eta uste dut areto horiek beranduago irekiko dituztela. Euskal Herrian bezala bada hemen ere, mugatutako edukierarekin eta distantzia kontuekin, kontzertu aretoek zaila izango dute. Horrelako areto bat ohiko egoeran mantentzea zaila bada, are zailagoa izango da mugatutako edukierarekin aurrera eramatea. Halere, diru laguntzak eskatuko dituztela iruditzen zait, lan egiten dudan aretoan 15 zerbitzari inguru baikaude. 

Deseskalatze faseak ere aurkeztu dituzte Ingalaterran. 

Faseek badute logika; beste herrialdeetakoen antzeko neurriak dira. Hasteko, egoera zein den aztertu behar da eta horren arabera egin aurrera edo atzera. Datuetan erreparatuta gogortu edo arindu behar da berrogeialdia. Bazter guztietan bezala, jendeak ziurgabetasun handia du eta galduta daude neurrien aurrean.

Egoera ikusita, zer da egiten duzuna egun arrunt batean?

Goizean goiz kirola egiten dugu; 07:00ak aldera eman dugu buelta bat bizikletan. Etxera etorritakoan, berriz, gosaldu egiten dut eta gero nire etxeko estudioan esertzen naiz; 18:00ak aldera arte musika sortzen pasatzen dut denbora. Kontzertuak eta konferentziak albo batera utzi nahi ditut orain. Ez dut esango egoera hau ongi etorri zaidanik, baina lagundu egin dit estudioko lanean sartzen eta ikasten. Gauza asko dut egiteko, beti desberdina, baina guztia musikarekin erlazionatuta. Orain dela gutxi, adibidez, Ruben eta Ane Lizarralderekin abesti bat egiten aritu naiz. Suharri Aranbururekin beste kantu bat egiteko asmoa dut eta Mikel Iraetarekin ere diskoa nahasten ari naiz. Aurrerantzean musikariekin kolaborazioak egitea da nire asmoa. 18:00etan, berriz, afaldu egiten dugu; hemen goiz afaltzen da. 

Azkoitira itzultzerik ez al duzu pentsatu?

Herrira itzuli edo beste leku batera joan, betiko nire burutazioa da. Bartzelonan nengoela Azkoitira itzuli edo ez ezbaian egon nintzen, baina gero nire bikotekidea ezagutu nuen eta Ingalaterrara etortzea erabaki genuen. Halere, ez diot pisu edo garrantzia gehiegi ematen horri. Etorriko da etorri behar duena.

Gertutik jarraitu al duzu Euskal Herriko egoera?

Jarraitu dut, bai. Lagunen eta prentsaren bitartez ezagutu dut egoera. Araban eta Bizkaian gogor jo du koronabirusak, datuak ez dira onak izan. Halaber, neurriak Espainiako Gobernutik iritsitakoak izan dira, eta uste dut negatiboa dela hori. Zentralismoa ez da ona horrelako krisi batean. Hobea litzateke neurriak lurralde bakoitzaren errealitatearen arabera hartzea. Horrekin ez dut esan nahi guztia Urkullu lehendakariak erabakiko balu hobeto egingo lukeenik. Berrogeialdia, oro har, jendearentzat nahikoa gogorra izan dela iruditzen zait, horrela esan didate behintzat Azkoitiko hainbat lagunek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide