Agortu dira Bulego musika taldeak ekainaren 20an Azkoitian eskainiko duen kontzerturako sarrerak

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 19a, 20:38
Bulego musika taldea.

Maiatzaren 15ean jarri zituen salgai Azkoitiko musika taldeak Oteiza pilotalekuetan eskainiko duen emanaldirako sarrerak, eta gaur, hilak 19, arratsalderako guztiak agortu dira. Pozik agertu dira Bulegoko musikariak, eta esker mezuak bidali dizkiete herritarrei.

"Sabaiak hautsiko ditugu!". Mezu hori zabaldu du Bulego musika taldeak ekainaren 20an Azkoitian eskainiko duen kontzerturako sarrerak agortu direla jakinaraztean. Musika taldeak maiatzaren 15ean jarri zituen salgai Oteiza pilotalekuetan eskainiko duen emanaldirako sarrerak, eta gaur, hilak 19, arratsalderako guztiak agortu dira. Pozik agertu dira Bulegoko musikariak, eta esker mezuak bidali dizkiete herritarrei. "Mila esker, Azkoitia!", mezua jarri dute beren sare sozialetan emanaldirako sarrerak agortu direla jakinaraztearekin batera. 

Ekainaren 20an eskainiko duten kontzertua aretoz kanpo izango da, Oteiza pilotalekuetan, eta 19:30ean hasiko da. Bulego taldearen emanaldiaren ostean, Xabifest, Elortxa eta Munizio DJak arduratuko dira musika jartzeaz. 

COVID-19 pandemia dela eta, musika taldeak segurtasun neurri guztiak betetzeko "plangintza zehatza" landu du, "Donostiako Jazzaldia erreferentzia hartuta". Protokoloak aurreikusten duenez, ikus-entzule bakoitzari eremu edo espazio bat emango diete distantziak errespetatu ahal izateko. Beraz, sarrerak espazio edo eremu bezala banatuko dituzte.

Bulegok "herriak bizipoza berreskuratzeko" asmoz antolatu du ekainaren 20ko kontzertua, Azkoitiko Udalarekin elkarlanean. "Garai zailak bizitzea suertatu zaigun arren, etorkizunera begira jarrita gaude azken egunotan. Kontzertu bat egiteaz haratago, herria berpizten hastea da gure helburua, eta horretarako ekitaldi nagusia kontzertua izango den arren, herriko zenbait sektoreri bultzada emateko helburua daukagu", adierazi zuten Bulegoko musikariek kontzeruaren berri ematean. Asmo edo helburu horrekin lotuta, herriko saltokietan eta tabernetan jarri zituzten salgai kontzerturako sarrerak. Izan ere, komertzio txikia, sortzaileak, kultur ekitaldien bueltako langileak eta bolondresak "animatu" nahi dituzte ekainaren 20ko emanaldiarekin. "Kultura, egoerak dakartzan traba guztien gainetik, azkoitiarrok bizirik mantendu dugu eta orain aurrerako bidean, beste pauso bat ematea tokatzen zaigu".

Azkoitiko Udalak, bere aldetik, babesa agertu dio Bulegoko kideen proposamenari, eta "eskuzabal" hartu zuen lehen unetik. Hori dela eta, erakundeak baliabideak eta azpiegiturak ipiniko dituela jakinarazi du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide