Miren Urteaga: "Euskal Herrian herritarren jarrera askoz hobea eta zentzuzkoagoa izan da Alemanian baino"

Miren Urteaga, Munichen terrazak irekitako lehenengo egunean.

Duela lau urtetik Munich hirian (Alemania) bizi da Miren Urteaga (Azkoitia, 1985). Alemaniara koronabirusa heldu denean, hari aurre egiteko beharrezko langile, laborategi eta zientzia errekurtsoak prest zeudela azaldu du, eta hango agintariek hasieratik "dena nahiko pentsatuta eta prestatuta" zeukatela gaineratu du.

Zein asmorekin harrapatu zaitu koronabirusak?

Hilabete hauetarako hainbat asmo nituen egia esan. Denak bertan behera, atzeratuta edo airean gelditu zaizkit: doktoretza tesia depositatu behar nuen ekainean, baina fakultateak itxita daudenez irailera atzeratu dute tramite hori eta, gainera, ezin izan ditut etxera nituen bi bidaia egin. Udaran Azkoitira joateko asmoa dugu; ea egoerak uzten digun.

Noiztik bizi zara Munichen?

Orain dela lau urte pasatxo etorri ginen Munichera. Oraingoz oso gustura gaude, ez dakigu noiz arte geldituko garen. Azkoitira itzultzeko plana badugu, baina noiz ez dakigu.

Zer dela-eta joan zinen horra?

Nire bikoteak doktoretza ondoren Municheko TUM unibertsitatean post-doc bat lortu zuen, eta orduan etorri ginen. Garai hartan agintariek ikerketa diru-galtze bat bezala ikusten zutela zirudien, eta ikertzaile asko kanpora joan ginen. Gauza bat ahaztu zitzaien: ez dira herrialde aberatsak ikertzen dutenak, baizik eta ikertzen duten herrialdeak egiten dira aberats. Alemanian hori garbi dute eta ikerketan askoz gehiago inbertitu dute beti, lan baldintza oso onak eskaini dizkigute zientzian nahiz industrian, eta horri esker langile kualifikatu asko bildu dituzte azken urteetan. Hala, koronabirusa heldu denean, beharrezko langile, laborategi eta zientzia errekurtsoak prest eduki ahal izan dituzte.

Zein da zure ogibidea? Telelanean ari al zara?

Samsung enpresan egiten dut lana. Bereziki, produktu digitalekin. Samsung-en asistente birtualaren arduraduna naiz.

Gure enpresan asko zaindu gaituzte, eta enpresa osoa telelanean dago. Egia esan, gobernuak ezer agindu baino lehenago hasi ziren enpresak neurriak hartzen, badakitelako langile gabe ezin dutela aurrera segi. Nire ingurukoek eta nik lana egiten dugun enpresetan behintzat oso garbi dute: telelanak lana zaildu dezake, baina osasunik gabe, lanik ez da egingo.

Nola bizi duzue pandemia hau?

Ez gaude kexatzeko moduan. Debekuak ez dira Euskal Herrian bezalako gogorrak izan: beti paseatu ahal izan dugu, etxe berean bizi den jendearekin batera irten ahal izan da kalera...

Fasetan definitu beharrean, hemen neurri berriak banaka ateratzen dituzte, eta estatu federal bakoitzak kudeatzen ditu. Hasieran itxialdia Euskal Herrian baino lasaiagoa izan zen. Orduan beldurtuta egon nintzen hemen lasaiegi hartzen hasi zirelakoan, baina orain irekierako pausoak hor baino argiago eta zentzu gehiagorekin hartu dira.

Gainera, neurri berriak gutxienez astebete lehenagotik ematen dituzte jakitera, ez egun bat edo bi lehenago. Plan finkoak, argiak eta koherenteak garaiz aurkezteak herritarren konfiantza mantentzen lagundu die. Baina noski, plan horiek egin ditzakete ospitale eta laborategi aldetik ez dutelako arazorik; aurreko urteetan alor horietan etxeko lanak eginda zituzten.

Hor zein egoeratan zaudete orain?

Atzo, maiatzak 18, lehenengo aldiz tabernetako terrazak ireki zituzten, eserlekuen erdiekin. Kirola egin daiteke, paseatzera irten, denda txikiak bisitatu... Ordutegirik ere ez da egon sekula. Euskal Herrian baino neurri gutxiago eta sinpleagoak izan dira, herritar guztiek ulertzeko errazak.

Nola ari zarete errespetatzen orokorrean?

Munich erdi-erdian bizi naiz, eta hemen denetik ikusten da. Euria bada, ez dabil inor kalean, baina Lorentzok irteten badu, festa bat dirudi. Herritarren jarrera egia esan askoz hobea eta zentzuzkoagoa izan da Euskal Herrian Alemanian baino. Agintariak, ordea, hemen argiagoak izan dira. Alemanian apirilean asko izan ziren kutsatuak, baina hasierako neurriak mantendu egin zituzten inprobisazioan edo beldurrean erori gabe, ospitale eta test aldetik egoera gehiago kontrolatzen zutelako.

Zein balorazio egingo zenuke horko koronabirus emaitzekin?

Orain konturatzen naiz hasiera-hasieratik nahiko pentsatuta eta prestatuta zeukatela hemen dena. Espainian orain hartzen ari diren neurriak hemen hasieratik daude indarrean: sintoma txikienaren aurrean azkar testak egin, gaixoen kontaktuak azkar identifikatu eta testatu, eta abar. Horri esker, industria ez da sekula guztiz itxi. Baina noski, hori guztia martxan jartzeko laborategi eta errekurtsoak prest zeuden koronabirusa heldu aurretik.

Nolako aurreikuspenak egingo zenituzke?

Udara honetan arnas pixka bat hartu ahal izango dugula uste eta espero dut nik. Baina baliteke urakanaren begia izatea, ekaitzaren erdiko barealdia. Udazkenak beldurtzen nau: jendea gehiegi lasaitu eta ekonomia ahulegi egon daiteke.

Europako lehen herrialdea izan da Alemania futbol partidak jokatzea baimendu duena. Zer diote alemaniarrek?

Hemen industria sekula ez da guztiz itxi eta normaltzat ikusi da orain futbola ere martxan jartzea. Hala ere, Euskal Herriko eta Alemaniako egoerak oso ezberdinak dira: Alemanian sekula ez da egon testak egiteko arazorik, beraz inori ez zaio gaizki iruditu futbolariei testak egitea. Baina, Espainian bezala, testak egiteko arazoak daudenean futbolariak herriaren aurretik jartzea ezin dut inondik inora defendatu.

Eta nola ikusten duzu Euskal Herriko eta Azkoitiko egoera? Ari al zara jarraitzen?

Azkoitian loteria tokatu dela uste dut: oso erraza izan zitekeen Gasteizen edo Tolosan pasatu dena pasatzea. Etxekoek esandakoaren arabera, herritarrek oso jarrera ona izan zuten itxialdian. Balkoietatik egin diren ekintzek bizilagunak elkartu egin ditu. Orain, ordea, irekierarekin neure zalantzak ditut, batik bat, horko agintariek ulertzeko oso zaila jarri dutelako. Hartutako neurriek (ordutegiak, jarduerak, adina...) dena nahasten dute, eta emaitza nahiko inkoherentea iruditzen zait. Gauzak dauden bezala, Euskal Herrian tabernara kuadrillan joatea errazagoa da bakarrik kirola egitea baino. Ulertzeko zailak diren arauak jarraitzeko ere oso zailak dira.

Egoera honetan, zer da gogorrena egiten ari zaizuna?

Etxetik urrun egotea, etxekoei ezin lagundu izana eta uneoroko kezka kutsatuko ote diren.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide