Teklako etxebizitzen eraikitze lanak Altuna y Uria enpresari esleitu dizkio Visesak

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 19a, 11:50
Floreagako Tekla gunean dira egitekoak etxebizitzak. (Argazkia: udala)

Floreagako Tekla gunean egitekoak diren etxebizitzen eraikitze lanak Altuna y Uria eraikuntza enpresari esleitu dizkio Visesa Sozietate Publikoak. Idiakez Ederra eraikina lizitazio prozesua ere etenda egon da koronabirusagatik, baina martxan da berriz ere.

Visesa Sozietate Publikoak Altuna y Uria eraikuntza enpresari esleitu dizkio Floreagako Tekla guneko etxebitzen eraikitze lanak. 4.069.143,13 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute lanek eta hemezortzi hilabeteko exekuzio epea izango dute. Bide batez, Idiakez Ederra —Nagusia 80— eraikinaren kontserbazio eta birgaitze lanen lizitazio prozesuari ere berriro ekin zaio Visesak, COVID-19a dela eta, osasun larrialdi egoerak eragindako epeen etenaldia kontsideratu ostean. Ondorioz, maiatzaren 29an itxiko da azken lizitaziora proposamenak aurkezteko epea. 

Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak adierazi du "oso albiste ona” dela Visesako zuzendari nagusiak eman duena. "Koronabirusak murgildu gaituen ziurgabetasun ekonomiko egoera honetan, are eta berri hobeagoa da ikustea beharrean dauden famliek aukera izango dutela babestutako etxebizitza edo etxebizitza soziala eskuratzeko. Bi promozioen artean babestutako 32 etxe dira eta beste 14 sozialak. Floreagako ezustea bezalakorik ez errepikatzea espero dut, eta etxea tokatu zaienek giltzak lehenbailehen izan ditzatela eskuan", azaldu du alkateak. "Etxeen esleipendunek denbora daramate lanak hasi zain", gehitu du Zubizarretak. Visesak egin duen aurreikuspenen arabera, lanak bi hilabeteren buruan hasteko aukera egongo da. 

Floreagan babes ofizialeko 16 etxebizitza eta beste 14 etxebizitza sozial eraikiko dituzte. Obrak geratuta egon dira iazko apirilean eraikuntza enpresak Visesari proiektuarekin jarraitzea ezinezkoa zitzaiola komunikatu zionetik. Kontratua bertan behera uztearekin batera, 2018ko ekainean hasitako obrak gelditu egin ziren eta Visesak berriro lizitaziora atera behar izan zituen lanak; 2019ko abuztuan atera zuen lizitazioa. "Altuna y Uria enpresari egindako lanen esleipenak fase berri bat zabaltzen du, azken fasea izango dena", esan du alkateak. 

Idiakez Ederra eraikina

Floreagako promozioarekin batera, Idiakez Ederra —Nagusia 80— eraikinaren kudeaketa ere Visesaren eskuetan dago. Visesak Idiakez Ederra eraikinaren prozesua berrartu du, eta lehiaketan parte hartu nahi duten enpresek maiatzaren 29rako aurkeztu beharko dituzte beren proposamenak. Eraikinaren kontserbazio, birgaitze eta balioan jartzeko lanek 25 hilabeteko exekuzio epea izango dute. 

Eraikinak "esku-hartze zorrotza" eskatzen duela azaldu du Azkoitiko Udalak. Monumentu multzoen kategorian sailkatutako kultura ondare izendapena du Nagusia 80 eraikinak; horrek fatxada nagusien zaharberritze eta kontserbazio zientifikoa eskatzen duela adierazi du udalak. "Gero eta gertuago dago Idiakez Ederra andamiorik gabe eta bizitza hartzeko irrikiz ikusiko dugun eguna", azaldu du Zubizarreta alkateak

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide