Txetxu Urteaga, deportazioaren biktima

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 30a, 12:20
Txetxu Urteaga. (Argazkiak: utzitakoak)

Apirilaren 2an, Venezuelatik iritsi zen berria: Jesus Ricardo Urteaga Txetxu euskal deportatua hil zen, gaixotasun baten ondorioz. Urteaga Bilbon sortu zen, 1958an, baina urte erdi bat zuenean Azkoitira etorri zen bizitzera haren familia; lau anai-arrebetan zaharrena zen hura. Haren heriotzak ustekabean harrapatu zituen azkoitiar asko. Batzuk, gazteenak, ez zekitelako herritar bat Venezuelan deportatuta zegoenik ere; beste batzuk, aspaldian ez zutelako haren berririk. Maiatzeko Maxixatzen aldizkarirako egindako erreportajea.

Kepa Garmendiaren (Azkoitia, 1957) hitzetan, "normala da, urte asko direlako herritik alde egin zuela". 20 urterekin ihes egin zuen eta 62 urterekin hil da. 42 urte egin ditu erbestean; horietatik 36, Venezuelan, deportatuta. "Haren argazkia taberna batzuetan egoten zen, eta interesa dutenek badakite zeintzuk diren kanpoan daudenak eta gutxi gorabehera zer egoeratan dauden, baina harritu ere ez nau egiten askok haren berririk ez izateak", jarraitu du Garmendiak. "60 urtetik gorakoek bai, horiek jakingo dute zein zen, zer egin zituen eta zeintzuk diren haren familiakoak eta lagunak". Horietako bat da bera.

Urteagak eta Garmendiak gazteak zirela ezagutu zuten elkar, 16-17 bat urte zituztela. Ez ziren kuadrilla berekoak, baina lagunarte bera zuten biek. "Lana ere alboan egiten genuen; hura Muruan tornulari jarduten zen, eta ni ondoko tailerrean aritzen nintzen. Giro berean mugitzen ginen biok eta bolada batean dezenteko harremana izan genuen". Mutil "jatorra eta oso argia" zela dio, lagunarte ona zuela eta jendearekin ondo konpontzen zela. Hala gogoratzen du Luxiano Aranbarrik (Azkoitia, 1953) ere. "Kalean ezagutu ginen; nik 23 bat urte izango nituen orduan eta Txetxuk bost gutxiago. Gogoan dut oso mutil bizia zela eta jendearekin harreman ona zuela. Herrian ezaguna zen".

Orduko kaleko giroa aipatu dute biek. "Franko bizi zen artean, eta kalean mugimendu handia zegoen, alde batekoa eta bestekoa", esan du Aranbarrik. Gazte mugimenduak zuen indarra nabarmendu du Garmendiak. "Talde asko zeuden eta LAB sindikatua ere orduan sortu zuten. Uste dut haren inguruan ibili zela Txetxu". Greba eta manifestazio ugari izaten zela adierazi dute biek, eta haietan parte hartzen zutela. Garmendia: "Frankoren kontrako pintaketak egiteko-eta elkartzen ginen, eta baita propaganda egiteko eta banatzeko ere. Gauza horiek legez kanpokoak ziren garai hartan, baina beti zegoen zerbait egiteko. Era horretako kontuetan elkarrekin ibiltzen ginen, gu biok eta beste jende mordo bat ere bai".

Gaztetatik militatzen

Gaztetatik hasi zen militatzen Urteaga eta, besteak beste, zentral nuklearraren aurkako mugimenduetan hartu zuen parte. ETApm-n ibili zen, gero KAA Komando Autonomo Antikapitalistetan, eta hango kidea zela, 1979an, sasira jo zuen, Aranbarrirekin batera. "Herritik batera alde egin genuen Endaizpe-k, Txetxuk eta hirurok. Endaizpe eta biok batera etorri ginen Ipar Euskal Herrira eta handik gutxira etorri zen Txetxu. Hemen elkartu ginen bi edo hiru aldiz, baina gogoan dut hemendik ere berehala alde egin zuela, Baionara-edo, eta gero bakoitzak bere bidea hartu genuen, geure bizia egin genuen, eta harrezkero ez nuen harekin egoteko aukerarik izan". Handik pare bat urtera bide bera hartu behar izan zuen Garmendiak ere.

Hark ere ez zuen berriz Urteaga ikusi; bai, ordea, Antton Agirrek (Azpeitia, 1959). "Nik hura ezagutu nuen Iparraldera etorri nintzenean, 1981ean edo. Ordurako hemen bizi zen hura, Hendaian, Pasaian hil zuten Pelitxo azpeitiarrarekin batera. Tarteka txikiteora-eta elkarrekin irteten ginen eta oso mutil alaia zen". Gogoan du neska lagunarekin ere orduantxe hasi zela. "Hasi berriak ziren, eta gurekin ere irteten ziren arren, biak ibiltzen ziren gehiago". Urte hartan atxilotu egin zuten Urteaga, Espainiako Gobernuaren estradizio eskaera bat zela eta, baina Parisek ez zuen Espainiaratu.

Agirrek eta Urteagak Hendaian bizi ziren bitartean izan zuten harremana, "urtebeteren batean-edo". Gero, 1982an edo 1983an, Bordelera (Frantzia) joan zen Agirre. "Harrezkero ez nuen ikusi eta haren berri ere gutxi jakin dut. Galdetzen nuen, baina inork ez zekien gauza handirik". 1984ko martxoan berriro atzeman zuten Urteaga, eta espetxeratu egin zuten; handik bi hilabetera, Venezuelara deportatu zuten. Frantziako Poliziak lagundu zion Caracaseko aireporturaino eta han Venezuelaren esku utzi zuen. Epaiketarik egin gabe, bizitza guztirako zigorra jarri zioten horrela, ezingo baitzuen berriz etxera bueltatu.

Tratua honakoa zen: Venezuelak Euskal Herriko militanteak hartuko zituen, eta trukean, Espainiak babes ekonomikoa emango zion herrialde horri. Garai hartan Carlos Andres Perez zen Venezuelako gobernuburua eta Felipe Gonzalez Espainiakoa. Venezuelarekin egindako akordio bera beste hainbat herrialderekin ere egin zuen Espainiak. Ondorioz, 1970eko hamarkadaz geroztik, 74 euskal herritar izan dira Afrika eta Amerikako herrialdeetan deportaziora kondenatuak. Horietako bat zen Urteaga.

Garai zailak

Garai hartan, Venezuelako giroa ez zen batere atsegina. Krisi politiko, ekonomiko eta sozialean barneratuta zegoen herrialdea eta Caracazo esaten zaion sarraskia izan zen krisi horren ondorioa, 1989ko otsailaren 27an hasi eta martxoko hainbat egunez orduko gobernuak egin zuen indar erakustaldia. Militarrek 267 lagun hil zituzten, bertsio ofizialaren arabera, eta datu ez ofizialetan 3.000 hildako inguru agertzen dira. Hori bertatik bertara bizitzea egokitu zitzaion Urteagari.

Iraultza Bolivartarraren garaipenak beste garai bati hasiera eman zion Venezuelan, eta harekin, Urteagak ere urte lasaiagoak pasatzeko aukera izan zuen, herrigintzan aritzekoa. Baina, harrezkero haren inguruko berri gutxi izan dute haren gaztetako lagunek, Aranbarrik hala dio: "Nik ondo ezagutzen dudana da bere bikote izandakoa, Hendaiako Pausukoa, eta baita haren ama ere. Dakidana da umeak Venezuelan izan zituztela, oker ez banago, seme-alabak".

Ordutik urte asko pasatu dira, eta Venezuelatik iritsitako azken berriak ez dira onak izan. Aranbarriri esan diotenaren arabera, iaz "dezenteko" istripua izan zuen motorrean, eta ospitalean egon behar izan zuen egun batzuez. "Etxera bidali omen zuten, baina handik hamar bat egunera edo, gaizki sentitzen zela eta, berriz ospitalera eraman omen zuten, eta orduan diagnostikatu omen zioten minbizia". Urte honen hasieran izan zen hori. Garunean oso garatuta zeuzkan tumore batzuk atzeman zizkioten, eta horien ondorioz hil zen apirilaren 2an. Haren heriotzaren berria "penaz" hartu dutela aitortu dute hirurek. Garmendiak hil bezperan jakin zuen ospitalean "larri" zegoela, eta hurrengo egunean esan zioten hil zela. "Kolpea hartu nuen. Mutil ona zen eta bizimodu hori eman behar izan zuen, garaiko egoerak bultzatuta". Agirrek ere "belarrondokoa" hartu zuen haren argazkia egunkarietan ikusi zuenean. "Nik lehengo Txetxu nuen gogoan, mutil guapoa, alaia, txima luzearekin... Argazkia ikusi nuenean, begiratua berea zen, baina oso aldatuta ikusi nuen".

Txetxu, Garmendia, Aranbarri eta Agirreren belaunaldia, asko borrokatu duen belaunaldia da. "Beste garai batzuk ziren eta orduko egoerak bultzatu gintuen erabaki hori eta bide hori hartzera, eta asko izan ginen", adierazi du Garmendiak. "Orduan elkarrekin ibiltzen ginen lagunetako asko ihesean ibilitakoak eta barruan egondakoak gara, eta beste asko bidean gelditu dira: Peru Iparraldean hil zuten buruan tiroa jota; Txipi Mexikon hil zuten...". Eurek ere badakite zer diren ihesean ibiltzea, kartzela eta deportazioa. Egun, Garmendia Azkoitian bizi da, bereak pasatuta, eta Aranbarri eta Agirre Iparraldean bizi dira, Ziburun eta Azkainen, hurrenez hurren.

Etxera itzultzeko deia

Ipar Euskal Herrian iheslari politikoek gatazkaren konponbidean eragile aktibo izateko borondatea adierazi zuten 2013ko ekainaren 16an, Miarritzeko Irati gelan egin zuten agerraldian. Ordutik, hainbat izan dira erbestetik Euskal Herrira itzuli diren iheslari eta deportatuak, baina ez denak. Kolektibo horrek emandako datuen arabera, oraindik orain, 70 bat iheslari eta zortzi deportatu daude. Urteagaren heriotzaren ondorioz, euskal deportatu bat dago Venezuelan; Kuban hiru daude; eta Cabo Verden, lau. Deportazioan, Urteaga ere kontatuta, hamabi euskal herritar hil dira. "Nik ez dakit Txetxu zergatik ez zen itzuliko, baina neurri batean ulertzen dut han gelditu izana ere", esan du Aranbarrik. "Horrenbeste denboran han bizita, bertako eginda egongo zen. Kontuan izan 20 urte zituela herritik alde egin zuenean eta harrezkero 40 urte baino gehiago pasatu direla. Guri hori gertatzen zaigu, horrenbeste urte eta gero, orain Azkoitira joanez gero, hor ia hutsetik hasi beharko genukeela. Anai-arrebek eta lagunek bakoitzak beren bizitzak dituzte, eta guk, berriz, hemen daukagu gurea; familia, lagunak, seme- alabak, lana... Beraz, bakoitzak ikusi behar du zein den bere egoera, baina ez da erraza berriz jaioterrira itzultzeko erabakia hartzea ere".

Hori ulergarria iruditzen zaio Asier Altuna Lapatza-ri (Azkoitia, 1974), baina haren ustetan, "militante batek sekula ez du galtzen herrimina, eta bene- benetan galdetuz gero, gehientsuenak itzuliko lirateke etxera". Altunaren esanetan, Miarritzeko adierazpena egin zutenean, bide horretatik zihoan iheslari, deportatu eta erbesteratuen kolektiboaren hausnarketa ere. "Adierazi zuten gatazka konpontzeko eta bakea eraikitzeko prozesuan, euren ekarpenik onena izango litzatekeela sumario guztiak itxita dituzten eta herriratzeko aukera duten guztiak etxera itzultzea, horrek, modu batean, azken hamar urteetan geldirik dagoen presoen auzia mahai gainean jarriko lukeelako".

Altunaren arabera, "gatazka bat konpontzeko eta bakea eraikitzeko, ezinbestekoa da gatazkaren ondorio eta biktima guztiak mahai gainean jartzea, eta bada horretarako garaia. Hamar urte baino gehiago dira estrategia aldaketa egin eta erakundeak behin betiko su-etena eman zuela, bi urte dira erakundea desagertu zela, eta arazoak oraindik hor jarraitzen du. Presoak eta iheslariak ere etxean nahi ditugu, eta gatazka behin betiko ixteko bide horretan, herritarren parte hartzea ezinbestekoa dugu".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide