Jose Luis Garate: "Suhiltzailearena oso esker oneko lanbidea da"

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 23a, 10:25
Jose Luis Garate suhiltzailearen marrazkia. (Egilea: Gorka LarraƱaga)

Urolako suhiltzaile etxeko sarjentua da Jose Luis Garate (Azkoitia, 1966). Gipuzkoako suhiltzaileen zerbitzuak azken urteetan izan dituen aldaketekin lan segurtasunean irabazi dutela dio azkoitiarrak.

Kasualitatez aurkeztu zen Jose Luis Garate suhiltzaileen lan deialdi batera; 90eko hamakardaren aurreneko urteak ziren. Garai hartan, Iñaki Alberdi azpeitiarraren enpresan ari zen lanean, eraikuntzako lanak egiten. "Lehengusu batek esan zidan suhiltzaileen lan deialdia egitekoa zela Gipuzkoako Foru Aldundia, eta zergatik ez nintzen aurkeztuko. ‘Ni suhiltzaile?’ izan zen nire lehen pentsamendua. Izan ere, suhiltzaileei buruz mutil koskorretatik honako irudia nuen buruan: Ibaiondoko zubian, haiek katxarro zahar bat arrankatu ezinda, eta elkarri errietan... Azkoitian suhiltzaile boluntarioak ziren orduan, udal langileak. Pertzepzio nahastua neukan suhiltzaileez".

Hala ere, lehengusuaren proposamenari heldu eta lan deialdira aurkeztu zen Garate, "galtzeko ezer ez" zeukala eta. 36 suhiltzaile lanpostutarako deialdira mila lagun inguru aurkeztu ziren. Hainbat proba –orokorra, fisikoa, geografikoa, medikoa eta lanbideari lotutakoa, besteak beste– gaindituta, 31. egin eta suhiltzaile postua lortu zuen Garatek. Ez zortez bakarrik, "ahalegina eginda" eta proba guztiak gainditzeko "gaitasuna" erakutsi zuelako lortu zuen lanpostua.

1994. urtean hasi zen suhiltzaile Garate, Ordiziako suhiltzaile etxean: "Zerbitzu berri samarra zen Gipuzkoan, bi suhiltzaile etxe besterik ez zeuden lurraldean. Orduan ireki zituzten beste hiru etxe: Tolosakoa, Zarauzkoa eta Ordiziakoa". Sei urtez jardun zuen Ordizian. Han ari zela, Azpeitiko suhiltzaile etxe berrirako sarjentu posturako lan deialdira aurkeztu zen, baita postua eskuratu ere. Ordutik, lan horretan ari da. Azpeitian Urolako suhiltzaile etxea 2000. urtean ireki zuten, eta 2001ean inauguratu.

Azpeitiko suhiltzaile etxean bi arduradun edo sarjentu daude, horietako bat da Garate. Askotarikoak ditu ardurak eta egitekoak: “Suhiltzale etxearen kudeaketa administratiboa, pertsonal arloari dagozkion kontuak eta erreminten eta materialaren kontrola dira sarjentuaren egitekoetako batzuk. Donostian gure gainetik dauden buruekin zubi lana egiten dugu guk”. Lan egutegiaren erdia zeregin horietaratako du sarjentu gisa, eta beste erdia, berriz, 24 orduko txandetarako, guardia lanetarako, alegia. Guardiako txandan lau suhiltzaile etxetako ardura izaten du sarjentuak: “Azpeitikoarenaz gainera, Zarauzkoaren, Eibarkoaren eta Oñatikoaren ardura izaten dut”.

Beste lanbide eta sektore askok bezala, suhiltzaileen zerbitzuak ere aldaketa nabarmenak izan ditu azken urteotan. Zerbitzua profesionalizatu egin da, eta egin dituzten hainbat aldarrikapenen ondorioz, txanda bakoitzeko lantaldeak handiagoak izatea lortu dute. Txanda bakoitzean bi suhiltzaile aritzen zireneko garaiak ezagututakoa da Garate; Ordizian hala jarduten zuten: "Suteren bat gertatzen zenean, hirugarren lagun bat etorri zain egon behar izaten genuen suhiltzaile etxetik irteteko. Boluntarioak azkar etortzen ziren, eta haietakoren bat etorri orduko irteten ginen esku hartzera. Errepideetako istripuen kasuan, ordea, ahal zen azkarrena joan behar izaten genuen, eta txandako biak joaten ginen. Etzegarateko errepidea artean zabaldu gabe zegoen, eta istripu oso latzak ikusi genituen han: kamioi azpira sartutako autoak eta". Orain, ordea, suhiltzaile etxeetan txanda bakoitzean bost lagun egoten dira: "Txandako kabo bat egoten da, lau suhiltzailerekin. Eta, sarjentuari guardiako txanda egokitzen zaionean, sei laguneko taldea aritzen da. Beraz, edozein esku hartzeri erantzuteko, lantalde polita gaude. Alde horretatik, guk segurtasun gehiagorekin lan egiteko asko irabazi dugu".

Gainera, azken urteetan, areagotu egin da suhiltzaileen etxeen arteko elkarlana eta koordinazioa esku hartzeetarako. "Lehen suhiltzaile etxe bakoitza mundu bat zen. Orain, baina, esku hartzeetan koordinazioa automatikoki jartzen da martxan. Esaterako, herriko sute baten kasuan, bat-batean bi suhiltzaile etxe jartzen dira martxan. Esku hartzeari hasiera gertuenekoak ematen dio, eta minutu gutxi batzuk barru, beste suhiltzaile etxe batekoen laguntza izaten du". Antolaketarekin batera, aurrerapen teknologikoak ere hainbat abantaila ekarri dizkio suhiltzaileen jardunari, bai lanerako erreminta hobeak dituztelako, baita esku hartzeen tokietara azkarrago joateko bideak ireki dizkielako ere. "Uraren motoponpak, esku erremintak... hobeak ditugu. Arnasa hartzeko ditugun baliabideak eta suteetan jarduteko kamera termikoak ere hobeak dira; lehen, askotan, itsumustuan jardun behar izaten genuen ke artean. Koordinazio zentroarekin harremanetarako ordenagailuak eta tabletak ditugu, eta era horretan, esku hartu behar dugun tokiaren kokapena eta egin beharreko ibilbidea aurretik jakiten ditugu". Baliabide horiekin guztiekin laneko segurtasunean asko irabazi dute: "Arriskua hartu behar denean hartzen da, baina lanerako lagungarri asko dauzkagu, eta zenbateraino arriskatu pentsatzeko aukera ematen digute horiek: pertsonarik ba al dagoen arriskuan ikusteko, kalteak materialak bakarrik izan daitezkeen...".

Suteak itzaltzea baino, bestelako lanak gehiago dituzte suhiltzaileek egun: "Suteak esku hartzeen erdia baino gutxiago direla esango nuke". Zorionez, garai batetik trafiko istripuak asko gutxitu dira, "baina hor jarraitzen dute orain ere". Esku hartze teknikoak ere maiz izaten dituzte: "Teilaturen batetik zerbait erortzear dela eta hura lotzera joan beharra; etxean bakarrik bizi den adinekoren bat lurrera erori eta ezin jaikita dagoelako hari laguntzea...". Horiez gainera, mendiko erreskateetan ere aritzen dira, batik bat, uda aldean.

Esku hartzeetarako aurrez prestatzeko lanak ere sarri egiten dituzte suhiltzaileek: uraren-harguneak aurreikustea, baserrietako trackak egitea, lur azpiko garajeetako baldintzak ikuskatzea, altuera handiko etxebizitzetan eskailerekin-eta probak egitea... Lan horiek egitea garrantzitsua iruditzen zaio Garateri: "Prebentzio lanak dira, eta datu asko biltzen ditugu. Tokiak ezagutzeak hara joatea egokitzen denean ezjakinean ez aritzeko bidea ematen dizu. Esaterako, pinturak-eta ekoizten dituzten Irurena eta Bernardo Ezenarro enpresetan izan ginen, eta batean zein bestean arrisku handieneko guneak non dauden ikusi ahal izan genuen".

Askotariko esku hartzeetan parte hartu du Garatek, eta arrazoi askogatik jasotzen dituzte suhiltzaileek deiak: "Katu bat zuhaitz batetik ez dela jaisten, eta handik jaisten laguntzera joandako suhiltzaileen kasuak ezagutzen ditut. Tipikoa da hori". Horrelakoak bai, baina auto istripu gogorretan esku hartu beharra ere ezagutu du, baita istripua izandakoa ezaguna izatea ere. "Ordizian lan egin nueneko oroitzapen gogorrak dauzkat, baina han lanean nengoenean, ez nuen ezagunen bat egokituko zitzaidanik inoiz espero. Azpeitira lanera etorri nintzenean, ordea, hemen kasuren batean ezagunen bat egokituko zitzaidala pentsatzen nuen. Behin, Azpeititik Zestoarako bidean, gure ezkontzara etorritako batek istripua izan zuen eta hil egin zen. Kasu hartan, geuk esku hartu behar izan genuen, eta hildakoaren familiari neuk eman nion abisua", azaldu du azkoitiarrak. Horregatik guztiagatik, suhiltzaile batek fisikoki bezainbeste mentalki prestatuta egon behar duela uste du Garatek.

Suhiltzaile gisa 25 urte egin ditu Garatek, eta gustura dago bere ogibidearekin. Urteen poderioz eta bidean ikasten joan den guztiarekin pozik dago. "Egiten dugun lanaz esker on asko jasotzen dugu jendearengandik, salbuespenak salbuespen. Suhiltzailearena oso esker oneko lanbidea da", dio. Garbi du, ordea: "Ez gara superheroiak".

Jaiotza urtea: 1966.

Ikasketak: batxilergoa.

Lanbidea: suhiltzailea.

Suhiltzailea ez banintz... ez naiz geldirik egotekoa, eta nonbaitetik aterako nuen bizimodua.

Lanetik ateratzean gogoko dut... Ugarte Goikoa baserrira joatea; hura da nire ihesbidea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide