Bestaldetik

Intza Lizarazu: "Esango nuke saskibaloiari esker naizela orain naizena"

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 27a, 08:00
Intza Lizarazu saskibaloi jokalari azkoitiarra. (Argazkiak: I. Lizarazu)

Goi mailako kirolaria eta irakaslea, bidaiatu zalea ere bada, baina ezin jakin noiz egin ahalko duen hurrengo txangoa. Txikitatik bere bizitzaren ardatz den kirolean ere ez daki noiz itzuliko den kantxara. Maiatzeko Maxixatzen aldizkarirako egindako 'Bestaldetik' elkarrizketa.

Saskibaloia da Intza Lizarazuren (Azkoitia, 1991) pasioa, baita bere izaeraren zati negoziaezina ere. Egunerokoa, beste guztioi bezala, hankaz gora jarri zaio orain. Etxe atariko bankuan eseri eta lagunekin pipa batzuk jango lituzke gustura. Edo New York ezagutu, ahal duenean.

Zer moduz daramazu konfinamendua?

Hasieran, uste dut denoi kostatu zaigula eguneroko berrira egokitzea. Baina, egia esan, nahiko ondo daramat. Saiatu naiz ordu gehienak okupatuta izaten egunean zehar eta antolaketa hori ondo egiten, denerako denbora hartuz: lana egiteko, kirola egiteko, familiarekin ordu gehiago egoteko. Antolaketa horri esker, esango nuke ohitu egin naizela.

Antolaketa horren xehetasunak azalduko?

Goizean betetzen ditut laneko orduak. Bazkaldu ondoren, ordu erditxo bat lasai hartzen dut, eta gero, kirola egiten dut. Zorionez, bizikleta estatikoa daukat etxean; horrekin, gomekin eta pisuekin, material aldetik nahiko osatuta nabil ariketak egiteko.

Goi mailako saskibaloi jokalaria zaren partetik, nola eragin dizu egoera honek?

Ez dauka zerikusirik orain artekoarekin. Orain arte astean lau-bost egunetan izaten nituen entrenamenduak, bi astean behin Espainian zehar bidaiatzen nuen partidak jokatzeko... Eta egun batetik bestera, dena aldatu da; “bihar ez etorri entrenatzera” esan ziguten, eta bat-batean, beste bizimodu batera egokitu behar. Gure kirolean baloia ukitzea oinarrizkoa da. Taktikoa ere bada, eta taldeko kirola; uste dut faktore guztietan eragiten digula egoera honek. Baloia faltan sumatzen dut, baina beno, ari gara saiatzen. Momentuz, federazioak ez digu ezer esan ofizialki, baina uste dugu ez garela lehiara bueltatuko denboraldi honetan. Bost neurketa falta zitzaizkigun liga bukatzeko. Ez dakigu igoerekin eta jaitsierekin zer erabaki hartuko dituzten, baina ez dugu pentsatzen jokatzera itzuliko garenik. Ez dauka logika handirik, egoera dagoen bezala. Denon osasuna dago jokoan, eta uste dut ez bueltatzea izango dela hartuko duten erabakia.

Sailkapenari dagokionez, zuen taldeari behintzat ez dio gehiegi eragingo lehia eteteak, ezta?

Bai, alde horretatik lasai egoteko moduan gaude, behintzat. Liga eten zenean sailkapenaren erdi aldean geunden, jaitsieratik gutxi gorabehera salbu, eta gora begira ere ez genuen ezer jokoan.

Irakaslea ere bazara. Zer moduz moldatu zara telelana egiteko? Nolakoa izan da eragina alde horretatik?

Gasteizko Umandi ikastolan egiten dut lan. Nahiko ikastetxe handia da: 500-600 ikasle artean dauzkagu. Heziketa bereziko irakaslea eta aholkularia naiz. Ez dakit zortea dela esan dezakedan, baina lan kargari dagokionez, nirea ez da tutore den batek izan dezakeenaren parekoa. Tutoreek 20-25 ikasle dituzte gelan, haien jarraipen zehatza egin behar dute, eta horrek esan nahi du egunero izan behar dutela kontaktua ikasleekin. Nire kasuan, lan karga handiagoa izango nuke eskolan bertan ariko banintz; izan ere, nire ardura diren ikasleekin zein haien beste irakasleekin hartu-emana eta bisitak ohikoak dira ikastetxeko nire egunerokoan. Orain, etxetik, jarraipena beste era batekoa da. Bilera telematikoak egiten ditugu irakasleok, heziketa bereziko zerrendan ditudan ikasleen jarraipena egiten dut eta lantxoak bidaltzen dizkiet haiei, eta beren gurasoekin harremana mantentzen saiatzen naiz, orain arte ikastetxean landu ditugun harremanak eta dinamikak kolpetik ez ditzaten galdu.

Gaurkoak alde batera utzita, nolako umea zen Intza Lizarazu? Txikitako zer oroitzapen gordetzen dituzu?

Geldirik egoten ez dakiten horietako bat nintzela esango nuke. Kirola txiki-txikitatik gustatu izan zait, eta beti ibiltzen nintzen saltsan, edozer kiroletan. Bai jolas orduetan, bai eskolatik irtendakoan, nire lehentasuna, beti buruan nuena, baloia hartu eta jolasean ibiltzea izaten zen. Berdin zitzaidan neska bakarra izan behar banuen ere mutil artean.

Ikasle ona al zinen?

Xabier Muniben ikasi nuen eta eskolara gustura joaten nintzen, baina ikasle ona... Normala, esango nuke. Alferra nintzela ez dut esango, baina argi daukat gehiago egin nezakeela ere. Egia da arazorik ez nuela izan ikasketekin, baina beti hortxe, justukoarekin eta azken ordurako lagata ibiltzen nintzen.

Noiz eta nola hasi zen saskibaloiarekin zure harremana?

Orain umeek aukera gehiago dituzte, baina garai hartan, Ikaskirolen futbola eta saskibaloia egiten genituen, Lehen Hezkuntzako 3. mailan hasita. Beraz, 9 urterekin hasi nintzen Ikaskirolen saskibaloia lantzen, eta 10-11 urterekin, berriz, Iraurgi Saskibaloian.

Saskibaloia zure pasioa dela esan izan duzu. Gogoan al duzu noiz bilakatu zen zaletasuna pasio?

Iraurgin teknifikazioan eman nituen aurreneko pausoak; noizean behin entrenatzen nuen. Gero, hortik Gipuzkoako selekzioan sartu eta Euskadiko txapelketak jokatzeko aukerak iristen hasi ziren. Hor, jada, lehiakortasun maila handituz doala ikusten duzu, besteekiko eta zeure buruarekiko. Hamabi jokalari aukeratzen dituzte selekziorako, eta hamabi horien artean egotea nahi izaten duzu. Uste dut prozesu bat izan dela: denborak aurrera egin ahala, gero eta gehiago lotzen joan naiz saskibaloiari. Baina iruditzen zait kadete eta junior urteetan ikusi nuela, batik bat, eguneroko lanak emaitzak ematen zituela.

Irudikatzen al duzu zeure burua saskibaloirik gabe? Jokalari izateari uzten diozunean ba al duzu kirol horrekin era batera edo bestera lotuta jarraitzeko asmorik?

Oraindik ez dut halakorik planteatu, egia esan. Ez dut irudikatzen jokatzeari uzteko erabakia hartuko dudan egun hori; horrelako sentipenik ez daukat oraindik. Urteak aurrera doaz eta unean uneko erabakiak hartzea tokatuko zait, noski, baina momentuz ez daukat lagatzeko batere asmorik. Baina, bai, seguru nago jokatzeari uzten diodanean ere jarraituko dudala alde batetik edo bestetik saskibaloiarekin lotura izaten.

Zer eman dizu saskibaloiak?

Naizena izaten lagundu dit saskibaloiak neurri handi batean: autokonfiantza izaten, neure burua hobeto ezagutzen, talde lanean nola jokatu behar den jakiten, jende berria ezagutzen... Osotasunean hartuta, esango nuke saskibaloiari esker naizela orain naizena. Finean, nire egunerokotasuna saskibaloiarekin dago lotuta, eta zaila egiten zait saskibaloirik gabeko egunerokotasuna irudikatzea. Jokatzeaz gain, jarraitzailea ere banaiz, saskibaloia ikustea asko gustatzen zait, edozein partida; zapatuan erraz ikus ditzaket hiru partida, eta igandean beste horrenbeste.

Eta ba al duzu saskibaloiak zerbait kendu dizunaren irudipena?

Kendu edo, denbora. Azkenean, ez dut eduki hainbeste denbora parrandara irteteko edo kuadrillakoekin egoteko, bidaiatzea tokatu zaidalako edota biharamunean partida jokatu behar nuelako eta etxera goizago erretiratzea tokatu zaidalako. Beti saiatu izan naiz, hori bai, tartea izan dudan bakoitzean lagunekin denbora pasatzen.

Zein jokalari izan dira, izan badituzu, zure erreferenteak edo ispiluak?

Marta Xargay da emakumeen saskibaloian gehien gustatzen zaidan jokalarietako bat. Baina erreferenteak aipatzerakoan, txikitatik gaur egunera arte neurekin jokatu duten taldekideak ez nituzke ahaztuko. Asko dira Iraurgiren emakumeen taldean jokatzen hasten direnak, baina adinarengatik edo beste arrazoiengatik utzi egiten dute askok. Baina bagaude hor taldetxo bat, txikitatik gaur arte elkarrekin jarraitu dugunak talde berean. Prozesu hau elkarrekin egin dugu, elkarrekin egon izan gara beti, eta horregatik diot horiek direla niretzat erreferente.

Saskibaloiaz gain, beste kirolik egiten al duzu? Kirolzalea al zara, oro har?

Bai. Futbola, tenisa edota eskubaloia ere gustatzen zaizkit ikusteko; telebistan ikusteko edozein kirol, egia esan. Praktikatzeko aukera dudanean, berriz, gustatzen zait padelean aritzea edo antxintxika egitea. Saski- baloia tartean bada, ordea, horrekin gelditzen naiz.

Goi mailako kirolaria zara, Espainiako bigarren mailako talde batean jokatzen duzu, baina ez zara saskibaloian jokatzetik bizi. Zer adierazten dizu horrek?

Gure mailan badago saskibaloitik bizi den jendea, baina momentu honetan eta gure kasuan, uste dut oso zaila dela. Gurasoekin-eta bizi baldin bazara, mantentzeko adina izan dezakezu, pasatu ditzakezu denboraldi batzuk horrela, baina bestela, zaila ikusten dut. Lanarekin bateratu beharra daukagu une hauetan. Hala ere, gu ezin gara kexatu. Iruditzen zait Iraurgik, gure klubak, gugan sinetsi duela eta laguntza aipagarria ematen ari zaigula alde horretatik. Argi dago ideala izango litzatekeela, gizonezkoak hortik bizi diren moduan, emakumeok ere aukera hori izatea. Baina pertsonalki, egia esan behar bada, ezin naiz kexatu.

Inoiz izan al duzu eskaintzarik, kanpora irten eta kirolari profesional gisara aritzeko?

Gaur egun, jokalarien agente edo ordezkari lanetan dabilen jende askok sare sozialak erabiltzen ditu jokalariokin harremanetan jartzeko. Horrela, noizean behin bidaltzen dizute mezuren bat. Niretzat, ordea, zaila da etxean baino hobeto egotea. Hemen egoteak eskaintzen dit saskibaloian jokatzeko aukera, eta gainera, lanean jarraitzekoa. Beste herrialde bat eta beste dinamika bat ezagutzeko gogo puntu hori ere hor dago, baina ez zait aukera seriorik tokatu, eta hemengoarekin konforme eta gustura nago.

Saskibaloi jokalaria eta irakaslea zara. Bi bide horiek hartu izan ez bazenitu, zertan irudikatzen duzu zeure burua?

Betidanik gustatu izan zait fisioterapia. Garai hartan, eta orain ere bai, nahikoa nota altua eskatzen zuten fisioterapia ikasketak egin ahal izateko, eta nire garaian, gainera, kanpora joan behar izaten zenuen ikastera. Beraz, arlo hori alde batera utzi nuen. Baina oso polita iruditzen zait fisioterapeuta lana, eta psikologia ere bai. Ez dut baztertzen azken arlo horretako ikasketak egitea, egunen batean; nire lanbidearekin zerikusi zuzena dauka, gainera.

Sare sozialak asko erabiltzen al dituzu?

Batez ere Instagramen eta Twitterren ibiltzen naiz. Orain, etxetik irten ezinda gauden honetan, egia da denbora asko pasatzen dugula sakelako telefonoarekin, baina nazkatzen hasia ere banago sare sozialen kontuarekin, gero eta gutxiago ari naiz sartzen.

Zure bi lanbideek uzten dizuten denbora librean, zer egitea gustatzen zaizu? Zer zaletasun dituzu?

Saskibaloiko denboraldia hasteko desiratzen egoten naiz, baina azkenerako, bukatzeko gogo puntu hori ere izaten dut, denbora libre pixka bat gehiago edukitzeko. Bidaiatzea gustatzen zait. Taldean atzerritarrak edukitzen ditugunez, saiatzen naiz haien herrialdeetara bidaiak antolatzen.

Bidaia agentzia eskura izaten duzu, beraz.

Lagun onak egiten badituzu, horrelako abantailak ere izaten dituzu, bai, lagunei bisita eginez bidaiatzeko.

Egin dituzun bidaien artean, ba al dago bereziki gustatu zitzaizun bakarren bat?

Eslovenia bisitatzeko aukera izan nuen. Taldekide bat hangoa zen, joatera gonbidatu gintuen eta ez nuen zalantzarik egin. Beste taldekide batekin joan nintzen Esloveniara, eta bertakoa zen taldekidearen etxean egin genuen astebete. Espero nuena baino are hobea izan zen bidaia hura. Ez nuen espero Eslovenia hain polita izango zenik, egundokoa iruditu zitzaidan. Lakuak, mendiak... ikusgarriak dira, oso-oso polita da herrialdea; bidaia oso gomendagarria.

Eta egiteko duzun bidaiaren bat? Gustura ezagutuko zenukeen tokiren bat?

New York. Oraindik ez dut hura ezagutzeko aukerarik izan, eta oraintxe joateko asmotan nengoen, hain justu. Ez genuen ezer hartuta, baina sanprudentzioetan lanetik astebete jai izango nuela baliatuta, taldekide ohi bat eta biok hara joateko asmotan genbiltzan. Azkenean, ordea, egoera hau dela-eta ezinezkoa izan zaigu. Eskerrak ez geneukala ezer lotuta, behintzat.

Bidaiatzea berriro posible izango den eguna iristen denean, hori izango al da zure aukera, New York?

Ba ez dakit zer esan. Gustatuko litzaidake New Yorketik hastea, adibidez.

Festazalea al zara?

Herriko festak gustatzen zaizkit, bai, azkoitiar peto- petoa naiz alde horretatik. Denboraldia martxan dela ez dugu festarako aukera handirik izaten. Etxean jokatzea egokitzen zaigunean, normalean igande goizetan jokatzen dugu; eta kanpoan jokatzen dugunean, bidaiak luzeak izaten dira, eta goizeko ordu txikietan ailegatzen gara etxera. Hortaz, batez ere andramaixetan gozatzen dut, sanandresek saskibaloiko sasoi betean harrapatzen gaituzte eta.

Konfinamendu sasoi honetan balkoi festarik izaten al da bizi zaren auzoan?

Ba ez. Zortziretan irteten gara txaloak jotzera, baina gainontzean jendea nahiko isilik dabil, egia esan.

Azkoitiko beste txoko batzuetan egiten dituzten festak ikusteak inbidia ematen dizu edo nahiago duzu horrela, lasai?

Danborrada egin zen unean, gure inguruan ez zen mugimendu handirik izan, baina entzuten zen etxetik gertu sortu zen giroa. Igande eguerdietan balkoietara ateratzen dituzten bozgorailu batzuen soinuak ere iristen dira. Eta bai, gustatuko litzaidake gurean ere horrelako zerbait sortzea, ordu erdiz edo ordubetez.

Etxeko itxialdian zaudela, zer da kalean lehen egiten zenuenetik gehien faltan sumatzen duzuna? Zer da konfinamendua bukatutakoan egingo zenukeen lehen gauza?

Denboraldiaren barruko errutinan harrapatu gaitu koronabirusaren larrialdi egoerak, eta beraz, ez neukan denbora asko sobera. Baina orain, egunero ari naiz gauza bera esaten: eskatzen dudan bakarra da etxe aurreko bankuan esertzea eta pipak jaten egotea hortxe, lagunekin. Orain dela aste batzuk txorakeria bat izango zatekeen, baina orain sekulakoa iruditzen zait. Kalera irtetea, lagun giroan trago batzuk hartzea eta lasai-lasai egotea. Orain ari gara konturatzen, lehen agian horrenbesteko baliorik ematen ez genien gauzek zenbat balio duten benetan: banku batean esertzea eta pipak jatea, lagunekin egotea...

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide