1.000 erosketa bonu salgai, herriko merkataritza biziberritzeko

Erosketa bonuak datorren ostegunean, maiatzaren 21ean, jarriko dira salgai. Internetez erosi ahalko dira, eta goizez eta arratsaldez Kontzejupean ere eskuragarri egongo dira. 40 euro ordainduta, 60 euro erabili ahalko ditu erosleak.

Bizi Herrixe Erosi Herrixen lelopean, udalak, Herrixen Merkatari Elkartearekin elkarlanean, erosketa bonuak jarriko ditu maiatzaren 21ean salgai merkataritza biziberritzeko. Guztira 1.000 bonu banatuko dira. Erosleak 20 euroko gehigarria eskuratuko du. Alegia, 40 euro ordainduta, 60 euro erabili ahalko ditu erosleak.

"Koronabirusak eragindako inpaktu ekonomiko latzaren aurrean, erakunde zein herritarren aldetik elkartasuna eta eskuzabaltasuna eskatzen dituen egoera berri bat kudeatu beharra ekarri digu. Denda txikietako eta ostalaritzako establezimenduetako kontsumoa bultzatu beharra daukagu, hainbeste egun itxita egon ondoren askok egoera kritikoa bizi dutelako", dio Ana Azkoitia udaleko Ogasun zinegotziak.

Gehien kolpaturiko sektorea da merkataritzarena, eta berpizte ekonomikoan laguntzeko udalak hartutako lehen neurrietako bat erosketa bonuak ateratzea izan da. Herrixen elkartearekin bat, herritarren esku 1.000 erosketa bonu jarriko dira, eta herriko establezimendu guztietan trukatu ahalko dira. "Nahi duguna da herritarrak jabetzea herrian bertan erostearen garrantziaz eta ohitura hori sustatze aldera, udazkenean bonuen bigarren kanpaina bat jarriko dugu martxan. Orain ikusi behar duguna da ekimenak ondo funtzionatzen duen eta aurreikuspenak betetzen ote diren. Hala bada, hobekuntzak txertatzen joango gara".

 

Bonuak sektoreka

Bonu bakoitza 40 eurotan erosi ahalko da eta 60 euroko balioagatik trukatu. Ondorioz, kontsumitzaile edo erosleari 20 euro aurrezteko aukera ematen dio bonu bakoitzak.

Edonola ere, kontsumoa ahalik eta gehien zabal dadin, oraingoan sektoreka banatu dira bonuak. Hau da, bonu bakoitza 10 euroko balioa duten sei txartelek osatuko dute eta bakoitza sektore batean edo besteak trukatu ahalko da.

Bonu edo txartel bakoitzak kolore ezberdina du sektorea bereizteko eta zer motatako establezimendutan erabil daitekeen azaltzen da bertan. Herrixen elkarteak bost sektoretan banatzen ditu establezimenduak, eta sektore horiek hartu dira erreferentzia gisa bonuak ezberdintzeko. 40 eurogatik jasoko diren sei txarteletatik, seigarrenak sektore guztietarako balioko du, elikagaien multzorako ezik.

Bonu edo txartel bakoitza sektore batera mugatzearekin nahi dena da kontsumoa ez zentratzea negozio mota bakar batean eta ekimena denentzat izatea lagungarri. Txartel bakarra da edozein sektoretarako balio duena, elikaduren multzoa kenduta. Horrela egitea erabaki dute da alarma egoeran elikagaien dendak zabalik mantendu direlako eta ez bestelakoak.

Bonu bakoitzaren erosketarekin jasotako 10 euroko txartel bakoitza ondorengo sektoreetan erabili ahalko da:

1) Elikadura, okindegiak, harategiak, arrandegiak, frutategiak, edari dendak, baserriko ekoizleak (azoka).

2) Kafetegiak, jatetxeak, tabernak, gozotegiak, goxoki-dendak.

3) Moda, oinetakoak, osagaiak, kirol dendak, mertzeriak, bitxi-dendak.

4) Ile apaindegiak, estetika, masajeak, dentistak, podologia, optikak, farmaziak, parafarmaziak, drogeriak, lurrindegiak, belar-dendak.

5) Zerbitzuak, kopistegiak, papertegiak, bidaiak, aholkularitza, gasolindegiak, lore dendak, autoeskola, iturgintza, kristaldegia, dekorazioa, burdindegia, elektrogailuak, estankoak, informatika, tindategiak, pentsu-denda, aseguru etxeak, argazki dendak.

6) Orokorra. Denetan erabili ahalko da elikadura multzokoetan ezik.

 

Nola eta noiz erosi bonuak

Erosketa bonuak online edo presentzialki erosi ahal izango dira:

1.  Azkoitia.eus / www.dendago.com/azkoitia web orrien bitartez

Maiatzaren 21etik aurrera. Interneten 500 bonu ipiniko dira salgai. Goizeko 10:00etan jarriko dira salgai.

Erosketa egiterakoan NAN zenbakia eta helbidea eskatuko dira. Interneten erosten dituenari bonua etxera bidaliko zaio gutun ziurtatu bidez.

Erabiltzaile bakoitzak bonu bat edo gehienez bi eskuratuko ditu.

2. Kontzejupean

Maiatzaren 21ean, ostegunean:

Goizez, 10:00etatik 12:00etara. 250 bonu jarriko dira salgai.

Arratsaldez, 18:00etatik 20:00etara. Beste 250 bonu jarriko dira salgai.

Erosle bakoitzak bat edo bi eskuratu ahalko ditu. Erosleei NAN zenbakia eskatuko zaie, eta nahitaezkoa izango da 18 urtetik gora izatea bonuak eskuratzeko. Bakoitzaren ardura izango da bonuen erabilera zuzena egitea.

Bonuak 2020ko ekainaren 30era arte erabili ahalko dira, eta erosketa bakoitza 10 eurotik gorakoa izan beharko du, txartel bakoitzaren balioa 10 eurokoa da eta. Bonua establezimendu guztietan erabili ahalko da, supermerkatu handietan izan ezik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide