MEDIKUA

Nerea Agirre: "Birus hau gurekin gelditzeko etorri da"

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 17a, 15:15
Nerea Agirre, Burgosen bizi den mediku azkoitiarra.

Burgosen (Espainia) harrapatu du osasun krisiak Nerea Agirre Juaristi (Azkoitia, 1987) medikua. Hango ospitaleko larrialdietan egiten du lan, baina, etxean dago koronabirusa agertu aurretik: lehendabizi haurdunaldi bajarekin eta gero amatasun bajarekin. Birusa gure artean egon den bitartean tokatu zaio erditzea, eta sentsazio arraroa izan dela onartu du.

 

Medikua zara; zein da zure espezialitatea zehazki?

Madrilen atera nuen plaza, familiako mediku espezialitatea egiteko, eta bertan lau urtez egon nintzen bizitzen. Han ezagutu nuen nire gaur egungo gizona: medikua da, eta berak Burgosen lortu zuen plaza. Hori dela eta, 2016tik Burgosen bizi gara. Hasieran anbulatorio batean aritu nintzen lanean, eta azken hiru urte hauetan ospitaleko larrialdi zerbitzuetan nabil.

Zein asmorekin harrapatu zaitu koronabirusak?

Maiatzean Donostiara bizitzera joateko asmoa genuen, baina koronabirusak Burgosen harrapatu gaituenez eta ezin dugunez hemendik mugitu, ea ekainean edo uztailean horra joateko moduan garen.

Nola daramazu egoera berezi hau?

Hasieran oso arraroa egiten zitzaigun, batez ere, ia bi urteko haurra daukagulako etxean eta beretzat gogorra zelako kalera atera ezina. Bi hilabete pasa daramagu konfinatuta, eta azkenean ohitu bezala egin gara egoera berri honetara. Orain umearekin kalera ateratzeko aukera daukagu, eta gure alaba askoz ere hobeto dago. Bestalde, bitarte honetan erditzea tokatu zait, eta jaioberri bat daukagu etxean.

Zer moduzko esperientzia izan da bigarren erditzea?

Ospitalera iritsi ginenean senarrak kanpoan gelditu behar izan zuen; geroxeago utzi zioten erditze gelara sartzen. Uneoro maskara jantzita egon behar izan genuen biok: bai erditzeko unean, bai ospitalizazio plantara umearekin igo ginenean. Dena oso ondo joan zen, eta tratu ona eman ziguten, baina orokorrean, egoera arraroa izan zen: elkarrengandik oso gertu egon beharreko momentua izaten da, baina denok genuen elkarrekiko mesfidantza, gaitza hartzeko beldurragatik. Bestalde, maskararekin erditzea ez zen izan oso gustagarria, itolarria ematen baitzidan. Plantan geundela ere, osasun langileak sartzen zirenean maskara jantzi behar izaten genuen. Beraiek ere babes neurri guztiak hartuta etortzen ziren, noski, baina umea hartzen ziguten aldiro beldurra ematen zigun.

Eta bajan zauden arren, ospitaleko lankideekin harremanetan al zaude?

Bai; krisi hau etxetik pasatzea tokatu zait, baina egunero hitz egiten dut lankideekin. Alde batetik, pozik nago egoera hau lanean bizitzeko aukerarik ez dudalako izan. Izan ere, larrialdietan lan eginda birusa etxera ekartzeko aukera asko daude, eta beldurra emango zidan. Baina, beste aldetik, pena ematen dit lanean egon ezin izanak, nire lankideak babesten. Haientzat oso gogorra ari da izaten; egoera latzak ikusten dituzte. Batez ere, ospitalera oso larri iristen den jendea: bakarrik ospitalizatu behar izaten dute, familiartekorik gabe, horrek ematen duen minarekin. Horrez gain, euren familia kutsatzeko beldurra dute. Askok umeak dituzte, eta euren seme edo alabari musu emateko beldurra dute.

Nolakoa izan da ospitaleko egunerokoa?

Ospitaleko funtzionamendua erabat aldatu da hilabete hauetan. Larria dena bakarrik artatzen dute kontsultetan, eta larriak diren operazioak bakarrik egiten dituzte. Neurri horiek hartu dituzte espezialitate kirurgiko ia denek. Ospitalea koronabirus gaitzarentzat egokitu dute erabat, egitura dena aldatuz.

Larrialdietan laguntza asko jaso dugu; ospitalea asko ari da laguntzen larrialdietako medikuei, horiek direlako zama gehien dutenak momentu honetan. Bestalde, ospitaleko aparkalekuan karpa bat jarri dute, COVID-19 kasu arinenak artatzeko.

Zer balorazioa egin du ospitaleak?

Egoera hasi zenetik emaitzak asko hobetu dira. Kurba asko ari da jaisten, bai kutsatuena, bai unitate intentsiboetako ospitaleratzeena, eta baita hildakoena ere. Orain nahiko emaitza onak ditugu.

 

"Egoera honek marka bat utziko digu guztioi"

"Test horiekin ezin da emaitza zehaztasunez jakin, negatibo faltsu asko ematen dituztelako gure ustez"

"Medikuon kontratuak orokorrean oso tamalgarriak dira"

"Osasun langileok babesgabe sentitzen gara: ez da lortu material egokia lana egoteko"

"Txertoa iritsi arte pixkanaka denok infektatzen joango gara, eta hori da era bakarra talde immunitatea lortzeko eta birusa horren arriskutsua ez izateko"

 

Asko izan al dira kutsatu diren langileak eta gaixoak?

Nire lankideetatik lau dira konfirmatutakoak. Krisia hasi zenean, ordea, beste bi egon ziren berrogeialdian etxean, baina ez zioten probarik egin hasiera hartan. Gainerako zerbitzuetan ez dakit.

Gaixoei dagokienez, atentzioa ematen zuen hasieran ez zeudelako hainbeste paziente kutsatuta, baina zeudenetatik, askok, Zainketa Intentsiboetako Unitatean ospitaleratu behar izan zuten. Eta jende oso gaztea zen. Hasiera hartan, pare bat astetan, egon ziren ospitaleratzeekin ZIU bete egin zen. Orduan beldurtuta egon ginen. Baina orain egoera asko hobetu da, eta hildakorik ez dago.

Bestalde, nire iritzia eman nahiko nuke egiten ari diren testei buruz. Hemen orain ari dira osasun langile guztiei testak egiten. Eta emaitzetan atentzioa ematen du ia denei negatibo ematen ari direlako proba horietan. Ez du zentzu askorik, zeren badakigu batzuk gaixotasuna pasatu dutela, eta negatibo eman dute haiek ere. Horregatik, ez gaude oso kontentu test horiekin. Gure zuzendaritzari jakinarazi diogu hori, eta ea zer egiten duten.

Espainiar Estatuan orokorrean mediku asko kutsatu dira, batez ere Madrilen, eta han izugarria izan da nola bizi izan duten krisi hau dena eta zenbat jende kutsatu den. Niretzat garrantzitsua da jakitea zein mediku dauden immunizatuta eta zein ez, nortzuk kutsatu diren eta nortzuk ez. Eta test horiekin ezin da hori zehaztasunez jakin, negatibo faltsu asko ematen dituztelako gure ustez.

Nolakoa da horko osasun sistema? Zein baldintzetan zaudete langileok?

Nahiko lan baldintza txarretan gaude lanean, jende askok ez dakien arren. Ia denok aldi bateko kontratuarekin gaude; kontratuak hilero edo lau hilean behin sinatzen ari gara. Asko jota sei hilabetez behin. Eta krisi honekin berdin jarraitzen dugu. Guk protesta asko eduki izan ditugu gure zerbitzuan. Krisi hau agertu aurretik nire nagusia gogor jarri zen gerentearekin eta kontratu pixka bat hobeagoak lortu zizkigun: urtebetekoak. Medikuon kontratuak orokorrean oso tamalgarriak dira. Baina tira, krisi honekin orain garrantzitsuagoa da beste alor batzuei garrantzia ematea.

Gobernuak hartutako neurriak egokiak direla uste al duzu? Edo azkarregi da normaltasunera itzultzeko?

Konfinamenduko neurriak nahiko berandu hartu ziren nire ustez. Denok genekien Txinan nahiz Italian gertatutakoa. Hemen garrantzia kendu nahi izan zitzaion kontuari.

Osasun langileok babesgabe sentitzen gara: ez da lortu material egokia lana egoteko. Osasun langile asko kutsatu dira, mundu mailan osasun langile gehien kutsatu direna izan da Espainiako Estatua. Neurri egokiak ez direlako hartu izan da hori nire iritziz. Babes neurri (arropa, maskara…) egoki gabe aritu dira lanean. Eta horrek eragina eduki du zifran.

Deseskalatzeari dagokionez, berriz, sentimendu kontrajarriak ditut. Alde batetik, azkarregi dela iruditzen zaigu osasun langile askori, uste dugulako beste gorakada bat egongo dela. Baina, beste aldetik, ekonomikoki familia asko gaizki pasatzen ari direla ikusten dut, eta normaltasun berrira egokitzen joan behar dugula uste dut baita ere.

Beste gorakada bat izango dela diozu; nola ikusten duzu etorkizuna?

Beharrezkoa ikusten dut jendea kalera irteten hastea. Birus hau gurekin gelditzeko etorri da. Orduan, pixkanaka, talde immunitateak sortzen joan behar dugu. Denok kontziente bagara, eta ondo egiten baditugu gauzak (eskuak ondo eta sarri garbitu, maskara erabili, eta bi metroko segurtasuna mantendu) egoera hobera joango dela. Txertoa iritsi arte pixkanaka denok infektatzen joango gara, eta hori da era bakarra talde immunitatea lortzeko eta birusa horren arriskutsua ez izateko. Ez dakit zein izango den etorkizuna; artikulu batzuk irakurri ditut, eta esaten dute etorkizunean konfinamendu txikiak egin beharko ditugula, berriro horrelako gorakada gogorrak ez egoteko. Egoera honek marka bat utziko digu guztioi, eta espero dut denok ahalik eta ondoen eman ahal izatea bizimodu berri hau.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide