Azkarateko hondakin gunea

Azkoitiko gremioak birziklatzearen alde

Azkoitiko Gremioen Elkartea 2020ko mai. 16a, 14:38
Hondakin gunea eraiki nahi duten lekua.

Azkoitiko Gremioen Elkarteak gutuna bidali dio Maxixatzeni, eraikuntzako gremioak "arazo larrian" daudela eta "irtenbide bat orain" behar dutela salatuz.

"Eraikuntzara zuzendutako Azkoitiko zenbait gremio, enpresa txiki eta autonomo gara, azken asteetako zalapartaren harira, geure ikuspuntua emateko bildu garenak.

Eraikuntzako obra txikiak (obra etxetiar arruntak) eta ez hain txikiak (eraikuntza berriak) eginaz jasotzen dugu hileko soldata. Hilabeteak autonomo kuotak ordainduz amaitzen ditugu, datorrenak zer ekarriko digun zehazki jakin gabe. Igeltseroak gara, iturginak, elektrikariak, arotzak, urbanizazio eta hondeaketa lanen enpresak... bainugelak berritzen ditugu, teilatuak konpondu, sukaldeko lurrean askatu diren baldosak ordezkatu, eraikin berrientzat lurrak berdindu... Gehienbat, herrian bertan edo inguruetan egiten dugu lan, eta irakurle zaren horren etxean, agian (ziurrenik), ere bai.

Urteak generamatzan esku artean darabilgun pilota elkarri pasaz, eta bagenekien lehenago edo geroxeago lehertuko zitzaigula. Iritsi da momentua. Lehertu zaigu. Jakitun egin gaitezen guztiok, zein den gaur egun bizi dugun egoera.

Adibide gisara balio dezatela ondoko datuek: Bainugela txiki baten berritze lanetan 1.000 kg inguru obra-hondakin sortzen dira (neurrien arabera 1.500- 2.000 kg ere izan daitezke). Sukalde eta bi bainugelak berritzen badira, 10.000 kg inguru. Etxebizitza goitik behera berritzen bada zifra bikoitza izan daiteke. Eta taberna, arropa-denda edo frutategi bat berritzean sortzen direnak... espaloiak konpontzean... errepideetako zuloak estaltzean...

Inguruan ditugun plantetara erreparatzen badugu, gertuen duguna Lapatx da, eta honakoa dio:

“Eraisketa eta eraikuntza lan txikietan diharduten gremioek, astean 500 kg hondakin isuri ahal izango dituzte, erabiltzaile bakoitzeko” (gazteleratik itzulia).

“Ezin izango da garbigunean 3.500 kg baino gehiago pisatzen duen ibilgailurik sartu”.

Zer gertatzen da, esan bezala, bainugela txiki batean bakarrik, 1.000 kg obra-hondakin sortzen baditugu? Ba egun batean 500 kg eraman, eta beste 500 kg-ak nonbaiten “gorde”, hurrengo astean eramateko. Eta etxebizitza osoko erreforma bada? 10.000- 20.000 kg inguru? Hemen sortzen dira benetako arazoak, eta are gehiago, kontratatu dugun igeltseroak 3.500 kg-tik gorako kamioia badu. Nora eraman behar dira? Ba al dakigu, beraz, gure etxeetako obra-hondakinek non amaitzen duten? Gehienak Astigarraga eta Errenteria inguruan, Zaldibian... (guztiak gestio pribatukoak). Ba al dakigu obra-hondakin horien kudeaketak zenbat €, zenbat CO2 isuri eta zenbat denbora eskatzen duten?

Ez dugu politikarien siglen atzeko liskarrean erori nahi. Era berean pena ematen digute Maxixatzen bezalako herri komunikabideetan argitaratzen diren albisteen jarraian irakur daitezkeen mezuek, elkarrenganako ikusi ezinak tarteko, nork argumentu “brillanteagoa” bota. Ez dugu horrelakorik nahi. Arazoa denok egin behar dugu geure. Estatistikaz bada ere, gu gremioon artean EH Bilduri botoa ematen diotenak egongo dira, bere garaian EAJ-rekin erosoago sentitu zirenak, edota azken hauteskundeetan PSE edo Azkoitia Bai-ri botoa eman diotenak. Ez dugu nahi geure-geurea sentitzen dugun arazo hau eta politika nahasterik.

Kontua da, gremiook “geure” sentitzen dugula, izatez, “guztiona” den arazoa. Bainugela konpontzen duen horrena, baserriko teilatua berritu duenarena edo igogailua bebarruaren mailaraino jaitsi nahi duten bizilagunena. Guztiona. Obra-hondakinak guk kudeatzen ditugu, bai, baina obra-hondakin horiek norbanakoarenak direla ikusten ez dugun bitartean, ez diogu esku artean lehertu zaigun pilotari zulorik estaliko.

Nahiko genuke adibidez, Astigarragako Ekotrade (www.ekotrade.eus) edo Errenteriako Susperregi (www.susperregi.es) bezalako tokiak benetan zer diren ulertzea. Behintzat, gainetik bada ere, ulertzeko ahalegin txiki bat egitea. Enpresa hauek, hondakinak jaso, “triaje” edo bestelako sistema bidez tratatu eta beste erabilera baterako prest uzten dituzte. Hala eta guztiz ere, ez gaude arazoari gestio publikoarekin erantzutearen aurka (gaur egun ezinezkoa dirudien arren). Kontua da gaia sakona dela, aldaketek oso luze jotzen dutela, eta arazoa urgentziazkoa dela.

Informazio falta nabarmenaren aurrean, gremiook, Azkaratekoari zein beste edozein plantari honakoa eskatzen diogu:

  • Izan dadila eraikuntza eta eraisketako hondakin (EEH) ez arriskutsuen birziklatze planta bat, eraikuntzako hondakinak jaso, sailkatu, eraldatu, kudeatu eta berrerabiliko dituena.
  • Jasoko diren hondakinak “ez arriskutsuak” izan daitezela.
  • Ez dadila zabortegi / “vertedero” bat izan.
  • Zorrotzak izan daitezela egiten duten horretan, jasotze eta sailkatze lanetatik, prozesuaren amaieraraino.

Era berean, ulerkorrak izan nahi dugu azpiegituraren inguruan bizi diren auzotarrekin. Guztiok dugu zalantza ugari. Elkarren beldurrak jaso eta adostasunetara iristeko prest gaude, horretarako behar adina bilera eginez, ordezkari politiko, plataformetako kide edo edozein norbanakorekin ere.

Ez dugu uste lapikoak jota konponduko denik esku artean dugun arazoa, are gutxiago alderdi politikoen arteko liskarretik. Arazoa benetakoa da. Birziklapen plantak lana txukun eta garbi egin dezala bermatu behar da.

Beraz, ur-araztegi (depuradora) baten alde gauden zentzu berean, azpiegitura honen alde agertzen gara, betiere, goiko puntuak beteko diren kasuan.

Ez zaigu honetara iristea erraza egin, geure bezero direnak, lapiko joka ari direla ikusita.

Azkoitiko hainbat gremio, enpresa txiki eta autonomo".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide