Herrien arteko lehiarik ez pilotalekuetan

Iaz txapela jantzi zuen Azkoitiak gomazko paletan.

Herriarteko pilota txapelketek hasita behar lukete honezkero, baina asteek aurrera egin ahala, Azkoitiko Oteiza Pilota Kirol Elkarteak gero eta garbiago du aurten ez dutela herrien arteko lehiarik izango. Azkoitia eskuzko eta gomazko paleta herriarteko txapelketetan zen parte hartzekoa.

COVID-19 gaitzak eragin zuzena izan du pilota munduan ere. Bi hilabete daramatzate eskualdeko pilotariek pilotalekurik zapaldu gabe, eta ezin ukatu dagoeneko hasteko gogotsu direnik. Gainera, hasita behar zuten Gipuzkoako Herriarteko Txapelketek. Azkoitia eskuzko eta gomazko paleta —iaz txapeldun izan zirne azkoitiarrak— modalitateetan izena emanda zegoen aurtengo urterako. 

Hamasei herrik eman zuten izena eskuzko herriartekoan, eta beste hainbeste gomazko paletan. Bost-zazpi herri ziren parte hartzekoak larruzko paletan eta pala motzean; zesta-puntan, aldiz, lau herri izango ziren nor baino nor gehiago. 

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak ez du Herriarteko txapelketen gaineko azken erabakirik hartu oraindik. Une honetan klubek dakiten bakarra da txapelketak bertan behera geldituta daudela. Egutegiaren barruan sartu asmoz, federazioak argi du Herriarteko txapelketek amaituta beharko dutela ekainaren bukaerarako. Horregatik, balizko aukera bat du mahai-gainean eskuzko eta gomazko paleta modalitateetarako, hamaseina herrik eman baitute izena. Proposamen horren arabera, kanporaketak jardunaldi bakarrera jokatuko lirateke, zozketa bidez erabakitako klubaren herrian. Ondorioz, bi partida irabazten dituen herriak egingo luke aurrera. Halere, aukera hori publikorik gabe emango litzateke aurrera, eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak argi du: "Herriartekoa publikorik gabe ez du ikusten federazioak", azaldu du. Nahiz eta baieztapen ofizialik ez eman, itxura guztien arabera aurten ez da Herriarteko txapelketarik jokatuko. 

Harreman berezia du Azkoitiko herriak Herriarteko txapelketarekiko, eta orain jokatu ezin denez, "pena" hitza guztien ahotatik entzun ahal da. Azkoitiko Oteiza taldeko Alex Juaristik uste du egoera zein den ikusita "logikoena" ez jokatzea dela. "Herrian saltsa eta giroa sortzen duen txapelketa da Herriartekoa. Herriak erantzun egiten du, eta beti da ederra herriaren aurrean pilotan jokatzea. Alde horretatik pena hartu dugu", azaldu du. Publikorik gabe txapelketa jokatzea "tristea" dela dio, gainera, Juaristik.

Azkoitiko pilotariak, gainerako guztiak bezala, bi hilabete luzean pilotalekura sartu gabe, eta horiek "zaila" ikusten dute ekainean jokatzeko aukera. "Ekainean hasi beharko bagenu, segituan hasi beharko ginateke entrenatzen. Eskuak eta nola ditugun ikusi beharko genuke, gainera. Gauza bat da pareta baten aurka pilotakadak ematea, eta bestea pilotalekuan bertan pilotan egitea eta lehiatzea. Bi astean entrenatuta fisikoki gutxiago nabarituko litzateke, baina uste dut eskuek asko sufrituko luketela", eman du azalpena, amaitzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide