"Hondakinak dagokien tokira garraiatu aurretik" Izarre-Jandaloko eremua erabiltzen duela onartu du Udal Gobernuak

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 14a, 16:08

Izarre-Jandaloko eremua udal brigadaren jardunean sortutako hondakinak dagokien gunera eraman aurreko "trantsizio gunea" dela adierazi du Udal Gobernuak. Gainera, salatu du EH Bilduk ere gune hura hondakinak biltzeko erabili zuela Azkoitiko Udal Gobernuan izan zenean.

Azkoitiko Udal Gobernuak jakinarazi du brigadak bere jardunean sortzen dituen hondakinak Izarre-Jandaloko eremu batera eramaten dituztela, horiek dagokien plantara edo zabortegira garraiatu aurretik. "Izarre-Jandalokoa trantsizio gune bat da, eta hori horrela izan da azken hamabost urtean edo gehiagotan". Atzo gune horren erabileraz salaketa oharra kaleratu zuen Azkoitiko EH Bilduk, eta gaur erantzun dio hari Udal Gobernuak. Ohar bidez jakinarazi duenez, "kamioi bat betetzean" garraiatzen dute materiala Izarre-Jandaloko eremutik. "Sostengaezina litzateke brigadako langileek egiten duten lan bakoitzeko kamioi bat martxan izatea. Kontua da bilketa arrazoizko maiztasunarekin egitea eta baliabideak zentzuz erabiltzea", nabarmendu du Udal Gobernuak.

Udalak dioenez, azken bilketa "duela egun gutxi" egin dute. "Udalak Lapatxera eraman zituen inausketa eta lorezaintza lanetan sortutako hondakinak, eta obra hondakinekin gauza bera egingo da dagokion plantara eramanda". Dena den, Udal Gobernuaren iritziz, "arazoa" dago obra hondakinekin. "60 kilometroko itzulinguruan ez dago hondakin horiek nora eraman. Inork ez du nahi balorizazio plantarik gertu, eta errespetagarria da, baina onartu beharra dago planta ezak zabortegi kontrolatu gabeak sortzeko arriskua areagotzen duela, nahiz eta ez izan hori Izarre-Jandalokoaren kasua. Alternatibarik gabe, ez du balio kritikak", azaldu du Imanol Arrizabalaga zinegotziak.

Udal Gobernuak jakinarazi du brigadak egiten dituen "lan guztietan" sortzen direla hondakinak. "Inausketak direla, baldosak berritzen direla… Gune bat behar da ondoren hondakinak garraiatu eta tratatzeko". Eta Izarre-Jandalo eremuko gunearen salaketa EH Bilduk egin izana azpimarratu du: "Bitxia da salaketa EH Bilduk egitea. Zergatik ez zuen EH Bilduk aterabiderik bilatu agintean zegoenean? EH Bildurekin Izarre-Jandalo erabiltzen jarraitu zen. Ezetzaren dikaturak kritikarako balio du, baina ez irtenbideak bilatzeko eta kudeaketarako", esan du Arrizabalagak. 

Era berean, Arrizabalagak adierazi du udalaren ardura dela mantenimendu lanetatik eratorritako hondakinak tratamendu planta batera eramatea. Eta herritarrek ardura bera dutela azaldu du: "Herritarrek erantzukin bera dute bainugela, sukaldea edo etxebizitza birgaitzen duten bakoitzean. Ardura partekatua da, eta guztiok, erakundeek eta herritarrek, konponbide bat merezi dugu. Gremioek esaten dute ez direla beraien hondakinak, bezeroenak baizik. Gremioak lanerako daude, baina paradoxa da hondakinen garraioa egindako erreforma baino askoz garestiagoa suerta dakiekeela herritarrei. Zer egin dezakegu?", galdetu du Arrizabalagak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide