Merkealdia, sarean bakarrik

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 15a, 09:00

Eusko Jaurlaritzak establezimendu fisikoei merkeldia egiteko baimena eman dien arren, Espainiako Gobernuak esan du ezingo dutela egin, eta alarma egoeran, Madrilek du azken hitza. Herriko merkatariak merkealdia ez egitearen aldekoak dira, baina uste dute Internetez egitea ere debekatu egin beharko luketela. 

Azken asteetan beste hainbat gairekin gertatu den modu berean, merkealdien gaiak ere aurrez aurre jarri ditu Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza. Madrilek, jende pilaketak saihesteko helburuarekin, saltoki fisikoei galarazi egin die beherapenak eta promozio bereziak egitea. Eusko Jaurlaritzak, aldiz, baimena eman die, beti ere herritarren osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak hartuta. Alarma egoeran egonik, ordea, Espainiako Gobernuak du azken hitza. Beraz, establezimendu fisikoek ez dute uztailaren 1etik aurrera merkealdia egiteko baimenik. 

Debeku horrek, baina, denda fisikoei bakarrik eragingo die, alegia, nahi dutenek posible izango dutela Internet bidez beherapenak eskaintzea, saltoki txikien kalterako. Sara Rodriguez Herrixen Azkoitiko merkatari elkarteko teknikariak Maxixatzeni adierazi dionez, "egoera nolakoa den ikusita", herriko dendak merkealdirik ez egitearen aldekoak dira. "Orain arte dendak itxita egon dira eta ezin izan dute denboraldiko produkturik saldu. Ireki eta behereala merkealdia hasten bada, ez lukete denboraldia salbatzerik izango".

Merkealdia egiteko debekuak, ordea, tamaina guztietako saltokiei eragin beharko liekeela uste du Rodriguezek, "txikiei zein handiei, saltoki fisikoei zein Interneteko plataformei". Bestela, "beste behin ere, kaltetuenak herriko denda txikiak izango dira, ez dutelako baliabiderik eta gaitasunik plataforma handiei aurre egiteko".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide