Tta-kun areto futbol taldea Gipuzkoako Bigarren Mailara igo da

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 13a, 13:19

Taldearen historiako lehen denboraldian Hirugarren Mailatik Bigarren Mailara igotzea lortu dute.

Tta-kun areto futbol taldea Gipuzkoako Bigarren Mailako taldea da. Gipuzkoako Areto Futboleko Batzordearen zuzendaritzak maiatzaren 8an amaitutzat eman zuen 2019-2020 denboraldia. Jaitsierak ekidin eta txapelketen oinarrietan jasota dauden maila igoerak errespetatu dituzte. 

Hori horrela, Azkoitiko areto futbol taldeak mailaz igotzea lortu du talderen ibilbideko lehen denboraldian. Taldekideak gustura agertu dira igoeragatik. Sailkapenean 34 punturekin ziren azkoitiarrak, hirugarren postuan. Bigarren sailkatua puntu bat gehiagorekin zegoen —35 puntu—, baina jokatuta ere partida bat gehiago zuen. Hori horrela, lehen hiru sailkatuek lortu dute igoera.

Igoeren erabakiak eta 2020-2021 denboraldiaren egitura zein konposaketa Kluben Batzar Orokorrean onetsi beharko dituzte. Bien bitartean, Tta-kuneko kideek barruko arropa beltzak eta arrosak balkoietan zintzilikatzeko deia egin dute, bi kolore horiek baitira taldeak lehiatzeko erabiltzen dituenak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide