Azkoitiko Udalak 1,7 milioi euro gutxiago jasoko ditu aldundiaren Udal Finantzaketarako Foru Funtsetik

COVID-19aren eraginez, zergetatik diru gutxiago bilduko du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Ondorioz, %20 gutxiago bideratuko du udalak finantzatzera. Eskualdeko udalek, orotara, aurreikusitakoa baino 11 milioi euro gutxiago jasoko dituzte funts horretatik.

COVID-19ak zerga bilketan ere eragina izango du. Gipuzkoako Foru Aldundiak iaz baino %20-25 gutxiago jasotzea aurreikusten du, eta ondorioz, %20 murriztuko du Udal Finantzaketarako Foru Funtsa. Horrek esan nahi du, aurreikusitakoa baino 107 milioi euro gutxiago bideratuko dituela udalak finantzarera. Garrantzi handiko erabakia da, bereziki udalerririk txikienenentzat, diru sarreren %60 inguru funts horretatik lortzen dituztelako. Ondorioak, ordea, udal guztiek antzemango dituzte, euren aurrekontuak berraztertu beharko dituztelako. Azkoitiko Udalak aurreikusitakoa baino 1,7 milioi euro gutxiago jasoko ditu funts horretatik, eta eskualdeko udalek aurreikusitakoa baino 11 milioi euro gutxiago jasoko dituzte.

Eider Mendoza aldundiko bozeramaileak atzo azaldu zuenez, Gipuzkoako ogasunak iaz baino 1.000 milioi euro gutxiago biltzea aurreikusten du aurten. Udalen kasuan, funts hori 536 milioi eurokoa izatea aurreikusi zuen iazko udazkenean; orain, 429 milioi eurokoa izango da. Udalerriei egingo zaizkien hurrengo hiru ordainketetan aplikatuko zaie murrizketa.

Mendozaren esanetan, diru bilketa txikitzeak aldundia behartu egin du 200 milioiko murrizketa egitera: 115 milioi "doitu" dituzte jada, "baliabide propioekin, soberakinekin eta instituzioak lehendik zuen zorra berrituz": eta gainerako 85 milioiak, "gastuak murriztuz". "Orain, udalen txanda" dela azpimarratu zuen. Horren harira, adierazi zuen aldundiarentzat politika sozialak eta ekonomikoak "lehentasunezkoak" izango direla aurrerantzean ere.

Udalei begira, asteartean onartutako foru dekretu-arauan, aldundiak beste bi neurri gehigarri sartu ditu: kreditu gehigarriak onartzeko prozesua "sinplifikatu eta arinduko" du, eta udalek hobari fiskalak izango dituzte, "osasun krisiak bereziki kalte egindako kolektiboentzako salbuespenezko laguntzetarako".

Mendozaren esanetan, udal ordezkariak izan ziren aldundiaren aurreikuspenen berri izan zuten lehenak, eta iragarri du ostiralean Finantzen Lurralde Kontseilu berezia egingo dutela, horren inguruan dituzten zalantzak eta kezkak argitzeko.

Udalen funtsaren likidazioa otsailean egin ohi da: positiboa den kasuetan, udalek aparteko diru sail bat jasotzen dute, eta, negatiboa bada, baliabideak itzuli behar dituzte. Hala, aurten 11 milioiko aparteko diru sail bat jaso zuten, iazko funtsaren likidazio positiboagatik.

Egoera ikusita, eta diru bilketa %20-25 jaitsiko dela aurreikusita, Mendozak adierazi du ez duela zentzurik indarrean dagoen eskemari eusteak. "Hori hala balitz, 2021eko otsailean udalek 100 milioi euro baino gehiago itzuli beharko lituzkete bat-batean".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide